argia.eus
INPRIMATU
Harrigarria
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21

Bere semea ezkontzera doan lagun batek esaten zidana. Ez omen du eztei eguna finkatzerik restaurantearekin adostu ezean. Berrehun batentzat beharrezko oturuntza egiteko lekurik ez omen du aurkitzen berrogei kilometroko inguruan. Eta urte bat edo atzeratu beharko omen du asuntoa. Pekatuan bizitzera kondenatu dute. Menuek eta prezioek ez dute garrantzirik. Lekua da erabakia bideratuko duena. Eta gomitatuen inposa. Elizak ere, honetan izanen du zer esan, zeren bestela nola ulertu joan larunbatean Donibane Lohizuneko Parrokian ikusitakoa? Gambetta kaletik nindoan eta Haendelen Aleluyak, bikain emana, eraman ninduen barrura. Zuri-beltzeko filmetako frakak gizasemeek eta txorkatilak estaltzerainoko soinekoak jantzitako emazteek osatzen zuten gaztelania hutsezko mezaren jarraitzaileak. Carmina Buranaren zatitxoa, Aita Madinaren Aita Gurea, Artze-Laboaren Hegoak... Kontzertua. Irteeran, galako aurreskua. Sobra ere, hauek jangelarik ez baina eliza zuten falta. Lotsa soberan. Europan gara. Mugarik ez. Eta izatekotan, gurea, Lapurdin espainola arrotzatzat hartzen dugunona. Honek bidea eginez gero, gu ere ohituko gaituzte, bestela ere sartzen dizkiguten ziriak sendagaitzat hartzen ikasi baitugu.