argia.eus
INPRIMATU
Elurra, izarrak
Rosa Martin Sabaris 2021eko uztailaren 19a
Esku ilunak telebistako pantaila seinalatu du: «Hori daukagu guk Saharan, hori daukagu guk!». Begiratu dut eta milaka puntu zuri-beltz ñir-ñir, eta zarata. Hori baino ez. Udako ekaitzak eraginda, emanaldia moztu egin da. Elurra deritzote teknikoek, seinalerik eza. Baina ez omen da elurrik Saharan. Eta hala ere, baietz dio Hafdallah-k, hori ematen dutela Tinduf-eko kanpamentuetan daukan hautsitako telebistan. Aurkitu du, bilatzearen poderioz, daukana erakusteko abagunea.

Elur horri begira geratu naiz, eta poltergeist batean bezala, neska baten aurpegia azaleratu da elur-maluten artetik. Beste telebistari begira dago Natasha Kanpusch gaztea. Azken zortzi urte hauetan, "irakurri, etxeko lanak egin, telebista ikusi, hitz egin, eta janaria prestatu", horixe egin omen du. Holakoxea da lagun askoren eguneroko jarduna, eta irakurri eta asko hitz egin gabe ere eman dezake beste askok bizitza. Elurra baino gehiago ikusi du Natashak giltzapeko telebista horretan, nonbait ikasi du eta bere borreroa eta kateak maitatzen.

Halaber, pentsamendu propioa eta telebistarekiko independentea duela ere erakutsi du idatzi bide duen komunikatuan: ez duela komunikabideek muturra sartzerik nahi, zuloa bere etxea izan dela eta bere intimitatea berari dagokiola eta ez beste inori. Eskolatik zetorrela bahitutako ume honek nerabe burtzoro bihurtuta amai zezakeen itxialdia, baina ez, horra hor heldu buru-argiaren erantzuna. Antza.

Telebista gora telebista beherako kontuekin higuinduta, tartekaritza-bideez okituta, benetako zapore, usain, ehunduraren bila abiatu naiz, egiazko sentsazioen bila, zuzeneko soinuak eta irudiak, errealak, instant bakar honetakoak, dastatze aldera. Silvioren kontzertua suertatu da aukera ona garai bateko plazera gaur egunera ekartzeko. BECeko Bizkaia Arenan milaka gorputzen beroak hasi du epeltzen kanpotik nekarren hotz hezea, eta begietan kokatuta nuen elur-irina urtzen hasi zait. Ez da elur-girorik jada. Ilun dago, baina nahiko argi ikusten da, desagertu da halakoetan inguratzen gintuen lainoa. Jendetza honen poltsiko gutxi-gutxitan daude poxpoluak. Surik ez den lekuan, kerik ez, esan dut nirekiko. Eta antzinako iluntasun goxo hartan pizten genituen metxeroez gogoratu naiz, udako gau bateko zerua zirudien, hain ziren ugariak argi gorrixka haiek.

Hasi dira oraintxe bertan izar zuriak pizten. Han-hemenka, izar zuri-zuriak, ñir-ñir hauek ere. Argazki-kamarak eta mugikorrak nonahi, orain eta hemen guztiak deusezteko sortutako bi hazbeteko pantailatxoak. Izar zurbilak, hitsak, margulak. Elurra bezain hotzak.

Eta izar gorrien mina sentitu dut.