argia.eus
INPRIMATU
Pin Pan Pun: «Pin Pan Pun Bandek erakutsi dit hardcorea dela gehien gustatzen zaidana»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 16a
Batukada eta erritmo latinoagoak landu ostean, sustraietara bueltatu zara. Zer ikasi duzu azken urteotan eta zergatik itzuli zara hardcorera?
Asko ikasi dut esperimentatzen ibili naizelako, eta lagun asko egin ditut... Baina, konturatu naiz hardcorea eta kaña direla gehien gustatzen zaizkidanak. Hori ere erakutsi dit, eta horregatik bueltatu naiz Etsaiaken ildora.

Txus gitarra jotzaileak ekarpen handia egin dio taldeari. Heavy ukitua ere eman dio.
Bai. Berez taldea osorik aldatu dut. Musikari gazteak behar nituen, indar gehiago emateko, eta oso gustura nago. Txus heavy eta thrash taldeetatik dator eta gainera Etsaiaken jarraitzaile amorratua izan da. Hori igartzen da. Odol berriak gaztetu egin gaitu. Bestalde, urrian Kuban izan ginen eta hango metal taldeek ere eragin digute disko hau egiteko.

Rockaren biktima zarela diozu...
Bai, rockzale gehienak gara horren biktimak, baina zentsuratuak izan diren talde guztiei dedikatuta dago.

Elizari, emakumeei, naturari, presoei... abesten diezu. Etsaiaken hastapenetatik ez dira munduan gauzak hobetu?
Egoerak berdin jarraitzen du. Hortaz, kritikatzen jarraitzen dut. Diskoaren izenburuak argi uzten du helburua. Hala, arrakalatu Lekeitioko esamolde bat da, agrietar.

Hego Amerikak eta Kubak, batez ere, eragin handia izan du zuengan...
Bai, han musika hemen baino askoz modu intentsuagoan bizi dute. Horren bila joaten naiz hara. Horrez gain, han taldeen artean oso harreman ona dago. Kuban bost aldiz izan naiz, eta gazteek eta batez ere rockzaleek zentsura handia bizi dute. Badakite Raul Castrorekin ere ez direla gauzak aldatuko.

Zein da une honetan Etsaiak taldearen egoera?
Oraindik ez dakigu zer egingo dugun. Taldekide guztiok beste proiektu batzuekin buru-belarri gabiltza. Behin-behineko itzulerak egingo ditugu, jaialdi edo helburu berezietarako.

* * * * * * * * * * * * * * * * * * * *
Sistema arrakalatu Pin Pan Pun
Oihuka
Iraupena: 37'04'' 14,45 euro

Etsaiak hardcore taldearen bigarren belaunaldia

Etsaiak taldeko abeslari Auok hainbat urte bete ditu Pin Pan Pun Band proiektuarekin. Hainbat urtetan erritmo latinoak, perkusio ugari eta ohiko doinu gogorrak batu zituen koktelera bizi batean. Orain dela gutxi, berriz, taldea birmoldatu, "band" izaera eta deitura kendu eta Etsaiaken ildora bueltatu dira. Horretarako, musikari gazteagoz inguratu, eta gitarrekin heavy edo metal kutsua eman badiote ere, lekeitiarrek hastapenetan egiten zuen hardcorera bueltatu dira, punka eta giro lasaiagoak uztartuz. Mundua hobetu ez denez, agintean dauden estamentuei gogor egiten diete, eta Euskal Herrian zentsuratutako musika taldeen eta Kubakoen omenezko bi kantu idatzi dituzte. Etsaiak taldeak atsedena hartu bitartean badu Auok indarra eta amorrua nondik bideratu, pin pan pun, pentsatu ahala eginez.