argia.eus
INPRIMATU
Kudai: «Autoekoizpenaren eta copyleftaren aldeko apustua gure filosofiarekin bat dator»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a
Iluntasuna hainbat hitzetan presente dago, baita azalean ere. Metala iluntasunarekin lotuta ulertzen duzue?
Musikak eta hitzek bat egin behar dute, eta gure musika batzuetan ilun samarra denez, hitzak ere hala lantzen ditugu. Beste batzuetan hitzak ilunak dira eta musika egokitu behar zaie. Hala ere, abesti batzuek sentimendu positiboagoak dituzte.

Esango nuke iragan heavya duzuela eta 90eko lehen thrash taldeek ere gogor eragin zaituztela.
Lau lagun gara eta iragan desberdinak ditugu, baina David eta Bortx talde heavyetan (Bletz eta Hira) ibiliak dira. Laurok batez ere thrasha eta metal "modernoa" ditugu gustuko. Saiatzen gara lauroi gustatzen zaiguna egiten eta estilo ezberdinetako errekurtsoak erabiltzen.

Ahotsa oso argia da. Mezua ulertzeari garrantzia handia ematen diozue?
Hitzak ulertzen badira, jendeak errazago abestu eta gogoratuko ditu kantak. Baina mezua apur bat ezkutatzen dugu metaforak eta paralelismoak erabiliz, norberak bere interpretazioa egin dezan.

Balada bitxia egin duzue, orkestrazioak sartu dituzue, a capella abestu duzue... Nabari da disko hau "mimatu" duzuela...
Aurreko diskoaren (Hutsa) prestaketa lanetan zailtasunak izan genituen eta ez genuen izan nahi beste denbora gauzak behar bezala egiteko. Oraingoan dena ondo egiten saiatu gara eta denbora asko hartu dugu abestiak bukatu eta bakoitzari zerbait berezia emateko.

Autoekoizpenaren eta copyleftaren aldeko apustua egin duzue. Merezi izan du apustuak?
Gure filosofiarekin bat dator. Lehenengo diskoarekin ez genuen aukerarik izan. Lan handiagoa dakar, baina ez gara damutzen. Gauzak aldatzen ari dira, eta talde gehiago gara autoekoizpena aukeratu dugunok. Musika industriaren egoera dela eta, bitartekariak eta gastuak murriztu egin behar dira, eta bide alternatiboak bilatu musika ezagutarazteko.

----------------------------------------------------------------------
Arima eroslea Kudai
Autoekoizpena
Iraupena: 43'31'' 12,20 euro

Thrasha, metala eta programazioak bat eginda

Laukote honek ideiak gero eta argiago ditu, eta bere kabuz egindako bigarren lan hau asko landu du. Thrasharen, gaur egungo metalaren eta elektronikaren errekurtsoak oinarri hartuta idatzi dute. Lan trinkoa egin dute, eta diskoan aurrera egin ahala bestelako doinuak ere batzen ditu. Indarra eta erritmoa ederto batzen dituen Harresia hita; arabiar kutsuko doinuekin kontrastea eragiten duen Barruan gaude; doinu akustikoak eta heavya ezkontzen dituen Itzaltzen ari den sua balada; ekaitza eta barealdia irudimenez irudikatzen dituzten izen bereko bi kantu-sekuentziak; edota tximak molinillo gisa mugitzeko aproposa den Aingeru eroriak, esaterako. Tratu txarren, elizaren, boterearen eta barneko mamuen kontra egiten dute, eta ilargiaren aldeko aldarrikapena ere egiten dute, besteak beste.