Ibarretxe lehendakaria oso pozik zen aurreko astean, EAEko hazkuntza ekonomikoa (BPG) bigarren hiruhilabetekoan %4,2 hazi baita. Espainiako eta Frantziako hazkuntza baino handiagoa omen da. Makroekonomia datuok onak eta adierazgarriak izango dira finantza- edo enpresa-mundukoentzat eta Burtsan inbertitzen duten handikientzat. Etxeko mikroekonomiekin bizirauten duten herritarrek, aldiz, ez dute ulertuko epe berean eguneroko erosketak gero eta garestiagoak izatea. Hipotekak hilero igotzea. Soldatak izoztea. Beren lanek kalitatea galtzea. Milaka pentsio eta oinarrizko errenta gutxieneko soldatara ez iristea, pobrezia gero eta gehiago hedatuz. Noren lepotik izaten da hazkuntza ekonomiko hori? Ibarretxek makroekonomia datuak pozarren azaldu zituen egun berean, beste datu mikroekonomiko hauek ere ezagutarazi zizkiguten: Reckitt Benchiser multinazionalak Gueñesko ekoizpen zentroa itxiko du Europako herrialde batzuetara eramateko eta 190 familia langabezian utziko ditu. Euskal Herrian multinazionalen 350 filial baino gehiago daude eta enpleguen % 38a hartzen dute. Zenbaitzuk dagoeneko joanak dira eta beste batzuk mehatxuka dabiltza. EAEko aldi baterako kontratuen ehunetik lau baino ez dira sei hilabete baino gehiagokoak. Euskal enpleguaren behin-behinekotasuna 2005ean Europakoa baino bi aldiz handiagoa izan zen, Hego Euskal Herrian % 30,3ra iritsi zen. Eta pasa den astera arte 68 langilek galdu zuten bizia. Hau al da Ibarretxek defendatzen duen hazkunde ekonomikoaren eredua?