Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea Berrian: «Azken asteotako zenbait erreakzioren argitan bistan da, ordea, zenbaitek bere burua oso deseroso edo kokatu ezinean aurkitzen duela Eusko Jaurlaritzak egin behar duena egiten duenean. Bitartean, gizarte-ekimenaren egitekoak liratekeenak beste zenbait interesekin nahasi eta erakunde publikoekiko paraleloak diren jardunbideak eraikitzen erabiltzen dituzte indarrak».
Galder Gonzalez EHUko Ikasle Kontseiluko presidentea, Ludger Mees-en gutunari erantzunez, Berrian: «Zure argudioetan garrantzitsuena, eta horregatik nioen argudioak gure kontra etor daitezkeela, unibertsitateak eduki ditzakeen arazo ekonomikoak erabaki politikoekin konpontzen direla esatea da. Pozten nau horrelako hitzak UPVko autoritate batek sinatzea. Orain arte 'horrelakoak egiteko dirurik ez dago' esan digutenean, horrelako argudioak erabili ditugu euskaltzaleok, eta 'utopikoak' izan da esan diguten gauzarik onena (utopikoak garelako, noski!)».