Izan da beti etxekoentzat zelai atsegina. Gutxitan jokatu izan dute kanpokoek eroso. Baina zapi zuriak hasi zaizkigu dantzan eta ez Txirri, Mirri eta Txiribitonen kantuaren eraginez prezeski. Zalegoa asperturik dauka Lamikiz presidenteak. Clementek haizatu zituen bazterretako suak, Lamikiz bera pospoilari zelakoan. Denbora urrian egin du bide suak, harmailak hartuz. Eta ohikotan ez bezala, haserreak palkora zuzenduak izan dira kirolari profesionalak alboratuz. Ohikotan, palkoak aginduta entrenatzailea izaten da haserraldien ordaintzailea, zalegoaren lasaigarria. Eta alderantzizkorik gertatuko ez denez, palkoak jarraitzen du agintzen. Momentuz, Sarriugartek Lamikiz ura du bere alde erre ez dadin. Baina denbora gutxirako. Lehorte handi xamarra dute Ibaiganen. Eta Lamikiz ur kikara agortzean, Clementez beteko da ingurua entrenatzaile gaztearen lepora jauzi egin eta itotzeko asmoz irrikitan. Bitartean, hau argitaratzerako Iñaki donostiarrak berrogeita hamar egunetik goitiko gose greban jarraituko du, ez zelai, ez harmaila, ez palko, ura elikagai soiltzat duela. Eta gu, Anoeta, San Mames, Reyno de Navarra, Mendizorroza eta gainontzekoen harmailak bere alde noiz sutuko ametsetan.