argia.eus
INPRIMATU
Irati Jimenez: «Nik neuk idazteko izan ditudan zailtasunak kontatu ditut»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Agustin Zubikarai nobela laburren saria irabazi duzu. Pozik izango zara, ez da hala?
Ezin pozago. Lehiaketa baterako idazten duzunean irabaztearen aukera hortxe dago, baina oso aukera urruna zirudien eta ez nuen horretan gehiegi pentsatu nahi. Ezustekoa izan da baina pozgarria, benetan. Beste ezeren gainetik, neure buruan konfiantza irabaztea ez da sari txikia izan.

Familian idazle-aurrekari ezaguna duzu. Zure idazle zaletasunean eraginik izan al du horrek?
Irakurtzeko zaletasuna, idazteko gogoa, etxean ikusi ditut, jakina, baina ez dakit horren eragina neurtzen edo nondik datorren neure zaletasuna. Argi daukat ostera, aita idazlea dela, zentzurik sakonenean. Idaztea da benetan gustatzen zaiona, prozesu hori, horrek ematen duen plazera. Eta hori niretzat eredugarria da. Beti sentitu dut nigan konfiantza itzela zuela, baina neure distantzia eman dit. Neure ahotsa bilatzen nabil eta uste dut berak badakiela prozesu hori ez dela erraza eta ezin duela inork zeure partez egin

Nola sortu zen Bat, bi, Manchester?
Badu autobiografikotik asko nobela honek, nahiz eta idazten hasita konturatu ez. Nik neuk idazteko izan ditudan zailtasunak protagonistaren bidez kontatu ditut. Maitasun nobela da, baina protagonista idazteko grina sentitzen duen gizona da, eta, bere buruarekin dituen borrokaldien erruz, idazteko ezinduta sentitzen dena. Eta beste pertsona batek beregan duen konfiantzak bere barruko mamuak uxatzen laguntzen dio. Horrek badu autobiografiatik asko, azalean ez bada ere.

----------------------------------------------------------------
Bat, bi, Manchester
Irati Jimenez
Elkar
90 orrialde 9,45 euro


Agustin Zubikarai nobela labur saria

Umorea sano erabiliz, bi gizonen arteko maitasun ezinezkoaren gaia jorratu du Irati Jimenezek Agustin Zubikarai nobela laburren saria irabaztea ahalbidetu dion Bat, bi Manchester-en. Idazlea izan nahiko lukeen mutil gaya du kontalari. Aktore lanetan arrakasta lortu nahi duen mutil-lagun harro bat zeukan, eta haren atzetik iritsi zen bera Manchesterrera. Baina besteak agur esan eta Londresera alde egin zionean, han gelditu behar izan zuen, guztiz suminduta eta bakarrik. Behin betikoz idazle bihurtzeko ekarri zituen asmoak ere ia joan zitzaizkion pikutara. Orain idazten duen bakarra, bere itzultzaile lanak derrigortzen dizkion lerroetatik at, Londresera joandakoari sekula bidaliko ez dizkion gorrotozko gutunak dira. Nolanahi ere, gaztea denez, parranda lagun batzuk erraz egingo ditu, eta haietako gau batean beste mutil euskaldun bat ezagutukodu. Oso erakargarria da, eta gure lagunari izugarri gustatzen zaio, baina bi akats nabari ditu: batetik, aktorea izatea huraxe ere, eta bestetik, emakume ia denen atzetik etengabe dabilen heterosexuala izatea. Nolanahi ere, etxean libre duen gela okupatzera gonbidatuko du. Eta besteak baietz.