argia.eus
INPRIMATU
Miriam Ocariz: «Gure burua zerekin identifikatzen dugun jakitea gero eta zailagoa da»
2021eko uztailaren 20a
Zure bilduma berria Cibelesen aurkezteko puntuan zara. Zer berri?
Ez du gai zehatz bat jorratzen, ez du elementu bereizgarri bat. Normalean, kontzeptu eta ideien arabera lan egiten dut. Esango nuke, hori bai, oraingo hau, inoiz baino orekatuagoa dela orokorrean.

Kontraste bat bilatzen du. Jantzi batzuek ehun oso arinak dituzte, zeta adibidez, eta bolumen handia eman diet, bolanteekin, paparreko parpailekin... Aldi berean, badira beste diseinu batzuk, oso egitura finkoa dutenak, oihal zati askorekin eta zorroztasun handiarekin josiak. Estanpatuak ere delikatuagoak dira.

Koloreei dagokienez, zuria eta txikle tonuko arrosa erabili dut asko. Hasi nintzenetik asko gustatu zaidan kolorea da arrosa mota hori eta azken aldian gutxiago erabiltzen banuen ere, oraingoan garrantzia berezia eman diot.

Ez da Cibelesen parte hartzen duzun lehen aldia. Izena hartu duzu dagoeneko, baina marka handientzat ere lan egin duzu. Esaterako, Armand Bassirentzat...
Bai, oraintxe utzi dut definitiboki baina asko ikasi dut, esperientzia oso ona izan da, batez ere haien lan egiteko modua ikasteko balio izan didalako. Historia luzea duen enpresa da eta oso egituratua dago. Prozesu osoa era globalagoan ikusten irakatsi dit.

Haren eragina jaso duzu beraz. Baina horretaz gainera, zein dira zure kuttunak?
Asko ditut, oraingoen artean beti asko interesatu zait Martin Mariela adibidez, edo Nicolas Ghesquière, orain Balenciaga hartu duena... Ezingo nituzke guztiak aipatu. Azken batean, nortasun handia dutenak gustatzen zaizkit, modaren kontzeptu ezberdin bat sortzea lortzen dutenak.

Dena den, diseinuak egiterako orduan, batez ere inguratzen nauen guztia erabiltzen dut inspirazio iturri gisa. Artea, bidaiak, zinea, musika eta batez ere jendea, kalean ikusten dudan jendea.

Eta jende horrek zure arropa adierazteko erabiltzea gustatzen zaizu...
Niretzat arropak norberaren sentimenduak adierazteko balio du eta asko esaten du pertsona horri buruz. Horretarako balio badu, asko lortu du. Era berean, modak izan dituen hainbat aldaketek gizartean eragin dute. Esaterako, Coco Chanelek besteren artean, emakumeek ere galtzak erabiltzea proposatu zuen eta horrek askatasun handia eman zion garaiko emakumeari. Ezarri egin da hori eta orain oso arrunta da.

Eragin onak izan ditu, baina egun, adibidez, moda hain azkar aldatzeak eta denda handiek hainbat patroi ezartzeak ez al du oztopatzen norberak bere estiloa mantendu ahal izatea?

Jende askorentzat arropa behar bat baino ez da, baina beste askorentzat bere irudiaren parte garrantzitsu bat da, dudarik gabe. Orain ordea, gure burua zerekin identifikatzen dugun jakitea gero eta zailagoa bihurtu da.

Gauzak zenbat eta errazago jarri, orduan eta gutxiago pentsatzen dugu eta arroparekin gauza bera gertatzen da. Lehen, lau arropa aukeratzen genituen baina horiek oso gureak ziren, horiekin identifikatzen genuen gure burua. Orain mordoa izan dezakegu eta batzuk inoiz ere erabili ez. Gainera, jende gehiegi doa berdin jantzita!

Euskal Herrian zure ustez ba al dugu janzterako orduan berezitasunik?
Klimak zer ikusia izaten du horretan eta agian horregatik hemen nahiko klasikoak gara janzterako orduan, horrek duen alde on eta txarrarekin. Alde ona, nire ustez, kalitate handiko arropa eskatzen dugula da. Asko preziatzen da ongi eginda dagoen zerbait. Alabaina, horrek bere alde txarra ere badu, azkenean klasikotasun horretatik ateratzea zaila egiten zaigula. Ez da ongi ikusia oso ezberdin janztea. Onartu behar dut horretan nabari dela gazteek ausardia handiagoa dutela.

Zure arropa mundu osoan saltzen da. Hala ere, zuk beti Bilbon lan egiten jarraitzea erabaki duzu. Zergatik?
Batik bat bilbotarra naizelako. Egia da ez dela hain erraza hemen aurrera egitea, ez baitago industriarik horretarako. Ni hemen hasi nintzen modaren munduan lehen pausoak ematen eta pixkanaka hemen jarraitzea lortu dut. Dena den, gauza asko kanpoan egin behar izaten ditut, adibide sinple bat jartzearren, oihalak erostea.

Zailena hasiera da, beti bezala, dirua eta denbora falta zaizkizulako. Gero, kontaktuak egiten dituzu eta azkenean hemen lanean aritzeko modua egiten duzu, baina hori bai, bidaia asko egin behar dira hala ere.

Nire taldeak eta nik bost urte egin ditugu Deustuko tailer honetan eta laster handiago batera goaz, baina hemendik oso gertu. Hemen jarraituko dut, ahal izan dudalako; zorte hori izan dut.

Tailerra aldatuko duzue, zure arropak ere aldatzen ari dira urteak pasa ahala, baina zure nortasuna mantentzen duzu hainbat gauzatan...
Bai, nik uste estanpatuek identifikatzen nautela beste ezerk baino gehiago. Kamisetak margotzen hasi nintzen eta horrek ireki zizkidan ateak. Orain ere, hori egiten jarraitzen dut. Era berean, koloreari dagokionez, arrosa kolorea beti erabiltzen dut, beti egiten dut erreferentziaren bat, gama horretako tonuren batean. Asko gustatzen zait.

Orain Cibelesen duzu begia eta pentsamendua, baina zein da zure hurrengo erronka?
Hurrengo bilduma prestatzen hastea. Moda horrelakoa da, oso estresantea batzuetan, bilduma bat amaitu orduko hurrengoarekin hasi behar duzu eta. Dagoeneko baditut ideia berriak buruan baina prozesua luzea da eta ez dago astirik deskantsurako. Hori bai, gogoz ere hartzen da denboraldi berria, negukoa eta udakoa erabat ezberdinak direlako. Nik ez dut bat bestea baino gehiago maite, bien arteko oreka sortzen dela uste dut.

Hurrengo bilduma diseinatzeaz gain baduzu bestelako proiekturik?
Aurten egin dudan gauzarik ezberdinena, erakusketa bat paratzea izan da. Tenerifen jarri nuen bat ikusgai, oso didaktikoa, modaren prozesu osoa azaltzen zuena, ideiatik hasi eta jantzia osatu bitarte jarraitzen diren pauso guztiak ikusi ahal ziren bertan.

Bilbon ere, Espacio Marzana-n, beste bat jarri dut. Bigarren hau pertsonalagoa izan da. Nire lana erakusten zuen, baina marrazkiaren ikuspuntutik, ez hainbeste modaren ikuspuntutik. Kamisetetan erabiltzen ditudan marrazkiak ziren erakusketaren oinarria. Egia esan, asko gozatu dut erakusketa hori prestatzen eta gainera, artearen munduan lan egiten duten nire lagunek ere parte hartu ahal izan dute. Polita izan da.

Horrez gain, baditut beste proiektu batzuk ere buruan, esaterako, neskatilentzako arropa egitea, paretetako papera diseinatzea edo tapizeria.

Horiek dira zure proiektuak, baina zure ametsa zein da?
Nire lana eta nire bizitzaren artean oreka aurkitzea. Oraintxe lan gehiegi egiten dut.


Arte Ederrei eta modari lotua
Arte Ederretan lizentziatua, Bilboko Lanca moda eskolan ere ikasketak egin zituen aldi berean Miriam Ocarizek (Bilbo, 1968).
1994an hasi zen lanean, bere bazkide batekin batera Monge-Ocariz denda zabaldu zuenean eta 1996an aurkeztu zuen lehen bilduma propioa, Gaudi pasarelan.
2002an L’oreal Paris saria lortu zuen Cibelesen, diseinugile gazte onenari eskainitakoa.