argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 27a

Antzerki sasoia

Oihalak altxa dira dagoeneko herri ugaritan. Urriaren 12tik 22ra altxa eta jaitsi ibiliko dira behintzat Getxon, bertako antzerki jardunaldiak direla eta. Hamahiru antzezlan izango dira ikusgai Getxo antzokian eta kalean: El chico de la última fila (Ur), Zeta (Hika), Herrialde urdina (Azika)... Baionak hartuko dio lekukoa Getxori Les Translatines jaialdiarekin. Urriaren 17tik 21era izango da Chimeres antzerki taldeak antolatzen duen jaialdiaren 26. edizioa. Hamabost taldek parte hartuko dute: Matarile (Galizia), La Zaranda (Andaluzia), Kirmen Uriberen Bitartean, heldu eskutik antzerkiratu duen Tafurs (Frantzia)... Urriaren 19an abiatuko dira Pasaiako Umore Antzerki jardunaldiak. Besteak beste, Topo taldearen Ez txakur, ez otso,Txaloren Artea eta Madrilgo Sexpeareren For Sale ikusi ahal izango dira.


90 emanaldi Kultur Errotan

Euskarazko kultur emanaldiak sustatzeko sortu zuen Topagunea euskara elkarteen federazioak duela bederatzi urte Kultur Errota zirkuitua. Euskarazko kultur eskaintza aberastea, kulturgileen ekoizpena bultzatzea eta euskarazko kultura kontsumitzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Hala, formatu txikiko 90 emanaldi izango dira abendura bitarte 46 herritan: musika (Txuma Murugarren, Jone), antzerkia (Hankatxo, Gilkitxaro, Hortzmuga), ipuin kontalariak (Maite Franko, Gorringo), bertsolariak (Xabier Amuriza, Iratxe Ibarra), magia (Txan eta Eriz magoak)... Aurtengoan, gainera, eskualde zirkuituak osatu dituzte Iruñerrian, Durangaldean eta Urolan, bertako elkarteek atonduta.


Euskadi Literatura sarietarako finalistak hautatu dituzte

Epaimahaiak aukeratu ditu jada zein diren aurtengo Euskadi Literatura sarietarako finalistak. Euskarazko literatura atalean, ipuinak, poesia eta saiakerak hautatu dituzte: Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr Churchill?, Iban Zalduaren Etorkizuna: hamabost ipuin ia politiko, Karlos Linazasororen Denbora aleak, Xabier Montoiaren Bingo eta Pruden Gartziaren Lazarraga Ernazimendua euskaraz. Literatur itzulpengintza atalerako, Danilo Kisen Hildakoen entziklopedia (Monika Etxebarria), Denis Guedjen Loroaren teorema (Jon Muñoz), Raymond Queaneauren Estilo ariketak (Xabier Olarra), Gianni Celatiren Denak hasperenka (Pello Lizarralde) eta Paradisuko almanaka (Fernando Rey) sailkatu dira. Honakoak nabarmendu dira haur eta gazte literaturan: Mariasun Landa (Haginak eta hilobiak), Manu López Gaseni (Gogoa lege), Patxi Zubizarreta (Pantaleon badoa eta Urrezko giltza). Gaztelaniazko atalean hauexek dira sailkatuak: Jon Agiriano (La noche vencedora), José Fernández de la Sota (Suerte de perro y otras historias), Javier de Dios López (Comida para peces), Miguel Sánchez-Ostiz (El piloto de la muerte) eta Pedro ugarte (Mañana será otro día). Sariak azaroaren 28an banatuko dira.


Zinema soziala ikusgai Araban

Urrian eta azaroan Kubako egoera bertatik bertara, protagonisten begietatik eta hitzetik ezagutzeko parada izango da Hegoa bere irudiaren protagonista zinema sozial jardunaldietan. Mugarik Gabe eta Euskadi-Kuba erakundeen eskutik Kubari buruzko dokumentalak eta hitzaldiak izango dira Agurain, Amurrio, Araia eta Burgelun. Besteak beste, Sueño de mujeres, Sexualidad un derecho a la vida eta José Manuel: la mula y el televisor dokumentalak emango dituzte.


Poesia Astea Bilbon

Bertako nahiz munduko hainbat txokotako poesiaz gozatzeko aukera izango da Bilbon, hilaren 16tik 22ra. Egitarau oparoa prestatu dute: Gabriel Aresti gogoratuko dute Mugaldekoak poesia eta musika emanaldiarekin; Magrebeko Amel Moussa, Jamila Al Majri eta Hayet Raies poetek parte hartuko dute; Juan Kruz Igerabidek Mailu isila errezitaldia eskainiko du, alaba Oihane harparekin lagun duela eta poesia zeltari eskainitako egunean Alan Jamieson eskozesa eta Xuan Bello asturiarra izango dira.


Burdinari eskainitako jardunaldiak

Burdinaren kultura herritarrei hurbiltzea dute asmo Burdinaren paisaiak jardunaldiek. Urriaren 15a bitarte 47 ekintza izango dira Bizkaiko hogeita sei herritan: antzinako meatze eta burdinoletara bisitak nahiz ibilbideak industri ondare aberatseko inguruneetara. Portugalete eta Getxo lotzen dituen Bizkaiko Zubia -uztailean Gizateriaren Ondare izendatu zuten- eta Muskizeko Pobaleko burdinola izango dira gune nagusiak. Halaber, Bilboko itsasadarrak burdinaren ustiapenarekin izandako lotura ezagutzeko parada izango da Ibaizabal ibaian antolatu dituzten ibilaldietan.