Euskararen Erakunde Publikoaren sortzeak egoera berri bat eragin du Iparraldean eta nahitaez euskalgintzako herri mugimenduaren estrategia egokitzea ekarri. Horrela gertatzen ari da Euskal Konfederazioko «Herriko etxeen ildoa» deituriko lan ardatzarekin.
Iparraldeko 60 elkarte eta herri mugimendu biltzen dituen Euskal Konfederazioa lan hori duela 4 urte gauzatzen hasi zen UEMAren laguntza baliosarekin baina gogoetak, entseguak eta prestaketa 8 urte lehengo hasi ziren. Ildoaren helburu konkretua herriko auzapez eta kontseiluei euskararen aldeko hitzarmena izenpearaztea da. Herriko Etxeko ibilmoldean euskararen erabilpenaren diagnosia egin, erabilpen plana onartu eta urtero ebaluaketak egiteko engaiamendua adierazten du hitzarmenak.
Lan ildo horrek funtsezko bi helburu zituen: euskaren ofizialtasuna de facto sortzea Ipar Euskal Herrian eta euskaldunei zerbitzu bat euskaraz bermatzea, administrazioaren hutsuneak betez beste alor batzuetan egin bezala -irakaskuntza edo hedabidek kasu-. Jakina da hizkuntzaren legezko ezagupena, oraindik ukatzen duela frantses Estatuak. Aldarrikapen borroka jarraiturik ere, indar guztiak horretan xahutu ordez, beste bide batzuk jorratu behar zirela deliberatu zuen Euskal Konfederazioak, hala nola herritarrengandik hurbilena den instituzioan hainbat akta ofizial euskaraz egiten lagunduz.
Arrakasta ederra, esperientzia aberatsa eta aitzinamendu garrantzitsuak bildu ditu Euskal Konfederazioak. Gaur egun 42 udalerrik izenpetu dute hitzarmena eta prozesuaren fase desberdinetan aurkitzen dira. Baina mugak ere agertu dira. Hainbeste Herriko Etxeren diagnosiak, planak eta ebaluaketak egiteko baliabide eskasak ditu Konfederazioak. Ondorioz prozesua luzatzen da eta lortutako engaiamenduak ahultzen. Hitzarmena onartu dutenen artean herri batzuek normalizazio politika emankorra martxan emaiten duten bitartean, beste batzuk itxurakerietan gelditzen dira. Kasu batzuetan hautetsien axolagabekeria ez ote duten babesten gogoetatzen hasi dira Konfederazioko kideak. Azkenik zenbait auzapez Konfederazioarekin segitu behar duten ala Euskararen Erakunde publikora jo behar dutenez galdetzen hasi dira.
Erakunde publikoak bere aldetik bizi sozialean erabilpenaren sustatzea berari dagokiola aldarrikatzen du. Konfederazioko lanaren balioa ezagutu du eta bi urtez diruz lagundu baina argi utziz eskualde desberdinetan kontratatzen dituen hizkuntza teknikarien lana Herriko Etxeak hizkuntza erabiltzen laguntzea izanen dela.
Konfederazioarentzat eztabaida konplexua eta erabakia zaila da. Irekitako lan ildoa nekez jarrai dezake baliabide gehiagorik gabe eta bereziki diru laguntza publikorik gabe. Erakunde publiko bat Herriko Etxeetan hizkuntza normalizazioa laguntzeko prest agertzen delarik ez ote zaio lekukoa pasatu behar? Baina bestalde ez da inolako garantiarik Erakundeak Herriko Etxeak akuilatu, normalizazio lana behar den irmotasunarekin segitu, eta lana emankorra izanen dela erraiteko. Urteetako esperientziek utzitako mesfidantzak eta hizkuntza gutxituekiko frantses instituzioen berezko mugak hor daude.
Nola jarraitu eragiten? Zer funtzio betetzen ahal du panorama berri batean? Zer nolako akordioa lotu Erakunde publikoarekin? Nolako estrategia euskararen normalizazioa Herriko Etxeetan ere aitzina egin dezan? Horra hor gaur egunean aukera eta arrisku berrien artean Euskal Konfederazioak mahai gainean dituen hainbat galde.