Elizabeth Bravo: «Bioaniztasuna merkantzia bihurtu da»


2021eko uztailaren 27an
Orain gutxi irakurri dut bioaniztasuna eta herrien eskubideak guztiz lotuak daudela...
Nik, batez ere, Ekuador eta antzeko herriez hitz egin dezaket. Han, giza-taldeak landan bizi dira gehiago, nekazariak dira, arrantzaleak... Euren ingurunea ezinbestekoa dute bizirauteko. Eta bioaniztasuna hori da: haziak, landareak, lurraldea. Beraz, bioaniztasuna erabat lotuta dago herrien eskubideekin.

Badago, egon, bioaniztasunari buruzko nazioarteko hitzarmen bat. Ez dakit herrialde askok ala gutxik izenpetu duten...
Askok.

Baita nazioartean garrantzi gehien dutenek ere? Edo honetan ere, AEB kanpo dago?
AEB ez da hitzarmen horretako kidea, jakina. Eta badago besteren bat kanpo, tartean petrolio asko daukan baten bat. Baina Europar Batasuna bada kidea.

Hala ere, sarritan esaten denez, hitzarmena sinatu bai, baina bete egiten da?
Hitzarmen horrek, sinatu zenean, bioaniztasuna kontserbatzea, erabilpen iraunkorra sustatzea eta mozkinak banatzea zuen helburu. Niretzat "erabilpen iraunkorrak" zera esan nahi du: herriak bioaniztasunari esker bizi direla, eta beraz haien eskubideak lotuta daudela bioaniztasuna kontserbatzearekin. Baina zer gertatu da urteotan? Bada, bioaniztasuna osatzen duten elementuak merkantzia bihurtu direla, sal eta eros daitekeen zerbait. Bioaniztasuna daukanak salgaia dauka. Eta hitzarmenaren helburuak lortzeko modurik onena, itxuraz, merkatu horri eustea da. Bioaniztasuna pribatizatu nahi dute, azken batean. Hitzarmenak gene, espezie eta ekosistematan sailkatzen du bioaniztasuna. Eta geneak pribatizatzen ari dira. Farmazia-enpresek, elikagai-enpresek... landareen printzipio aktiboak bilatzen dituzte bioaniztasun oparoa daukaten herrialdeetan. Eta bioaniztasun hori betidaniko ezagupideekin lotuta dago. Alegia, jendeak badaki landareok nola erabili, eta hortik abiatuta, enpresek printzipio aktibo berriak sortzen dituzte, farmazia-industriarako oso baliagarriak esaterako. Enpresa horiek, estatuekin akordioa egin eta gero, bioaniztasuna eurenganatzen dute diru kopuru baten truke. Baita patentatu ere.

Itxuraz behintzat, sinesgaitza da halako zerbait patentatu ahal izatea...
Debekatuta egon beharko litzateke. Biopirateria esaten zaio horri. Vía Campesinak, Euskal Herrian ere badagoen erakundeak, zera dio: bioaniztasuna, eta haziak batez ere, gizateria osoaren ondarea direla, eta herrien mesederako erabili beharko liratekeela. Hori patenteen guztiz kontra doa.

Haziak ere patentatzen dira, orduan...
Europan bai, Ekuadorren oraindik ez. Europako legediak ahalbidetu egiten du hori, nahiz eta zenbait erakundek borroka gogorra egin zuten hala gerta ez zedin. Eta negozio handia da. Kapital itzelak daude hor sartuta, oso enpresa indartsuak ari dira horretan. Haziak patentatzen dituzte, haien monopolioa eskuratuz. Europako legedi batzuek, Alemaniakoak berbarako, debekatu egiten dute erregistratu gabeko haziak ereitea. Kontua da hainbat baldintza bete behar dela hazi bat erregistratu ahal izateko. Adibidez, hazi berria aurrekoa baino hobea dela frogatu behar da, eta hobea diogunean emankorrago esan nahi dugu. Modu horretan, bioaniztasunaren oinarrizko kontzeptuak galtzen dira. Ekuadorren eta Hirugarren Munduko beste herrialde batzutan nekazaritzaren oinarria bioaniztasuna da, alegia, hazi desberdinak izatea. Lehortea dela? Badago horri aurre egiteko gauza den hazi bat. Izotza dela? Badago hori jasan dezakeen hazirik...

Orduan, aipatu duzun patente-sistema horrek zer ondorio dakarkio nekazariari? Dagoeneko ezin ditu erabili, beti erabili dituen haziak?
Ez. Hara: badira hazi-legeak eta patente-legeak. Legedi biak ezarrita, nekazariek ezin dute hazirik saldu, legearen aurkakoa da hori. Hainbat baldintza bete behar da, eta horietako bat egonkortasuna da. Hau da, zuk ereiten dituzun hazi guztiak berdin-berdinak izan behar dira. Horrek bioaniztasuna hondatzen du. Bestetik, ezin da hazirik gorde, Europako legedien arabera behinik behin. Hau da, uzta osoa saldu behar da; lehen berriz, nekazariek hazi batzuk gordetzen zituzten hurrengo urtean ereiteko. Eta Hego Amerikako legediek oraindik uzten dute hala egiten, baina AEB indar handia egiten ari da hori aldatzeko. Ertamerikako herrialde askotan lortu egin du dagoeneko.

Zu elikagai transgenikoetan aditua zara, eta gai hori guztiz lotuta dago esaten ari garen honekin, ezta?
Bai noski. Transgenikoak existitzeko arrazoia hazien jabetza intelektuala existitzea da; hazi transgeniko guztiak patentatuta daude. Asmakizunak dira, edo asmakizuntzat jotzen dira, berez ez dira eta. Gainera, oso elikagai ez-egonkorrak direnez, etengabe sortzen dira mota berriak, eta sortu ahala patentatu. Patenteek hogei urte irauten dute, eta epe hori igaro ostean jabetza publiko bihurtzen dira; edonork erabil dezake patentea. Baina hazi transgenikoak, nekazarienak ez bezala, iraungi egiten dira. Hasierako ezaugarriak galtzen dituzte, eta horregatik etengabe sortzen dira berriak.

Beraz, beti daude patentatuta eta enpresek dirutza izugarriak irabazten dituzte.

Bestalde, jabego intelektuala eta transgenikoak hertsiki lotuta daude, pakete modura baitatoz. Konparazio baterako, soja transgenikoak glifosato izeneko herbizida bat jasan dezake. Herbizida horrek Round Up dauka izen komertziala, eta Monsanto enpresak ekoizten du. Soja transgeniko haziaren patentea daukan enpresa berak, hain zuzen ere. Irabazi izugarriak lortzen dituzte, nekazariek biak erosten dituztelako: hazia eta glifosatoa. Izan ere, Monsantok askoz gehiago irabazten du herbizida salduz haziak salduz baino. Munduan gosea saihesteko egiten omen dira transgenikoak, baina izatez enpresen irabaziak handitzeko egiten dira. Hala, Hego Amerikan izugarri zabaldu da soja transgeniko laborantza; Argentinan, diotenez, soja guztiaren %98 inguru da transgenikoa. Gainera, beste labore batzuen lekua hartu du, eta 17 milioi hektarea betetzen ditu dagoeneko. Eta Argentina ez da munduko transgeniko ekoizlerik handiena. AEB da.

«Konturatu egin dira transgeneak ugaztun zeluletan sar daitezkeela, ezin gerta zitekeela esaten zen arren. Horrek ondorio larriak izan ditzake»
Zer dira transgenikoak?
Zenbait teknikaren bidez genetikoki eraldatu diren organismoak. Nekazariek beti egin izan dituzte esperimentuak: sagarra eta madaria elkartu, edo limoia eta laranja. Baina horiek "senideak" dira. Transgenikoetan aldiz, elkarrekiko inongo harremanik ez daukaten izaki bizidunen informazioa trukatzen da.

Esaterako?
Arto transgenikoa, bakteria batzuen geneak dituena. Eta bakoitza erreinu desberdin batekoa da. Bakteria horiek zoruan egiten dira, eta intsektuen liseri-aparatua suntsitzen duten toxinak ekoizten dituzte. Helburua intsektuek artoa ez jatea da, noski.

Eta ondo dakigu zer ondorio izan dezakeen horrek gure osasunean?
Bada ikerketarik, oso gutxi, ondorio kaltegarriei buruz. Bioteknologia arin baino arinago garatzen ari da, ez beti onerako; hala, nikotinarik gabeko tabakoa, kafeinarik gabeko kafea... ikus ditzakegu gaur egun. Baina biosegurtasuna ez dago batere garatuta oraindik. Ez dago hori finantzatuko duenik. Eta izan diren ahalegin bakanek kritika latzak jaso dituzte enpresen soldatapeko zientzialariengandik. Ingalaterran, kasu baterako, azterketa bat egin zen arratoiak erabiliz; patata transgenikoak eman zizkieten jateko, eta heste meharrean gaitz batzuk agertzen zirela ikusi zuten. Lan horren emaitzak aldizkari batean argitaratu zituzten, eta zalaparta itzela sortu zen. Zerbait argitaratzen den bezain laster, erreakzio bortitza izaten da. Berkeleyko unibertsitateko beste zientzialari mexikar batek arto laginak hartu zituen Mexiko hegoaldean. Han debekatuta dago arto transgenikoa, baina hala ere zientzialari hark kutsadura genetikoa aurkitu zuen landareotan. Eta gauza bera gertatu zen: aldizkari espezializatu batean argitaratu zuen topatutakoa, eta berehala hogei artikulu kaleratu ziren, bere lanaren balioa ukatuz.

Kontua da ikerketa batzuek agerian uzten dutela osasunari egiten zaion kaltea. Arazo nagusia finantzaketarik eza da; ez dago halako ikerketak buru-belarri egiten dituen erakunderik, Norvegiako institutu bat izan ezik. Haiek hainbat ikerketa interesgarri hasi dituzte transgenikoen eraginari buruz. Berbarako, konturatu egin dira transgeneak ugaztun zeluletan sar daitezkeela, ezin gerta zitekeela esaten zen arren. Horrek ondorio larriak izan ditzake.

Badakigu zer jaten dugun, transgenikoa izan ala ez?
Hemen ez. Euskadi, ustez, transgenikorik gabeko lurraldea da, baina hori izendapen hutsa da. Erabat betetzen da? Hemen jendeak oilasko ugari jaten du, esaterako; guztiz seguru daude oilaskoa ez dela transgenikoa? Hau da, ez dutela elikagai transgenikoz hazi?


Azkenak
2025-02-24 | Behe Banda
barra warroak
Arma, tiro, pun

Lau mila karaktere ditut kontatu behar dudana kontatzeko. Esan behar ditut gauzak argi, zehatz, soil, eta ahalko banu polit, elegante, egoki. Baga, biga, higa. Milimetrikoki neurtu beharra dut, erregelaz markatu agitazioa non amaitzen den eta propaganda non hasi. Literarioki,... [+]


2025-02-24 | Sustatu
Euskorpus proiektuak hautsak harrotu ditu

Euskorpora elkartearen eta Euskorpus proiektuaren abiatzeak hautsak harrotu ditu. Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko oposizio buruak Euskorpusena akatsa dela uste du, "ezjakintasuna edo estrategia klientelarra". EH Bilduk galdera sorta egin du... [+]


Mezu argia helarazi diete: Errenteria-Oreretan ez duela faxismoak lekurik

LGTBIQ+ banderaren itzalpean eta mezu eta doinu antifaxistez inguratuta jarri du karpa Voxek.


Diario de Noticias de Álava egunkariko langileen salaketa
“Adimen artifiziala horrela erabiltzea kazetaritzari eta irakurleari iruzur egitea da”

Diario de Noticias de Álava (DNA) egunkariko langileak sinadura greban daude, eta aspaldi ari dira beren lan baldintza “miserableak” eta horiek kazetaritzaren kalitatean duen eragina salatzen. 2013tik soldatak izoztuta dituzte, eta ordutik erosahalmenaren %30... [+]


2025-02-24 | Estitxu Eizagirre
Ziminttere
Sukaldea emakumeen jakintzak partekatzeko botere eta plazer espazio denean

Emakume bakoitzaren errelatotik abiatuta, lurrari eta elikadurari buruzko jakituria kolektibizatu eta sukaldeko iruditegia irauli nahi ditu Ziminttere proiektuak, mahai baten bueltan, sukaldean bertan eta elikagaiak eskutan darabiltzaten bitartean.


2025-02-24 | Jakoba Errekondo
Abarkak astintzen zituen

Ibon galdezka etorri zait Bizibaratzea.eus webguneko kontsultategira. Uda aurre horretan artoa (Zea mays) eta baba gorria (Phaseolus vulgaris) erein nahi ditu. “Arto” hitza grekotik dator eta oinarrizko jakia esan nahi du, artoa = ogia; arto edo panizo edo mileka... [+]


2025-02-24 | Iñaki Sanz-Azkue
Apo pikart europarra
Gaueko kantari bakartia

Nekazal eremu lehor baten erdian ageri da putzua. Txikia da tamainaz, eta ez oso sakona. Egunak dira euririk egiten ez duela, baina oasi txiki honek oraindik ere aurretik bildutako urari eusten dio. Gauak eremua irentsi du eta isiltasunaren erdian kantu bakarti bat entzun da... [+]


Udaberrian loratzen ausartzen naiz

Zuhaitza esnatzear dago, kimuak ageri dira adarretan. Gutxi falta da loraldirako, laster aro berria hasiko du, indarberrituta.


Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eguneraketa berriak daude