argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 27a

Aiora Rentería Zea Mays taldeko kantariak Deiari esanak: «Bakoitzak bere negozioari begiratzen dio, guk gure musikari eta diskoetxeek euren beharrizanei. Negozio honen barnean, musikaria da beti azkenengo katebegia, baina eskerrak musikariak erromantikoak garen (...) Diskoetxeek gaur egun duten politika bakarra mantentzea da eta behar duten guztia egingo dute hori lortzeko: grabazio eskasak disko moduan ateratzen dira, taldeak funtzionatzen ez badute botatzen dituzte...».

Carlos Urroz eta Belen García dantzariek honakoak idatzi zituzten Diario de Noticiasen: «Badirudi jende askorentzat eta bereziki enpresa sasi-kultural askorentzat ez garela langileak. Badirudi ez dauzkagula gremio edo lantegi batean diharduten langileen eskubide berberak. Sasi-artistak eta sasi-irakasleak kontratatzen dituzte, gutxi kobratzekotan. Eta gero, noski, profesionalek gehiegi kobratzen dute. Talde profesionalak eta amateurrak zaku berean sartzen dituzte; edo zuzendariaren laguna den irakaslea eta bere artea sustatzetik 15 edo 20 urtez bizi den irakasle-artista. Profesional hitzak ez baitu esan nahi hobea ala okerragoa zarenik, zure lanetik bizi zarela baizik».

Víctor Erice zinemagileak El Paísi: «Egungo krisia, eta ez zinemarena bakarrik, hiritarrari eskaintzen zaion hezkuntza osoarena baizik, ezin da sakonean ulertu ez bada honakoa kontuan hartzen: egun artea desegiten ari da kultura jaizale eta dekoratibo batean, edo bestela esanda, entretenimenduaren kulturan».