Net Hurbil: Debekatuta dago asun-uraren apologia egitea


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Le Monde Europako egunkari nagusienetakoaren lerroburu honi erreparatu: «Jacques Chirac lehendakariari deika asuna salba dezan». Eta testuan kazetariak argitu du txiste txar bat ez dela, baizik eta teorian kontsumoa eta konkurrentzia zaintzen dituen erakunde batek debekatu egin diola Purin d'Ortie et Compagnie (Asunen eta bestelakoen zukua) liburuaren egileari gai honetaz hitzaldi eta ikastaroak ematea.

Askok «osin-ura» eta beste batzuek «asun-jusa» deitzen dutena, asunak uretan edukita egiten den zukua alegia, betidanik ezagutu da baratzean ongarri eta xomorroetatik babesteko teknika natural gisa. Jartzen dituzu osinak edo asunak uretan, zortzi egunetan eduki, iragazi eta burdinazkoa ez den ontzi batean gorde, behar duzunean uretan %10ean edo %5ean nahastuta erregaiatze lanetan erabiltzeko. Landaretan jakitun direnek asun-zukuaren mila bertute kantatuko dizkizute, baina saltsa mirakuluzko horrek -daukan kirats mortalaz gain- badu bekatu bat berekin: ez dago zertifikatuta landareentzako erremediotzat. Bekatu oso larria.

Dena, baita euskararekiko atxikimendua ere, arautu eta zertifikatzea derrigorrezkoa bihurtu duen mundu honetan, elikaduraren katea kontrolatzen duten multinazionalen jabe izan nahia asun-zukua debekatzeraino iritsi da. Eta Frantzian uda honetan gertatu den anekdota -inork geldiarazten ez badu ohiturazko debeku bihur daitekeena- globalizazioak elikaduran nola funtzionatzen duen haurrei esplikatzeko adibide gardena izan daiteke.

Nekazaritza biologikoan erabiltzeko asun-zukua ekoiztu eta merkaturatzen zuen enpresa txiki bakanetakoa 2002. urtean itxiarazi egin zuten Frantzian. Produktu zertifikatu eta katalogatuak baino ezin saldu daitezkeelako, orain zuk ezin duzu ongarri natural hori aurkitu Frantziako komertzioetan. Baina uztail honen 1ean Parisko Gobernuak urrats bat egin du haratago: ez bakarrik saltzea, homologatu gabeko produktuak nola egin eta zertarako balio duten publikoki erakustea ere debekatzen duen araua plazaratu du. Hona legea hausten duenari ezar dakiokeen zigorra: bi urteko espetxealdia eta 75.000 euro arteko isuna. Biologikoan ari diren laborari batzuk eta ekologistak kexu dira; izan ere, nola debekatu daiteke milaka urtez gizakiak erabili dituen teknika naturalez publikoan hitz egitea? Erokeria zirudien, baina...

Purin d'Ortie et Compagnie liburuaren bi egiletako bat, Eric Petiot, erremedio naturalez ikastaroa eskaintzen ari zen uda honetan, eta funtzionario batzuk azaldu zitzaizkion etxean. Direction Generale de la Concurrence, de la Consomation et de la Repression des Fraudes (DGCCRF) izen ponpoxoa duen erakundekoak ziren. Ikastarorako prestatutako materialak, ikasleen fitxategi digitalizatua eta beste zenbait tresna kendu zizkioten, gainera agindu zorrotza emanez: ezin dituela bere ikasleak basora eraman hitzaldietan aipatzen dituen erremedioak fabrikatzeko landareak biltzera. Frantzian ezaguna den Petioten alde abiatu da kanpaina, baina konponketa zail dago: legea lege da. Eta gainera, aurretik igo den zurubi luze bateko maila bat baino ez da.


Nola zertifikatzen da azeri-buztana?

Asun-zukuarena elikadura eta farmaziako multinazionalek antolatu duten saltsa orokor baten zipriztin txiki bat da. Farmaziaren alorrean, aipatu dugun asunarena bezalako kasuak oso ugariak dira. Frantzian bertan, azeri-buztana izeneko belarra (Equisetum Arvense) bildu eta poltsatan komertzializatzen zuten 15 nekazariri 2005ean 5.000 euroko isuna ezarri zioten... farmaziatik kanpo saltzeagatik! Urte luzez irri egin diete farma-industriak eta farmaziek landarezko erremedio horiei, eta orain horien salmentaren esklusibotasuna nahi dute beren monopolioan.

Elikaduraren industrian, askotan aipatzen den eta gutxiegi ezagutzen den hazien borroka sekulakoa da gaur egun. Enpresa handiek -multinazionalek, baina baita haien mende hazien komertzializazioan ari diren nekazarien kooperatiba handiek ere- aspaldi lortu zuten debekatzea zertifikatu eta homologatu gabeko hazi guztien salmenta. Mugimendu txiki bat bada ahal duena egiten duena antzinako haziak bizirik atxikitzeko, baina horiei bioaniztasunari eusteko egiten duten ahalegina saritu ordez, usadiozko hazien trukerako elkarteen bidea utzi zaie bizirik irauteko ataka bakartzat.

Purin d'Ortie et Compagnie liburuaren beste egileari, Bernard Bertrand nekazari eta idazleari, Univers-Nature web gunean galdetu diote ea zer gertatzen den homologazioarekin. «Arazoa da produktuok ez daudela homologatuta, eta gure ustez homologagarriak ere ez dira gaurkoz, zeren eta homologazioak kontrolatzen dituen batzordea osatuta baitago sintesizko produktu kimikoak ekoizten dituztenez. Gurea bezalako produktuak egiten dituztenek egon beharko lukete bertan, eta kontsumitzaile elkarteek ere bai. (...) Astakeria da gertatzen dena gaur antzinatik baratzeetan erabili diren produktu herrikoi horiekin. Herritarron memoria diren jakintzak transmititzea bera eragozten zaigu. (...) Adibidez, kazetari batek gaurko legearekin ezin du ezkiz egindako tisana baten errezeta erakutsi edo esan kaleetako belarrak galtzeko nahikoa dela ur beroa erabiltzea.»

Total, gaur baratze biologikoa lantzen duen herritar baten jakintza eta produktuak homologatu gabe daude; eta aldiz, behin eta berriro azaltzen dira akats larriak ongarri eta pestizida oso homologatu eta famatuen artean, batzuk komertziotik atera behar izateraino. Edozein baratzezain burugabek nahieran erabil dezake Rondup bezalako herbizida hilgarria, inguruko lur eta urak kutsatuz, eta hori komertzio guztietan dago salgai, gehienetan saltzaileek ere ez dakitelarik zein diren erabiltzeko baldintzak. Baina produktu horrek guztiz bete du homologazio prozesu oso garestia. Nor hasiko da asun-zukua -edo berdin gure baserri bateko arto barietate bat- homologatzea kostatzen den dirua eta denbora gastatzen?

Ez dira gainera oztopo bakarrak. Hazien eta asun-zukua bezalako produktuen zertifikazioek neurri eta ezaugarri estandarrak eskatzen dituzte, konpainia handien ekoizpenek oso ondo betetzen dituztenak -arto ale berdin-berdinak ematen dituzten buruak, adibidez- baina aipatzen ditugun hazi edo erremedioek osasunarentzako hobeak izan arren, eduki ezin dituztenak.

«Homologazio hau -deklaratu du Bernard Bertrandek- agintariek diote ipini dutela kontsumitzaileak babesteko, baina multinazionalak babesten ditu: multinazionalek produzitzeko eskubideak pagatzen dituzte eta horrela kutsatzeko eskubidea erosten dute, kontsumitzaileen bizkar; hauek gainera galdu dute beren baratzean produktu naturalak erabiltzeko eskubidea». Hurrengo urratsa izanen da multinazionalek asun-zukua «asmatu», homologatu eta saltzea.

Ipar Euskal Herriraino iritsi bada uhina, laster dira haizeok Hegoaldean ere. Ez bada behintzat mugimendu bereziren bat gertatzen. Horretan ari dira Asunen Lagunen Elkartekoak. Adibidez, legea betearazi behar duten funtzionarioei erreguka: «Dei egiten diegu funtzionario hauei kontzientzi eragozpena erabil dezaten arau errepresibo eta ez-legezko honen aurrean».

Irribarrez buka dezagun: Zer eskatzen du herriak? Askatu Asuna!
-------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/nethurbil helbidean gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak


Azkenak
Frantziak eta Erresuma Batuak Ukrainarako su-eten plan bat aurkeztuko diote AEBei, Trump Zelenskiri oldartu ostean Etxe Zurian

Hala iragarri du Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Londresen eginiko goi bileran. Etxe Zurian Trumpek Zelenskiren aurka egin ostean, izandako eztabaidaren aurrean, Europako buruzagiek babesa adierazi diote Ukrainako presidenteari.


Elizako sexu abusuen biktimei kalte-ordaina emango die Iruñeko Artzapezpikutzak, “laster”

Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.


Nafarroako armarri historikoaren erabilera debekatu du Castejoneko alkateak

Karbankulu pomelatua "garai batean gure bizilagun Francisco Casanova hil zutenen ideiak babesten dituztenek erabilitako ikurra" dela, adierazi du  Noelia Guerra UPNko Castejoneko alkateak, eta sinbolo "ez ofizialak" udalaren espazioetan erabiltzea... [+]


Larhunen dabilen otsoaren presentziaren “ondorio larriak” salatu ditu ELB sindikatuak

Mendizale batek asteburuan ikusi du animalia Lapurdiko Azkaine herrian, eta otsoa dela baieztatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. ELB lurraldean "harraparien presentziaren kontra" agertu da.


Pagolarren gainean eolikoak jartzearen aurkako aldarria, plazara

Elkarretaratzea egin zuen Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak atzo Laudioko Lamuza plazan, Mugagabe Trail Lasterketaren testuinguruan. 


Erabat doan izango da Hondarribian euskara ikastea

EH Bilduk sustatuta, Hondarribiako udalak euskara sustatzeko diru-laguntzetan aldaketak egin eta laguntza-lerro berri bat sortu du. Horri esker, erabat doakoak izango dira euskalduntze ikastaroak, besteak beste.


Martxoak 3tik 49 urte
“1976ko Gasteizko greben mugimendua eskola politikoa izan zen”

Martxoak 3ko sarraskiaren 49. urteurrena beteko da astelehenean. Grebetan eta asanblada irekietan oinarritutako hilabetetako borroka gero eta eraginkorragoa zenez, odoletan itotzea erabaki zuten garaiko botereek, Trantsizioaren hastapenetan. Martxoak 3 elkartea orduan... [+]


Memoria bala bat da buruan

1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]


2025-03-03 | Jakoba Errekondo
Zakilixuten potroximela

Nori ez zaio gustatzen ahuakatea? Ia denok atsegin dugu fruitu berri hori, di-da amaren batean etxekotu zitzaigun. Zenbat urte da ba dendaero ikusten hasi garela? Gure mahaietara iritsi aurretik, historia luzea du.


2025-03-03 | Garazi Zabaleta
Amillubi
Lanerako, proiektua zabaltzeko eta komunitatea egiteko auzo(p)lanak

Gipuzkoako hamaika txokotatik gerturatutako hamarka lagun elkartu ziren otsailaren 23an Amillubiko lehen auzo(p)lanera. Biolur elkarteak bultzatutako proiektu kolektiboa da Amillubi, agroekologian sakontzeko eta Gipuzkoako etorkizuneko elikadura erronkei heltzeko asmoz Zestoako... [+]


Engainuaren eredu

Leihatila honetan behin baino gehiagotan azaldu ditugu Ama Naturaren engainuak bere izakiak babestearren. Batzuetan, erle edo liztor itxura zuten euliak ekarri ditugu, beste batzuetan inongo arriskurik ez duten arrisku-kolorazioko intsektuak ere bai (kolorazio aposematikoa... [+]


Txikori-belarra udaberrian

Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino otsoa ikustea hobea zela esaten baitzen.


Eguneraketa berriak daude