Juan Ormaetxe Taket bertsolariaren ibilerak
Asier Legarreta
Taket bertso-eskola, Mungia euskaldunduz
88 or. / 10 euro
Egurrezko hanka zuen bertsolaria
Meñakan jaiotako Juan Ormaetxe Sollubepe (1896-1983) bertsolariaren nondik norakoak eskaintzen ditu Asier Legarretak Juan Ormaetxe Taket bertsolariaren ibilerak izenburuko liburuan. Era berean, ezbehar batean hanka galdu zuelako Taket ezizenez ezagunagoa egin zen gizonak hainbaten artean utzitako oroimena ere jaso du. Abertzale sutsua eta antifrankista amorratua, bi aldiz espetxean egon beharra egokitu zitzaion Joan Ormaetxeri. Jenio bizikoa omen zen, eta jenio hori bertsoetan ere erakusten zuen. Bertsolari militantea, Bizkaiko tradizioa bertsolaritzan gehiegi uztartu gabe zegoen garaian aritu zen plazaz plaza, eta oso gizon popularra izan zen bizkaitarren artean. Gabriel Aresti poetak ere baditu olerki batzuk hari eskainiak.
Espainiako ingurune ekonomikoa eta lehiakortasuna
Mikel Navarro Arantzegi
Deustuko Unibertsitatea
418 or. / 13 euro
Enpresen lehiakortasunean eragiten duten faktoreak
Deustuko Unibertsitateko katedradun den Mikel Navarrok bi hamarkadaz Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaturan, masterretan eta enpresako kudeatzaileentzako ikastaroetan ingurune ekonomikoa irakatsiz lortutako eskarmentuaren fruitua da Espainiako ingurune ekonomikoa eta lehiakortasuna liburua. Espainiako ekonomiaren eta enpresen lehiakortasunean eragiten duten ingurune ekonomikoaren faktore nagusiak -hau da, diru eta finantza-sistema, biztanleria eta lan-merkatua, berrikuntza-sistema, sektore publikoa, kanpo-sektorea...- aztertzen ditu egileak, beti ere Europako Batasuna, AEB eta Japoniakoekin alderatuz. Egindako azalpena ekonomia ez dakitenentzat ere ulertzeko modukoa ei da.
Sagarmatha
Josep-Francesc Delgado
Ibaizabal
222 orrialde 10,75 euro
Elurretan galdutako neska
Mendebal osoan Everest deitzen zaio nepaldarrek Sagarmatha izenez ezagutzen duten mendiari, eta hain zuzen mendi horretan gertatzen da Sagarmatha izenburuko eleberriak azaltzen duen misterioa. Laurogeiko hamarkadan Everesteko gailurrera iristeko ahaleginetan dabiltzan hamabi alpinistek biziko dute misterioa. Si puges al Sagarma-tha quan fumega neu i vent da Aitor Aranak euskaratutako liburu honen jatorrizko titulua -alegia, Sagarmathara igotzen bazara haizea eta elurra egiten duenean...-, eta hain zuzen ere espedizioan zihoan neska bakarra elurretan galtzearen arrazoia agertzen du. Egileak, Josep-Francesc Delgado idazleak bidaia literatura lantzen du, besteak beste, eta Himalaiak sortzen dion grinaren ondorioz, hiru nobela argitaratu ditu munduko mendi garaienetan bizi den jendeari buruz.
Hans Pataka
Victor Canicio
Kutxa Fundazioa
130 orrialde 7 euro
Iazko Irun Hiria nobela saria
Kutxak antolatzen duen Irun Hiria literatur lehiaketara iazkoan gaztelaniaz aurkeztu ziren nobelen artean saritutako lana da Hans Pataka. 1937an Bartzelonan jaiotako Victor Canicio dugu egilea. Idazlea, itzultzailea eta irrati eta telebistako saiotarako gidoien egokitzailea da, eta makina bat liburu ditu argitaratuak. Hans Patakan, aita espainiarra eta ama alemaniarra dituen gazte baten norabide eza agertzen du. Gazte horri dirurik ez zaio inguruan falta -aberatsak dira etxean, berdin Alemanian dauzkan aiton-amonak eta are aberatsago Castellonen duen aitona-, baina ondasun ekonomikoa da duen bakarra. Aitak ez du aintzat hartzen, maitale ugariei arreta jartzen nahikoa baitu; eta horregatik, beharbada, amak gehiegi itotzen du. Castelloneko aitona izango da gaztetxoak behar duena emango dion bakarra.
Euskaldunen kolore mundua atsotitzetan
Txema Preciado
Gaiak
178 orrialde 18 euro
Koloreen unibertsoa hobeto ulertzeko
Atsotitzak errealitatean sortzen diren arazo ugariei gure arbasoek zer erantzun eman zieten jakiteko informazio iturri oparoa dira. Horietan oinarrituta osatu du Txema Preciadok Euskaldunen kolore mundua atsotitzetan liburua. Horretarako, Damaso Intzak, Antonio Zabalak, Azkuek eta, batez ere, Gotzon Garatek bildutako material aberatsean arakatu du. Horrela azaldu ahal izan du zenbat atsotitz dagoen euskal koloreei buruz, agertzen diren kolore motak, maiztasunak, kolore kontzeptuak... Jarraian, kolore bakoitzaren inguruan bildutakoak sailkatu ditu, eta ondoren multzoka interpretatu ditu, jakinik oso ahalegin irristakorra dela berea, maisu handiek ere kale egin dutela horretan inoiz.
Catalin...
Batzuen artean
Ararteko
258 orrialde
XVIII. mendeko hainbat emakume idazleren lanak
Arartekoak plazaratzen dituen faksimilen argitalpen saileko liburua da «Catalin» de Rita de Barrenechea y otras voces de mujeres en el siglo XVIII. Argien Mendeko Espainiako antzerkigintza berritu zuten aitzindarietakoa izan zen Rita de Barrenechea bilbotarra. Bi komedia ezagutzen zaizkio, Catalin da haietako bat. Emakumea zenez, bere sexukoen arazoak eta kezkak partekatu zituen, garai hartan emakume idazleak zituzten baldintza berezietan. Eta gauza bera egin zuten liburuan jasorik dauden beste testuen egileek.