argia.eus
INPRIMATU
Katemailaka
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 16a

Egituratzen ditugu ekoizpenak. Katebegian murgilduta bizi gara. Idazleak ez du kontrolpean bere obra, publikatu nahi baldin badu behintzat. Argitaletxea behar du. Eta honek idazlearena saldu nahi baldin badu, banatzailearen esku jarri beharko du emaitza. Urrun gelditzen da idazlea, sortzailea. Eta bera da katearen mailarik ahulena, beste aldetik ezinbestekoa dena. Eta eskema honek funtzionatzen du edozein dela ere bizi esparrua. Arraunlariak barne. Kontxak erakutsi digu argiki aurtengo estropadan. Klubek agintzen dute arraunlarien jardunetan. Federazioek klubenetan, eta estropada antolatzaileek federazioenetan. Arraunlaria dugu ahulena bere azkarrean. Eta salbuespenak salbuespen, profesional bakarrak, beren jardunek erakusten duten bezala. Elkarte bat egitera doaz. Ongi. Eurena zaindu nahi dute orain arte ez bezala. Indartuko dute bere katebegia, baina ez dute eskema hankaz gora jarriko. Menpekotasunean jarraituko dute, ez dute katea kontrolatuko. Ez dute behintzat bere komunikatuan horrelakorik aipatu ere egin. Izan ere onartua dugu guztiok, mailakatze sistema bakarra dela eta ezinbestekoa, ez dagoela modurik sortzailea eta kudeatzailea izateko batera. Bitartean Iñakik jarraituko du beretik, bakarrik, ito nahi duen kate erraldoia hautsi nahian. Gosez.