argia.eus
INPRIMATU
Bakarrik
Castillo Suárez @casti_suarez 2007ko otsailaren 21a
Egunero bezala jaiki zara, ez lehenago ez beranduago. Gosaltzera jaitsi zara beheko tabernara, eta tabernariak ez dizu galdetu zer nahi duzun, egunero hartzen baituzu gauza bera: kafe amerikarra, oso beroa, eta basoan. Diru justua utzi duzu barran joan zarenean. Berriro igo zara etxera, han utzia baituzu maleta, arropaz betea. Bizilagunarekin topatu zara, eta biak sartu zarete igogailuan, baina ez duzu batere gogorik hitzik gurutzatzeko. Egun ona opatu diozun ala ez zalantza sartu zaizu atera zarenean. Ezetz uste duzu. Ez zaizu gehiegi axola hamabost egunez ez duzulako ikusiko. Izan ere, bi ordu barru hegazkina hartuko duzu. Oporretara zoaz. Oso urrutira, inork ezagutuko ez zaituen tokira. Oporretara zoaz bakarrik egon nahi duzulako, eta zure bakardadea ezerezaz inguratu, eta, alde horretatik, bakarrik sentitu ez. Bakarrik sentitzea are makurragoa baita ondokoek behatzen bazaituzte. Bakarrik sentitzea arinagoa delako ingurukoak behatzen badituzu, eta, zu, zure herrian, ez zara horretara ausartzen.