13 hektareatan, Chillida-Leku museoko kanpoaldeak 40 eskultura ditu ikusgai. Granitoa, harria edota harzuria erabiliz egindako tamaina eta testura ezberdineko artelanak dira. Argia bilatzen lanak 9 metroko luzera du eta Lotura XXXII eskulturak 60 tona pisatzen ditu, baina Estela V obra, adibidez, metro bakarrekoa da. Zabalaga baserria 1543. urtean eraiki zuten. Zaharberritzearekin batera, barrua hustu eta dimentsio txikiagoko obrak bertan bildu zituzten. Lehen solairuan harzuria, granitoa eta terrakotarekin egindako azken hogei urteetako lanak daude. Bigarrenean, Chillidak 1948tik aurrera Parisen egindako obrak jaso dituzte eta hirugarren aretoan, obra publikoetako proiektuak ikus daitezke. 60ko hamarkadan egindako eskuen marrazkiak eta harzurizko eskultura txikiak ere ikusgai daude bertan. Azkenik, laugarren aretoa behin-behineko erakusketak antolatzeko erabiltzen da. Bi urtero EHUk Donostian antolatzen duen filosofia kongresuari buruzko behin-behineko erakusketa zabalduko dute irailean. Aurten, Platonen kobazuloa izango da kongresuaren ardatza eta horren inguruko lan bilduma erakutsiko du museoak. Chillidaren obretan materialaren, bolumenaren eta espazioaren garrantzia antzemango du bisitariak eta gizakia, artea eta natura nola uztartzen diren sentitu ahal izango du, artistaren nahia hori baitzen.