argia.eus
INPRIMATU
Ekain Martinez Lizarduikoa: «Bere historia ezagutzen ez duen herriak ez du bere oraina ulertzen»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 27a
Zer dela eta idatzi duzue liburua ?
Askotan badirudi guztiz arrotzak zaizkigun gertakariak direla 1936ko Gerrak eragin zituenak. Egia, ordea, bestelakoa da. Orduan gertatu zena gure historia hurbileko gertakariak dira; gure aiton-amonek jasan behar izan zuten historiaren pasarte gogor-gogorra. Beraz, gertakari horiek berriro gogora ekarri eta guregana ditzagun egina dago material hau. Gure aiton-amonek halabeharrez bizi behar izan zutena berriz ere gerta ez dadin.

36ko Gerraz asko idatzi da. Zertan bereizten da zuena?
Argi utzi nahi izan dugu honako hauxe: Gertakari historikoetan orokorrean, eta 36ko Gerran zehazki, batzuek historia egiteko eta gogoratzeko aukera izan dutela eta dutela, eta beste batzuek horretarako aukerarik ez dutela izan eta izan gabe jarraitzen dute, neurri handi batean. Azken horiek Gerra galdu zutenak dira. Une gogor horietan bizi zituzten esperientziak, defendatu zituzten ideiak eta balioak, jasan zituzten senideen fusilatzeak, erbesteratzeak eta zigorrak, horiek guztiak zokorarazi behar izan zituzten denbora luzean. Are gehiago, gertaera horiei askotan uko egin behar izan zieten eta, beldurra edo lotsa zirela medio, horien berri ez zieten seme-alabei behar bezala eman.

Bere historia ezagutzen ez duen herria historia hori errepikatzera kondenaturik ote dago?
Guk nahiago dugu memoria historikoa zer den beste modu honetan planteatu: bere historia ezagutzen ez duen herriak ez du bere oraina ulertzen, eta, beraz, ez du bere oraina menderatzen. Eta beste batzuek gogoratzen dute haren historia.

-------------------------------------------------------------------------
Gerra Zibila
Euskal Herrian
Ekain Mtz. Lizarduikoa, Nekane Osa
Gaiak
156 orrialde


36ko Gerra, hirurogeita hamar urte geroago

Memoria historikoa errebindikatu dute Nekane Osak eta Ekain Martínez Lizarduikoak Gerra Zibila Euskal Herrian liburuan. Egileek jakin badakitelako 1936. urtean gertatu zena berriro gerta ez dadin ezkutuan dagoen guztia airatzea ezinbestekoa dela. Memoriak duen garrantziaz irakurlea jabe dadin, aurreneko kapitulua eskaini diote gaiari. Ondoren, zabal jorratu dute Gerra: 36ko Gerraren nondik norakoak, Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila Euskal Herrian, Nazioarteko egoera, Konspirazioa eta matxinatzea, Gerra Gipuzkoan, Araban, Bizkaian eta Nafarroan, Autonomia Estatutua, Eusko Jaurlaritza, Euskal Armada osatzen zuten batailoiak, Euskadiko Gerrako Itsas Armada, Nazioarteko brigadak, Gernikako bonbardaketa, Santoñako Ituna, Gerraren ondorioak, kartzela eta kontzentrazio esparruak, frontean hildakoak, fusilaketak, konfiskatzeak, purgak, emakumeen bortxaketak, gerrak hautsi zuena, emakumea eta gerra, erbesteratzea, Gerra Zibila eta haurrak, propaganda eta prentsa gerran, abesti anarkistak, errepublikanoak, sozialistak., komunistak, abertzaleak eta Bando Nazionalekoak... Halaber, Gerra Zibilean, alde batean zein bestean, nabarmendu ziren hainbaten biografiak jaso dituzte.