Nola sentitu behar dugu Zuberoa?
Hegoaldeko jendeek uste dute Zuberoa magikoa dela, iraganekoa. Ez! Zuberoa beste eskualde guztiak bezala bizi da: ahal den bezala, sosaren arabera -sosa baita, nonbait, nagusi dena-, eta gazteek aurkitzen duten lanaren arabera. Herriko bizia horretan loturik da. Eta, gero, kultur sailean, bizi azkar bat, bai pastoralaren bidez, maskaradaren bidez, edo jai berrien bidez.
Jai berriak?
Bai, zeren eta jai berri anitz sortzen baitira urte oroz. Bat edo biga baitira, herrietan, beti! Zenbait berrikuntza baita kultur sailean urte oroz. Oiherko trajeria, pastorala, manera berezi batez emana izan da Ahuzkin. Horrek du emaiten indar bat gure kulturari, zeren heltzen baitira lehengo ohituren atxikitzera, pastorala eta maskarada lehengo ohitura baitira, eta heltzen baitira sorkuntza berrien ezartzera, artean. Eta horrek du indar berezi bat emaiten, ene ustez.
Zuk ere baduzu parte jai berrietan. Zuk zuzentzen duzuna da Antzina pika ikuskaria. Hirurogeita hamar dantzari gazte, lanean.
Bai. Hirurogeita hamar dantzari, hamar edo hamabost musikari, teknikaren aldetik beste hamar bat jende... orotara, ehun bat arizale. Aitzindari elkartearen federakuntzarekin egiten dugu hori.
Urriaren 28an, San Simon eta San Juda. Ilunarekin eginen duzue. Gau-ainarak bezala. Saguzarrak.
Izanen baitira argi-jokoak estradoaren gainean. Gero, lau-bost aldiz emanen dugu Hegoaldean: Getxon, Amurrion, Arrasaten... hiru horietan segur da. Gero, agian, menturaz, Hondarribian, eta Iparraldean, kostaldean, Miarritzen.
Badakit ez duzuela bospasei emanaldi horiek baino gehiago eginen.
Ez da posible, zeren eta hirurogeita hamar dantzari horietan badira Zuberoako hamalau herrietarik etortzen direnak. Horiek gauza asko egiten dute: bai kirolean, kultur munduan, estudioak, lanak edo beste. Ez da posible urte batez edo bi urtez horien begiratzea gauza bati buruz. Ezin da. Horretarako dugu erabaki hasiera-hasieratik sei hilabeteren barne egin eta emanen genuela. Helburu bezala hartu dugu ikusgarri horren egitea, Zuberoako dantzari ororekin, baina gela baten erosteko Maulen, dantza-gela baten egiteko. Gela hori izango litzateke Xiberoko Botzaren gainean den gela.
Hegoaldeko udalekin izan zarete harremanetan. Laguntza gehiago ez duzue galdeginen gela horren erosteko?
Bai. Galdegin dugu.
Eta?
Badugu laguntza Udalbidetik. EAJ-EAko udalbiderekin harremanetan sartu gara. Laguntza ukanen dugu. Aski? Beti nahi genuke haboro, gehiago, baina ontsa da.
Xiberotarra, jende xehea, oharturik da gai hauen gainean, ala elite batentzako ari gara?
Jende xehearendako. Aitzina pika ikusgarria, adibidez, denek badakite ari garela horren antolatzen, zeren eta hamahiru edo hamalau herritako gazteak biltzen baititugu, eta horiek aipatzen dute beren herrietan.
Hamalau urtetan hasi zinen dantzan eta orduan zen zugan piztu...
Fedea.
Hara!
Hori da, egiazki hori da, fedea. Eta fede horren txinka pizteko, agian, dantza taldean aurkitu nuen. Sei mutiko ginen taldean eta batek izugarrizko xiberotar euskara aberatsa hitz egiten zuen. Eta hitz egiten du, beti. Poio Pinque. Dantzari ohia da, Barkoxen berean bizi dena. Horrek bazuen egiazki aberastasuna ahoan. Hegoaldean ginelarik, edo Iparraldean, dantzan, kantuan edo edozein euskaltzale bestetan, berak hitz egiten zuen trankil, lasaiki. Ez zuen batua ezagutzen baina hobekien heltzen zen jendeengana. Horrek, nonbait, nahikunde azkar bat piztu zuen ene baitan, manera horretan mintzatzeko jendeekin.
Dantzaren bidez piztu zen «fedea» zugan eta, egun, bide horretan ari zara Aitzina pika ikusgarriarekin. Baina maskaradak eta pastorala ere barnean dituzu. Ez dakit mundu arras diferenteak diren...
Enetako ez. Xerkatzen baduzu barnetik, maskaradak, pastorala edo kultur sail osoa, oso diferent dira baina badituzte zenbait ezaugarri komunak; batetik, mintzajea, eta bestetik, sozial arloan indartsu diren ezaugarriak, zeren eta balio baitute jendeen biltzeko eta komunikatzeko, bai eta belaunaldien artean ere, erran nahi dut gazte eta gehituen artean. Bestalde, kultur ikusgarri horiek kultur mundua zabaltzen dute, mundu desberdinetako kulturetara. Zure kultura ezagutzen duzularik, maite duzularik, joan behar duzu ikustera nola diren Hego Ameriketan, Errumanian, Irlandan edo Kortsikan. Ez da mundu hertsia. Enetako ez.
Pastoralean garelarik, badira kristïak, tturkak, satanak... eta badira dantzariak, pastoral ikusleak bereziki maite eta txalotzen dituenak.
Bai, herri orotan izan baitira dantzari ohiak eta ezagutzen baitute Zuberoako dantza. Baina, dantzarien ikustez, so egileek sentimendu azkarrago ukanen dute maskaradetan. Maskaradak baitira dantzariendako goi-mailako gauza bat, eta ez agian pastoralak.
Ohar bat, Patrick. Ari dira dantzariak pastoralean eta, albotik, jendeek erranak: «To, neskak dituk mutilen dantzan ari!».
Guk hirurogeita hamar dantzarietan laurden bat dugu mutil, bestea neskak. Ohartu gara, duela hamabost-hogei urte, Zuberoako dantza desagertuko zela neskatilak ez baziren hasi dantzan. Lehen, duela berrogeita hamar urte, neskatilek debekaturik zuten, Zuberoako dantzen ikastea. Mutikoek baizik ez zuten ikasten. Mutiko asko bazen, eta hoberenek baizik ez zuten dantza egiten. Erran nahi du, eman dezagun etsenplu bezala, Barkoxeko herrian hirurogei mutiko ttipik ikasten zuela lehen urratsak egiten, eta gero, bost edo sei baizik ez zirela ari. Hoberenak, zeren pasta anitz baitzen, mutiko anitz. Zinez diferente da orain. Zer hagitu da? Mutikoek utzi dute dantza futbolean aritzeko, mendian ibiltzeko edo beste zenbaiten egiteko. Mutiko horiek dantzetarik desagertu dira eta neskatilak hasi. Eta hamar edo hamabost urtez neskatilek ez bazuten atxiki, egun ez litzateke hainbeste dantzaririk. Azken zazpi-zortzi urtetan mutikoak berriz etortzen dira dantza eskoletara eta baditugu, arra, mutikoak eta neskatilak elkarrekin ari. Hori da egungo egoera.
Horregatik so egile haien arrengura, «neskak mutilen dantzan ari».
Ez badago mutilik neskekin egiten duzu! Nola behar zen egin!
Gure alderdian jende askok entzun zuen lehenbiziko aldiz Zuberoa...
Lertxundi.
Nik baino lehen esan duzu: Benito Lertxundi.
Ni haur nintzen orduan. Uste dut Zuberoa laudatu duela. Hasieran, Etxahun eta hemengo kantore zaharrak berriz plazaratu ditu, baina ez Zuberoan baizik, baina bai zazpi probintzietan. Lehena zen horretan. Gero, Imanol ere bai. Eta beste. Lertxundik indar bat egin du bai kantoreen hedatzeko, xiberotar maneran eta folk amini bat ezartzen, horien plazaratzeko, eta jendeek gustuko zuten. Maria Solt, Atharratze jauregian... Euskal Herri osoan ezagutu dira, baina garai hartan, hura hasi delarik, jendeek ez zituzten ezagutzen batere. Alde horretatik, ondo ikusten dut. Beste aldetik, horren ondotik, Hegoaldeko jendeek uste dute xiberotar denek kantatzen dutela, baina ez da hala. Zuberoan, beste eskualdeetan bezala, badira kantariak, eta kantari ez direnak. Denetarik bada. Lertxundik amini bat irudiarazi dio, ene ustez, Hegoaldeko jendeari txartel postal bat bezala dela Zuberoa. Baina ez da hori. Ene ustez hori ez zen Lertxundiren buruan, baina jendeek hala dute hartu hark kantatzen zuena. Hegoaldeko jendeek uste ukan dute hemen orok, hamahiru milak kantatzen zuela, orok Zuberoako kantoreak ezagutzen zituztela. Gezurra da hori. Lertxundik ez du sekula horrela erran, ez du hori pentsatzen. Baina...
Oroit naiz Etxahun Iruri pastorala eman zelarik, jendea altxaturik Agur Zuberoa kantatzen. Hortik ere bai, Zuberoaren gainean egina dugun irudia.
Zuberoa ez da so egin behar jaien bidez, ez pastoralen bidez. Kultur mailan egiten dugun gauza bat da hori.
Uste dut pastoral eguna dugula Iparraldean denik eta urteko kultur jairik handiena.
Bai. Hala da.
Beraz, ez dut konprenitzen euskal irratiek hasten duten programazioa bigarren mailako futbol partida baten emankizunarekin.
Kar, kar, kar... euskal irratietan... Hegoaldean!
Bai, EITB behar nuen erran.
Ez diote lehentasunik ematen kulturari.
Bigarren mailako futbol partidak du lehentasuna.
So egile haboro baita bigarren mailako partidetan!
Maite duzu nola etortzen garen Hegoaldetik Zuberoara, turista huts, argazki kamera lepotik zintzilik?
Bi gauza hor. Maite dut Hegoaldeko jendea etortzea bisitatzera, bazterren so egitera edo Zuberoa ezagutzera. Hori zinez inportantea da, Zuberoak behar baitu izan zabalik. Baina, iruditzen zait jende horiek uste dutela paradisu batera etortzen direla. Behar da oroitu hemen ere badugula, beste probintzietan bezala, arrengura, bizia, lana... ez dela oro arrosa eta eder. Ez dela mendia, kantorea edo dantza baizik, badela jendea lanean, indar egiten duena hemen bizitzeko eta eskualde hau bizirik egon dadin. Eta zinez gaitz da hemen egotea gazteendako. Lana aurkitzeko, etxe baten erosteko, edo ofizio baten ikasteko. Horiek arrengura txarrak dira! Ene ustez, Hegoaldeko jendeak ez dira ohartzen.
Zehazkiago, zer diozu maskaradak ikustera datorren jende andanaz?
Gauza ona da. Saldoka jiten dira, autobusak beterik, baina ez dituzte maskaradako erregelak ezagutzen. Jiten direlarik eta barrikadak ikusi, uste dute denentzat zabalik dela, eta hasten dira jaten eta edaten maskaradariak baino lehen, eta, izatez, lehenik maskarada iragaten da, dantza egiten dute, kantatzen, eta gero, errezibizaleek, barrikadak altxatzen dituztenek, eskaintza egiten diete jokulariei jaten eta edateko, eta gero gomitatzen dituzte lagunak, herrikoak edo kanpokoak. Arrastiriko jokoetan ere, behar da errespetatu jaia. Publikoak txalotu behar du, baina ez jokulari artean joan argazki tiratzeko. Horrela banalizatzen dugu. Gauza anitz egiten ahal da, argazki eta filma, baina jokoa eta jaia errespetatuz.