Aurrekontu kontrola
Aitor Garmendia Lazkano
Este. Deustuko Unibertsitatea. Donostia
242 or. / 15 euro
Enpresetako aurrekontua hizpide
Ekonomia globalizatu, aldakor eta lehiakorreko giroan bizirik iraun nahi duen antolakundeak ezin izango omen du iraun aurrekontua eta aurrekontu kontrola enpresa jardueraren elementu argitzaile eta are bultzatzaile gisa erabili gabe, eta egunetik egunera naturalki landu gabe. Eta, hain zuzen ere, horiek dira Aitor Garmendia Lazkanok, egun Deustuko Unibertsitateak Donostian duen campuseko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean Finantzetako eta Kontabilitateko sailean irakasle denak, Aurrekontu kontrola liburuan, kasu praktikoz eta aurkezpen numerikoz zein grafikoz, lantzen dituen gaiak: hau da, urteko aurrekontua, aurrekontu operatiboak eta kapitalekoak, aurreikusitako finantza agiriak eta aurrekontu kontrola.
Cooperativas, globalización y deslocalización
Batzuen artean
Mondragon Unibertsitatea, LKS
270 orrialde 12 euro
Kooperatibek globalizazioaren munduan izan duten bilakaera
Globalizazioa nagusitzen ari den garai honetan, makina bat enpresek erabaki dute beren produkzio plantak edota ordurarte herrialde zehatz batean martxan zeuzkatenak beste leku batera eramatea kostuak urriagotzeko. MCCko kooperatiba industrialek ere bide hori jarraitu dute, eta ia 60 produkzio planta dauzkate munduan. Nolako bilakaera izan ote dute? Horixe da Iñazio Irizarren koordinaziopean osatu duten Cooperativas, globalización y deslocalización liburuan hamabi ikuspegitatik aztertzen den gaia: lekuz aldatzearen eboluzioa eta etorkizunerako aurreikusitako bilakaera, eta Mexikon, Brasilen, Italian, Polonian, Txekian, Turkian, Indian, Txinan, Marokon.... izandako esperientzia.
Santxa
Aizpea Goenaga Mendiola
Euskaltzaindia, BBK Fundazioa
70 orrialde 4 euro
Toribio Altzaga sariaren irabazlea
Aizpea Goenaga Mendiolak idatzitako Santxa antzerki lanak eskuratu zuen, azkenekoz, Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak urtero antolatu ohi duten Toribio Altzaga saria. Iruñea eta Monjardineko artzapezpiku izandako Santxa Kondesaren bilakaera azaltzen da bertan. Nafarroako elizaren aberastasuna eta botere guztia bere kontrolpean gorde nahirik izendatu zuen Santxa artzapezpiku Sancho Ramirez erregeak, Ermengol III.aren emazte eta bi seme-alaben ama izan arren. Handik urte gutxi batzuetara, baina, Aita Santuaren presioei jaramon eginez artzapezpiku kargutik kendu egin zuen erregeak Santxa. Emakumeari ez zitzaion erabaki hori ondo iruditu, eta Erromara joan zen, Aita Santuarekin hitz egitera. Bizio guztiak inolako lotsarik gabe erakusten zituen Eliza aurkitu zuen Santxak Erroman, ordea.
Luma berrien eleak
Batzuen artean
Idazle Eskola
62 orrialde 3 euro
Idazle berrien sorlanak
Idazle Eskolak plazaratzen duen Luma berrien eleak aldizkariaren azken zenbakian Anjel Lertxundiri eskaini diote tarterik nagusiena: Juan Mari Apaolazak idazlearekin izandako elkarrizketaz gain, oriotarraren Zorion perfektua, Otto Pette, Azkenaz beste, Mentura dugun artean; Italia, bizitza hizpide eta Hamaseigarrenean, aidanez lanei hainbatek egindako iruzkinak jaso dituzte. Baina bada gehiago aldizkarian. Adibidez, Miren Agur Meabek idatzitako Idazle gurakoaren eskuliburu txikia, Juan Luis Mugertzaren Orduko Vietnameko guda: Gaurkoa, Borja Etxaberen Galduta, Maider Ziaurrizen Zuriz, Ion Olanoren Plater gris sakona, Lupe Lekuonaren Udako oporrak, Juan Mari Zunzunegiren Ipuin laburrak, Araitz Garaitaren Betaurreko beltzak, Naroa Ogandoren Auzo trenean (beruna eta airea) eta Miren Deskargaren Andoni, besteak beste.
Fantasia jolasak
Gianni Rodari
Ibaizabal
120 orrialde 9,40 euro
Hainbat amaiera izan ditzaketen ipuinak
Hamar urtetik aurrerako haurrentzat idatzi zituen Gianni Rodarik (1920) Fantasia jolasak. Idazle, kazetari eta pedagogo zen, eta hezkuntza berritzearen alde berebiziko lana egin zuen. Imajinazioa lantzeko ariketa praktikoak dira bereak. Bi hitzekin osa daitezkeen ipuinak, bukaera bat, bestea, eta are hirugarrena, edota ehungarrena izan dezaketenak. Adibidez, zer egingo du zapatilak ematen hasten zaion arbolarekin haren jabeak? Edota sudur bat egunero ibiltzeko eta beste bat jai egunetarako dauzkan morrroiak? Arazoak ditu azken gizon honek: izan ere, behar baino gehixeago edaten duenean, bi sudurrak ipintzen ditu, eta gero, ez du jakiten zein zintzatu!
TxikiChef
Andoni Luis Aduriz
Hariadna
160 or. / 26,60 euro
Sukaldaritza liburua, Etiopiako Jangela Solidarioa gogoan
Andoni Luis Aduriz sukaldari gaztea da. Baina are gazteagoak dira TxikiChef osatzeko aurkitu dituen laguntzaileak. Saltsa artean ikusi nahi zituen neska-mutiko horiek. Eta erosketak behar bezala egiten irakatsi. Gero, denen artean, hamaika errezeta gozo prestatu ahal izateko: arrozak, ogitartekoak, entsaladak, frijituak, patata tortilla, pastak, laranja koloreko zopa, izokin patea, arkumea, arrozesnea... eta hainbat freskagarri. Guztia Wukron, Etiopian, gosearen aurka borrokatzen den Jangela Solidarioa gogoan.