Urretxun urtean zehar ospatu ohi diren ekitaldi nagusien kokaleku den Gernikako Arbola enparantzan hasiko dugu gure ibilbidea; zirraragarria, San Joan bezperan suaren inguruan sortu ohi den giro misteriotsu berezia, baita iraileko Euskal Jai egunean herriko gazteek prestaturiko karrozak plazan sartzen diren unekoa, hilabetetako lan gogorraren emaitza diren karrozak, alegia. Gernikako Arbola plaza, Iparragirre plaza eta azken urteotan eraberritze prozesu batean murgildurik dagoen alde zaharra dira Gipuzkoako herri honen bihotza, Urretxuko aldapa sonatuaren baitan taupadaka darraiena.
Donostiatik Arantzazurako bidea egiten duen GR-34 ibilbidearen adarra (GR-34.1 delakoa) jarraituz igoko gara Santa Barbara baselizara, uneoro ikur zuri-gorriak jarraituz; bide eder honek baselizara doan errepidea saihesten du ahal duen neurrian. Horrela, garai bateko oinezko bidean egingo dugu gora. Malda pikoa da hasierakoa, harik eta Irigon baserriaren parean berriro errepidearekin elkartu arte. Etxaburu baserriaren atzealdetik igaroko gara jarraian, errepidea saihesteko ahaleginean, eta Santa Kruz baserria eskuinean utziz, errepidez osatuko dugu baselizara heltzeko falta zaigun tartetxoa. Baselizara heldu aurretik, ordea, erabat liluratuko gaitu Urretxuk harrotasunez gordetzen duen monumentu arkitektoniko ederrenetako batek, Ipiñarrieta jauregiak. Jauregiari begirik kendu gabe, Santa Barbara baselizara heldu garela ohartuko gara bat-batean.
Urretxuarren derrigorrezko topaleku den Santa Barbara baseliza inguruetan ospatu ohi da urtero, San Joan egunez, erromeri jendetsua. Dantza, bertsoak, Irimoko igoera lasterketa ikusgarria, txistu, dultzaina eta trikiti doinu alaiak... Festa giro herrikoia nagusi. Baseliza alboko iturrian tragoxka bat edan ostean, Irimo mendiaren benetako igoerari ekingo diogu pauso irmoz, segidan datozenak ibilaldiko malda gogorrenak direla jakinik. Bihotz taupaden maiztasuna handitzen joango zaigu hortzak estutu eta harrizko pistan gora goazen heinean. Lizarriturriko atseden guneak Irimoko gailurra zapaldu aurretiko azken geldialditxoa egitera gonbidatuko gaitu. Etenik gabe mendi erraietatik jaiotzen den iturri emankorretik beste tragoxka bat edan eta Irimoko azken malda pikoari aurre egingo diogu ausardiaz, bihotz taupaden maiztasunak gorengo maila lortzen duen bitartean. Irimoko gurutzea kokaturik dagoen muinoa ez da, ordea, Irimoko berezko gailurra edo punturik altuena, metro gutxi batzuk igotzea faltako zaigu oraindik. Edozein kasutan, herritik mendigune honetako punturik altuena ikusi ezinak, gurutzearen kokalekua bilakatu du, urteen joanean, Irimoko gailur birtuala.
Irimoko gurutzeak aterpetxo bat du bere oinarrian, eta aterpetxo honen sabaira igotzeko aukera ez dugu alferrik galtzen utziko, bertatik ikuspegi zoragarriaz gozatzeko aukera izango baitugu. 360°-ko ikuspegi zirkularra osatuz, gertu sumatzen diren Oleta, Samino, Izazpi, Trapalata, Haizeleku, Gorostiaga eta Arrolamendiz gain, bigarren lerro batean Irukurutzeta, Kakuta, Erlo, Arauntza, Sañu, Ernio, Erniozabal, Murumendi, Txindoki, Ganbo, Sastarri, Aratz, Aizkorri, Artzanburu eta Aloña kokatzeko gai izango gara, Bizkaia aldeko mendiak ikustea oztopatzen digun Irimoko gailur nagusiarekin topo egin arte. Dena den, gurutzetik begiztatu ezin daitezkeen mendiak gailurretik ikusiko ditugu.
7 puntak osatuz Trekutz lepora
Arnasa lasaitu eta paisaiaz majo gozatu ondoren, ibilaldiari ekingo diogu berriro; Irimoko gailurreriak ibilbide bihurri bezain ederra osatzen du Trekutz leporako jaitsiera bortitza burutu baino lehen: urretxuarren artean ibilbide zoragarri hau «7 puntak» izenez da ezaguna. Irimo izena hartzen du beretzat lehenengo puntak eta Arbeleta, Buzoi, Losakate, Arrizuri, Mugarri eta Meaka dira ondoren etorriko direnak. 898 metroko altueran kokaturik dago Irimoko gailurra, Buzoi izeneko hirugarren puntan, eta altuera honetatik eroso ikusiko dugu gurutzetik ikusi ezinda geratu garen Bizkai aldea. Andarto, Orkatzategi, Murugain, Orisol, Izpizte, Anboto, Gorbea, Udalaitz, Oiz, Elgeta aldeko Intxorta, Erdella, Egoarbitza... Mendi andana norabide guztietan, hitz batean esanda, ikuspegi amestua. Izan ere, ez da ahaztu behar Irimo Gipuzkoako erdigunean kokaturik dagoela neurri batean, eta kokapen honek ikuspegi berezia ematen diola lau norabidetan. Pauso lasaian aurrera eginez, Trekutzeko lepora eramango gaituen jaitsierara heldu arte gozatuko dugu ikuspegi eder honetaz, 7 puntetako ibilbidea osatzen dugun bitartean.
Trekutzeko lepoan iturri eder batekin egingo dugu topo, eta derrigorrezko tragotxoa edan ostean -kontuan hartu behar da hiruzpalau kilometrotan ez dugula berriro urik edateko aukerarik izango, harik eta berriro Santa Barbara baselizara heldu arte- beherako bideari ekingo diogu. Deskarga mendatera doan harrizko pistari jarraiki, eroso osatuko dugu jaitsieraren lehen zatia. Pista utzi eta Santa Barbara aldera doan bidexka hartuz, Agerre baserri ederraren paretik igaroko gara, azken aldera asfaltozko bidean barneratuz. Santa Barbaratik herrirainoko bidea berriz, Zuloaga eta Erratzu baserrien albotik igaroz osatuko dugu oraingoan eta Pasiotarren eliza aurretik igarotzeak Urretxura itzuli garela adieraziko digu. Burua biratu eta Irimoko gurutzearekin egingo dugu topo. Urretxuko zaindariak ezin du, antza, une bakar batez bere zelatari lana albora utzi.
Gune historikoan barna
Mendiko txangoa egin ostean, herrian barneratu eta gune historikoraino sartu gara. Bertan, segituan atzera egin dugu denboran, oraindik ere Urretxuko iragana eta historia arnastu baitaiteke karrika hauetan. Urretxu 1383. urtean sortu zen, Erregearen Hiri-Gutun baten bidez. Erregearen babespera bildu zen, ahaide nagusien arteko gatazkengatik herritarrentzat ziurtasunik ez zegoen garaian, eta Villareal de Urrechua izena jaso zuen.
Antza denez, hiribildua eremu berri batean eraiki zen, lurzoru horretan inolako eraikinik ez zegoen lekuan, hain zuzen. Egungo ikerketa arkeologikoek hori baieztatu dute, gune historikoan ez baitute inoiz herriaren aurreko hondakinik aurkitu.
Erdi Aroan ohikoa zen egiturarekin jaio zen: bi kale nagusik banatutako barruti angeluzuzena. Halaber, kale nagusi horiek bigarren mailako beste kale batzuk zeharkatzen zuten. Guztira, 1,6 hektarea zituen. Harresiz erabat inguratua zegoen eta lubakia zuen, garai hartako ohiturari jarraiki. Dena den, argi utz dezagun harresiak ez zirela gazteluetan ikusten direnak bezalakoak; funtzio hori metro eta erdiko lodiera zuten hormek betetzen zuten.
Hasiera batean bi kale nagusi baino ez bazituen ere, XVI. menderako hirigunea erabat garatua zegoen eta herritarrak inguruan pilatzen ziren. Garapen honetan garrantzi handia izan zuen Gurdien Errege-Bidea bertatik igarotzeak, hau baitzen Erreinuko hiriburua eta Frantzia lotzen zituen bide nagusia. Urretxu, beraz, derrigorrezko geltokia zen bai bidaiarientzat, bai mezularientzat. Asko dira herri honetan ostatua hartu zuten pertsona ospetsuak.
Gune historikoko bi kale nagusi haiek egungo Iparragirre kalea (Bekokale edo kale Nagusia) eta Jauregi kalea (Goikokale) dira. Lehenengoan, Faktorekoa, Bikariokoa eta Galdosenea eraikinak nabarmentzeko modukoak dira, XVI. mende erdiko merkatari aberatsen edo errege-funtzionarioen jauregiak. Ipiñarrieta familia ezagunaren XVII. mendeko Korralgoa jauregia ere aipagarria da. Egun, Udaletxea bertan dago kokatua. Jauregi horren aurrean eta elizaren alboan enparantza dago eta enparantzan, Iparragirre entzutetsuaren estatua, Urretxuko pertsona famatuena, ezbairik gabe. Gainera, Jauregi kalean antzeman daiteke hobekien garai haietako etxeen antolamendua, industriari begiratzen dion herri baten aurrean gaudela nabari da. Kale honetan dugu Kultur Etxea, XVIII. mende bukaerakoa, eta barruan, mila pieza baino gehiago dituen Mineralen Museoa dago.
Urretxuko historiara itzuliz, XIX. mende erdialdean Espainia Iparraldeko Burdin Bidea edo Norteko Trenbidea egin zen, pixkanaka eskualdeko eta inguruko biztanleak eta salgaiak lotzen joan zena. Horren eraginez, XIX. mende bukaeran lehenengo industriak sortzen joan ziren, batez ere zume eta zurarenak, XX. mendeko bigarren hamarkadan burdingintza nagusitu zen arte. Aldaketa horiek guztiek Urretxuko biztanlerian eragin zuten: XVI. mende erdialdean 500 biztanle inguru zituen, 1910ean 1.200 eta 1979an berriz, ia 7.000 lagun. Gaur egun, Urola Garaiko herriak 6.800 biztanle ditu eta industria eta zerbitzu sektoreak dira nagusi.