Botika generikoen merkatuak hazkunde handia izan du azken urteotan, administrazio maila guztiek (Espainiako estatukoek, probintzietakoek nahiz lekuan lekukoek) abian jarritako politiken ondorioz. Izan ere, produktu horiek funtsezko papera jokatzen dute gure osasun sistemaren iraunkortasun finantzarioan. Horrez gain, eta hiritarrei begira, botika horiek prezio merkeagoa izanda markako botiken kalitate eta eraginkortasun berbera bermatzen dute, segurtasun osoarekin. Azken finean, urte askoko esperientzia daukate.
Eskura dauzkagun azkeneko datuen arabera, 2005eko abenduan generikoen kontsumoa %15,02koa izan zen, eta zenbateko ekonomikoa berriz, %7,68koa. Zifra horiek gorakada handia dira 2004 urtearekin alderatuz gero, orduan botika generikoen kontsumoa %12,03 eta zenbateko ekonomikoa %6,58koa izan baitzen.
2004ko maiatzetik abendura, 12 osagai aktibo berri sartu ziren botika generikoen eskaintza zakuan, 2005ean 11 izan ziren eta aurten guztira 7 izan dira, maiatza bitartean -horietatik bost aurreneko hiruhilekoan-. Halaber, epe horretan goraka egin du espezialitate farmazeutiko generikoen portzentajeak, urtero finantzaketa publikoan sartzen diren botika berrien kopuru osoarekin alderatuz gero -2004an %43 ziren eta 2006ko martxoan berriz, %63-.
Generikoak sustatzeko bidean hainbat kanpaina egin dira, bai jendea sentsibilizatzeko, bai botika generikoak kontsumitzera bultzatzeko, eta baita medikuak nahiz botikariak gai horren inguruan trebatzeko ere. Dena den, 2005eko Osasun Barometroaren datuak erabiliz, herritarren %69,5ak badaki zer diren botika generikoak, baina %30,3ak ez. Bestalde, %76,5ak begi onez ikusiko luke horrelako botikaren bat erabiltzea bere medikuak aginduz gero, eta %10,3ak dio medikuak markako botikaren bat errezetatzea lortzen saiatuko litzatekeela.