«Herritarrek badakite badela Ararteko izeneko pertsona eta erakundea, baina askok ez daki zehatz-mehatz zertan ari garen. Oso erakunde berria da hau, tradizioa falta dugu Euskal Herrian. Uneon herritarrek erakunde honen zerbitzuak eta helburuak hobeto ezagutu ditzaten bitartekoak lantzen ari gara» adierazi digu Iñigo Lamarcak.
Administrazio publikoa ordenamendu juridikoaren arabera kontrolatzea da Arartekoaren lana. Herritarrei dagokien kalitatezko zerbitzua bermatzeko herritarren kexak aztertu eta zuzendu egiten ditu Arartekoak: «Herritarrengandik gertu egotea eta administrazioan akuilu lana egitea da gure betebeharra».
Iaz 1.559 kexa bideratu zituen Arartekoak, kexak hamalau alorretatik jaso zituen. Hona kexak nagusitzen diren alorrak: Babes ofizialeko etxebizitza, hezkuntza, funtzio publikoa -enplegatu publikoena-, gizarte prestazioak -oinarrizko errenta eta emergentziazko laguntza-, zahar egoitzak, osasuna, hirigintza publikoa, Udaltzaintza eta Ertzaintza.
Eusko Legebiltzarrean agertu zara berriki eta EAEko zerbitzu sozialen legea ez dela betetzen adierazi duzu. Azaldu iezaguzu zure zereginaren alde hau, arren.
Urteko txostenaren aurkezpenean kale gorrian bizi direnen egoera azaldu dugu. Azterketa sakon horretan hainbat gomendio eman diegu administrazioei. Diagnosian, besteak beste, 20.000 bizilagun baino gehiago duten herriek ez dutela behar bezalako zerbitzu soziala eskaintzeko bitartekorik azpimarratu dugu. Udalen zerbitzu mugatua nabarmendu dugu, bereziki.
Udal batzuek legearen irakurketa murritza egiten dutela, alegia.
Bai. Zenbait udalek errolda osatzeko oztopoak jartzen dituzte sartze eskabidea betetzeko, ordenamendu juridikoaren interpretazioa murritza egiten dute. Erroldak herrian bizi diren guztien argazkia izan behar du. Pertsona bat kale gorrian dago ez duelako etxebizitzarik eta etxebizitza izatea exijitzen badiozu errolda egiteko, nola erroldatuko da? Adibidez, udalak pertsona bat karabana batean bizi dela egiaztatzeko bitartekoak baditu, bada erroldan sartzen lagundu behar dio.
Kale gorrian daudenak, baztertuak, etorkinak begitantzen zaizkit. Hurbiltzen ote dira Arartekoarengana?
Gutxi etortzen dira, ez gutxi direlako, Arartekoaren berri ez dutelako baizik, edo beren egoera erregularizatua ez dagoenez instituzioetara jotzeko beldur direlako, salatuak eta kanporatuak izango diren beldur. Alor honetan bi gauza bereizi behar dira, batetik, etorkin gehienak lan kontraturik gabe eta bizileku baimenik gabe daudela. Legearen aurrean ez dute izate juridikorik, estatuaren eskuduntza da hori arautzea, hainbatekin egiten da baina asko dira kanpoan. Bestetik, EAEn, gure esparruan, arautua edo ez, babesa jasotzeko eskubidea daukatela defendatzen dugu. Bizilekurik ez badute ere, bizi diren udalean erroldatuta izan behar dute. Ez gara konformatzen baztertuen izapidea ahalbidetzearekin, gizarte zerbitzuen babesa izan dezaten exijitzen dugu: adingabeak eskolatzea, osasun zerbitzuen eskubidea bermatzea, beste prestazioak barne. Ararteko erakundea giza eskubidearen legearen eta arautegiaren interpretazio zabalena egitearen aldekoa da, kasuon, ordenamendu juridikoa ahalik eta zorrotzen aplikatzea etorkinak lagunduak izan daitezen.
Preso sozialak dira beste kolektibo bat: Martutene, Basauri eta Langraitzeko kartzelak bisitatu zenituen iaz. Zer inpresiorekin atera zinen?
Oso labur esanda: hiru espetxeetako instalazioak eta zerbitzuen egoera oso txarra iruditu zitzaizkidan. Preso hauek marginazioan daude, baina marginazio egoera batetik datozela kontuan hartu behar da. Normalki, espetxeko egoeraz hitz egiten da, baliabide eta ezaugarri eskasez. Horretaz gainera ordea, espetxeko populazioaren azterketa soziologikoa egin beharko litzateke eta gizarte prebentzioa landu. Prebentzioa landuko bagenu askoz gutxiago joango lirateke kartzelara.
Pertsona hauek hurbiltzen ote dira zuregana?
Bai, asko. Eskutitzen bidez, eta oso gogorrak izaten dira. Guk kexak ezin ditugu izapideratu, Estatuaren eskuduntza delako, kexak Espainiako Arartekoarengana bideratzen ditugu. Gu, gaiaren arabera, informazio eta aholkuak ematen ahalegintzen gara. Gero eta informazio gehiago izan hobe, espetxeetako giza kolektiboak egoera larriena bizi du eta: Hiesa, buruko gaixotasunak, desoreka psikologikoa...
Genero biolentzia deitua dago bestalde. Giza eskubideen urratze honi nola egin dakioke aurre? Arartekotik nola ikusten duzue egoera?
Errealitatea izugarria da, emakume askok bizia jokoan duelako, baina emakume hauek sarritan ez dute erasoa salatu nahi bikote lagunarekiko sindrome moduko bat dutelako edota salatuz gero eraso gogorragoak etorriko zaizkien beldur direlako. Ezagutzen dugun generoko biolentzia izebergaren punta baino ez da. Zaila da emakume hauek guregana hurbiltzea edo gu haiengana. Normalki epaitegian salaketa jartzen dutenek bide bat zabaltzen dute, guk jasotzen dituzten etxebizitzak antolatzen laguntzen diegu, baliabide hauek behar bezala funtzionatzen duten segimendua egiten dugu.
Baliabide horiek baino gehiago beharko ditutze hala ere.
Bai. Emakumeen aurkako biolentzia sexismoa eta matxismoa desagertu ondoren desagertuko da. Pertsonen pentsamoldea landu egin behar da, erasorik izan ez dadin prebentzio lana egin behar da, eta bien bitartean erasotzaileari dagokion zigorra aplikatu. Sexismoa eta matxismoa desagertzen ez diren bitartean emakumea gutxietsita dago eta gizon askok uste du «eskubide batzuk» dituztela emakumeak indarrez menperatzeko.
Herritarrak administrazioan eskubideen urratze salaketa bideratu ondoren, zer iritzi duzu epaitegien lanaz?
Denok dakigunez, prozedura gehiegi luzatzen da. Bitarteko gehiago behar dugu. Guk jasotzen dugun kexa asko prozedura luzeegia doala esateko da. Herritarren kexa premiazkoa da, eta urtetan luzatzen bada, ez zaio behar bezala erantzuten. Administrazioak hartutako erabakia ez da eteten, ondoren epaitegiak, prozedura judiziala burutu ondoren, herritarrari arrazoia eman diezaioke, baina epaia hutsala gera daiteke urteen poderioz. Desoreka handia dago herritarren eta administrazioaren artean, honek galtzen badu, bigarren instantzia batean helegitea jartzea dauka azken epaia irmo izan arte. Herritarraren ahalmena mugatuagoa da, ahalmen ekonomikoa besteak beste.
Bake eta normalizazio prozesua ez da zure alorrean, baina erakunde honetatik zure iritzia eman duzu. Azalduko al zeniguke berau?
Giza eskubideen eremuaz ari garela kontuan hartuta, begi-bistakoa da biktimen deskribapenean ez dagoela adostasunik gizartean, biktimen kategorian nor sartu eta nor ez erabakitzeko orduan, alegia. Inork ez du zalantzarik ETAren biktimak izendatzerakoan. Baina badira ere Estatuaren edo GALen biktimak, esaterako. Objektiboki denak biktimak dira, subjektiboki zein balorazio egiten den beste kontu bat da.
Diagnosia egitea komenigarria ikusten duzu.
Bai. Arestian aipatutako biktimaz gain, gerra zibilaren eta frankismoaren azken urtetako biktimen elkarteak sortu dira. Torturaren aurkako taldeek torturatuak biktimatzat dauzkate. Ondo da. Baina ezaugarri askoko biktimak daude eta bakoitzaren egoera aztertu behar da nahaspila izan ez dadin. Eta Arartekoak ez du alor politikoan sartzeko asmorik. Biktimen auzian adostasun handia lortzeko, giza eskubidetan oinarritutako moralitate publiko edo etika publiko berria sortu behar dela diot. Esparru hori landu ondoren, biktima mota bakoitzak bere lekua aurki dezake gizartean, errekonozimendua. Hori lortzeko aurrebaldintza etika berria sustraitzea da, eta ondorioz biolentzia oro gaitzestea. Iragana aztertu eta aurrera begiratu behar dugu gure bizitzan biolentziak lekurik ez duela argi eta garbi izan dezagun. Eskabide politiko guztiek legezkoak izan behar dute eta bakoitzak bere indarraren arabera balia dezala ziurtatu. Kostako da, baina itxaropentsua naiz, komunikazioa lantzen bada, biolentzia gaindituta, eremu politikoan dauden elkar aditu ezinak leunduko ditugu.