Lurrik Gabekoen Mugimenduak (MST portugesezko siglatan) 2005eko ekainean agiri mikatz batean epaitu zuen Langileen Alderdiak (PT) Brasilgo Gobernuaren agintean darabilen politika: «Gaur egun agintean daukaguna ez da 2002an hautatu genuen hura. Ez daukagu ez ezkerreko eta ez zentro-ezkerreko gobernurik, zentrokoa baizik, eta eskuinak kontrolatzen du bere politika ekonomikoa». Lularen buruhausteak ez dira, ageri denez, urteotako ustelkeria arazo zalapartatsuekin hasi. Eta lau urtez lehendakari izatearen abantailaz abiatu den arren, hauteskundeen lasterketa luzean espero baino oztopo gehiago aurkitu ditu gainditzeko.
Brasilgo hauteskundeotako lehen emaitzak epaitzeko idatzi diren kronika ugarien artean, bi behatzaile interesgarrirenak merezi du aipatzea. Raul Zibechi Uruguaiko Brecha astekariko idazlea da. Zibechiren ustez Brasilgo hauteskundeotako lehen itzuliaren emaitza nabarmenena da bigarrenean irabazteko moduan kokatu dela Geraldo Alckmin eskuindarra, %41 botoz goiti bildu dituelako. Bertako oligarkiaren babesaz gain, Alckminek ia prentsa guztiaren laguntza eduki omen du. Lau familiarenak dira Brasilgo komunikabide nagusiak, eta hauek Venezuelan edo Mexikon jokatzen duten bezain sutsu jokatu dute hemen ere hautagai neoliberalaren alde.
Baina Zibechirentzako inportanteagoak dira Lularen mugimenduaren beraren ahuleziak. Batetik, ezkerreko posizioak utzi eta politika ekonomikoa antolatzerakoan PTk «aurpegi gizatiarra» duen eredu liberaletik jo duela. Eta bestetik, ustelkeria. PTko militante eta buruzagiek oposizioko politikariak nola erosten dituzten erakutsi dute komunikabideek, Lularen irudia oso zikinduz. Ondorioz dimisioak egon dira, eta gobernuak aitortu ditu hutsegite horiek. Baina Zibechirentzako «hamarka diputatu sobornatzea ez da oker bat, politika bat da. (...) Sindikatuetako buruzagiek azken hogei urteotan finantzetako kapitalarekin harreman estuak lotu dituzte, enpresarioekin eta Estatuarekin pentsio fondoen gestioan parte hartuz; horiek baitira gaur kapitala pilatzeko dauden mekanismorik bortitzenak».
Zibechik egin du PTk hauteskundeotan jasandako atzerakadaren balantzea: 8 diputatu galdu; Sao Paulo, Minas Gerais eta Rio de Janeiro estatu gotorretan galdu; gobernuarekin lotuta dauden alderdi guztien artean 26 diputatu galdu, ondorengo gobernatzeko ahalmena ahulduz... Ondorioak ateratzen hasita, idazle hau ados dator Leonardo Boff teologo aurrerazaleak esandakoarekin, alegia Lularena «aukera alferrik galdua» izan dela, bai brasildarrentzako eta bai Latinoamerikatik AEBei aurre egin nahi dietenentzako. Zibechi pesimistak dio azken lerroetan: «Itxura batera gutxi izango da, baina eskuin-eskuinak irabazten badu, Lularen gobernu erdipurdikoaren mira izango dugu».
Brasilgo aktualitate politikoa oso hurbiletik segitzen duen beste ikerlari bat Emir Sader da. Rio de Janeiroko unibertsitateko irakasle hau ere kezkatuta agertu da Gerardo Alckmin eskuindarrak irabazi eta bere agintepean Brasil berriro Washingtonen morroi izatera bihurtzearekin. «Brasildarrak ez dira ohartzen beren hautaketak izango duen garrantziaz. Barruko polarizazioak, hautagaien irudiak, Lularen gobernuak eragin duen despolitizazioak eta eskuineko komunikabideen ofentsiba krudelak eraman ditu herritarrak arduragabekeria horretara».
Baina Emir Saderren aburuz, Lularen agintaldiak berekin darama estrukturazko ahuldadea: eredu neoliberaletik atera ez izana. «Gutxi egin du aurrera laborantza-erreforman, osasun publiko politika nabarmenik ez du eduki, transgenikoak sustatu ditu, irrati komunitarioak zanpatu egin ditu horiei bultzada eman ordez...». Emir Saderrek Lularen eskuineratzeaz luzeago idatzi zuen iaz
Le Monde Diplomatique hilabetekarian. Hartan azaldu zuen zelako etena gertatzen ari zen PTren gobernuaren eta mugimendu sozialen artean.
Pasadizo batez argitu du Saderrek Lula da Silvaren bilakaera. Agintea hartu eta laster, 2003ko urtarrilean, Da Silva Munduko Foroan azaldu zen estraina eta handik laster Davoseko Ekonomia Foroan. Batzuek interpretatu zuten horrela lehendakariak erakunde guztietan egon nahi zuela, pobreziaren eta gosearen kontrako bere helburuak lortzeko. «2002an -dio Saderrek- bere aldeko sutsuen aurrean Lulak aldarrikatu zuen Foro Soziala izan zela munduko gizarte zibilak gizadiaren historia politiko osoan egindako gertakizun nagusia, baina gero agintean ez du Foro Sozialaren proposamen bakar bat hartu kontuan: ez kapital finantzieroaren arautzea, ez kanpo zorraren ordainketa etetea, ez ingurunea babestea, ez transgenikoen kontrako borroka, eta ez Porto Alegren onartutako proposamen bakar bat ere».
Aitortzen du Saderrek eskuak lotuta zeuzkala neurri batean Da Silvak bestelako politika ekonomiko bat egiteko, aurreko agintariek hartuta zeuzkaten konpromisoengatik. Baina bere aldetik Lulak bere gobernurako eta beste aginte guneetarako ekonomista liberalak aukeratu zituen -batzuk aurreko agintariekin jardundakoak gainera- eta ez PTko ekonomialariak. Kudeatzaile liberal horiek egin dute legea urteotan, interes tasak oso goian edukiz, Nazioarteko Moneta Funtsak eta Munduko Bankuak gomendatu moduan Estatuaren aurrekontuetan nola edo hala superabita lortzen ahaleginduz, jubilazio programak aldatu eta gogortuz...
Saderren ustez, Tony Blairrek aldarrikatutako Hirugarren Bide famatutik dabil Lula da Silva, eta dena sakrifikatu du atzerriko inbertsioak Brasila ekartzeagatik. Horren ondorioz, sindikatuekin gorabehera handiak izan ditu PTren gobernuak eta nekazaritzan bestelako eredu bat eraikitzea aldarrikatzen duen MSTrekin ere bai. Ezkerretik laguntzaileak galdu ditu, eta erdi mailako herritarrak haserre dauzka bere politika monetaristarekin ekonomia berotzen hasten ez delako. Azkenik, mundu aberatsagoan mugimendu ezkertiarrei gertatzen zaien bezala, Brasilgoak ere militanteen sugarra galdu du: gero eta militante gutxiago, gero eta gehiago hauteskunde kanpainak profesionalen eta publizitate agentzien esku utzita.
Urriaren 29an, ondo bidean, eskuina berriro agintera iristeak ikaratzen dituen herritarrak mobilizatuko dira eta Lula da Silvak irabaziko du Brasilgo lehendakaritza beste lau urtetarako. Bigarren agintaldi eta bigarren aukeran aurkituko duen egoera honela definitu zuen Lurrik Gabekoen Mugimenduaren buruzagitzak: «Krisi soziala daukagu aurrean; behartsuek ez dute biziraupenagatik baino egiten borroka, eta zenbait lekutan salbaiakeria sozialaren zantzuak ikusten dira. Krisi politikoa ere bizi dugu: herritarrek ez dute beren burua ikusten ordezkapen sistema honetan, ez daukate aginte politikorik eta ezin dute egia bihurtu Konstituzio federalak dioena, alegia aginte osoa herriarengan datzala. Herritarrek politikariak gorrotatzen dituzte eta denak zorro berean sartzen dituzte. Horrek guztiak krisi ideologikoa dakar, gure herriarentzako proiektuari buruzko eztabaida falta du gizarteak. Eta apatia hau bere horretan geldituko den beldur gara».
-----------------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.