Joseba Azkarraga:«Krisia ez dago bake prozesuan, Gobernuaren jokabideetan baizik»


2021eko uztailaren 20an

EA eta EAJren arteko koalizioa hizpide abiatu dugu elkarrizketa. Une horretan ez genuen ezagutzen EAko Batzar Nazionalak herri eta foru hauteskundeetan bakarka joateko hartutako erabakia. EAJrekiko harremanetan EA Harrizko gonbidatua edo Troiako zaldia ote den itaundu diogu solaskideari: «Ez bata ez bestea. EA gobernuko bigarren alderdia da. Hezkuntza, Ingurumen nahiz Justizia eta Lan esparruetan ardura garrantzitsuak dituena. EA leial ari da lanean, koalizio gobernuetan funtsezkoa elkarrekiko konfiantza baita».

Zer egin dezake Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak Rafael Verari hirugarren gradua eman izana salatzeaz edota euskal preso politikoen espetxe politika kritikatzeaz gainera?
Bada, salatu eta salatu. Urteak daramatzagu hori egiten, justizia ez baita behar bezala aplikatzen. Espainiako Gobernuak -PP edo PSOErena dela berdin- oso gaizki ari dira eskubide eta askatasunaren ezarpenetan. Oraingo gobernuak berebiziko interesa du bere presoen zigorrak arintzeko. Rafael Vera edo Rodriguez Galindorenak, esaterako. Aldiz, legeen erabilpen interesatua medio, euskal presoak kaltetzeko interesa du. Gure gobernuaren zeregina hori salatzea da, beste batzuk isiltzen baitira.

Iñaki de Juanaren kasua, esaterako.
Auzi hau bidegabekeria da. Epaileek lotsatu beharko lukete eta zer esanik ez askatasunaren eta eskubideen bermatzaile izateaz harro den PSOEren gobernuak. De Juana edo Parot presoekin edota preso sozialekin gertatzen dena onartezina da. Presoak delituen zigorra bete ostean kartzelan egotea ez dator bat zuzenbidezko estatuaren izaerarekin, askatasun gabezia duen estatuarekin baizik.

Datorren maiatzeko foru eta udal hauteskundeek eragin al dezakete bake eta normalizazio prozesuan?
Ez dut uste. Bake eta normalizazio prozesuak bere bidea darama, eta bi bide ondo bereiziak ditu. Batetik, ETA eta Gobernuaren artekoa, dagoeneko gauzatzen ari dena eta epe ertainean emaitzak ekartzea espero duguna. Bestea, alderdiek burutu beharrekoa da, funtsezkoa eta hauteskundeetan eragin behar ez duena, edo alderantziz, hauteskundeek ez dute normalizazio prozesua eragotzi behar.

Normalizazio ezak Batasunaren parte hartzea baldintzatzen du alabaina.
Estatu demokratiko batek pertsona guztien parte-hartzea bermatu behar luke ordea.

Batasuna izenez edo beste batez izan behar du Batasunak hauteskundeetan?
Batasuna bezala. Onartezina da ad hoc lege bat sortzea inor zigortzeko. Estatuan ez da alderdientzako lege bat onetsi, alderdi konkretu bat legez kanpo uzteko lege berezi bat baizik. Hortaz, txandrio hau egin duenak, hanka sartu duenak, konpondu behar du, hau da Espainiako Gobernuak. Gobernuak ezin digu bere akatsak zuzentzeko eskatu besteoi. Eta nahiz legea onartu zenean PP Gobernuan zegoen, legeak PSOEren babesa izan zuen. Beraz, aukera erreal bati egitatearen bidez eman behar dio bide, Batasunari hauteskundeetan parte hartzen utzi behar dio, besterik gabe.

Espainiako Gobernuaren asmoa ikusita, Batasuna oraingo legearen markoan legalizatzera «behartu» nahi du.
Hori txantajea da, onartezina. Onartezina den bezala Batasuna legalizatuz gero, presoen mugimenduak izango direla adieraztea. Batasuna ez da legalizatu behar, Batasunari gainerako alderdiok ari garen esparruan aritzea baimendu behar zaio, eta hori ez da Batasunaren erabakia, Gobernuak dioen bezala, Gobernuarena baizik. PSOEk PPren zaintza du eta ezintasun izugarriak berau gainetik kentzeko. Gobernu sozialista noraezean eta alderrai dabil, egun batean pausoak alde batera ematen ditu eta biharamunean bestera. Krisia ez dago bake prozesuan Gobernuaren jokabideetan baizik.

ETA eta Gobernuaren arteko elkarrizketak hasiak ote dira?
Jakina. Bestela nola iritsi gara une honetara? Ni elkarrizketan aspalditik ari direla esan dudalako kritikatua izan naiz. Bestela, nola? Bat-batean, abuztuan biltzen dira edo ez dira biltzen!?. Logikoa da gainera PSOEk ETArekin akordio bidea bilatzea. Eta hori gauzatzen ari da.

Uneon nola egon daitezke elkarrizketak?
Ideiarik ez.

ETAk dio prozesua krisian dagoela.

Horiek barne kontsumorako hitzak dira, ETA nahiz Batasunaren aldetik. Jakina, prozesua ez da erraza, ez samurra. Entzutegi Nazionalaren jarrerak, 18/98 sumarioak, eskubideen murrizketak eta debekuek, horiek guztiek krisi egoera sorrarazten dute. Baina benetako krisia bestelakoa da, eta sor daiteke baldin eta PSOEren Gobernuak prozesu honetan alde bat garaile atera daitekeela pentsatzen badu. Hau da, partida honetan gol askoz irabazi dezakeela pentsatzen badu, bada krisia izango da. Espainiako Senatuko presidente Javier Rojok «Zuzenbidezko estatuaren garaipena terroristen aurka izango dela» dioenean, oker ari da. Akordio batek ETAri bukatzeko aukera eman behar dio, eta hori ezin da irain eta umiliazioaren bitartez egin, bestela ez dago irtenbiderik.

Zapaterok iragarri zuenez prozesua luze joango da. Tempoa da gakoa, politikan berealdiko aldagaia.
Bai, tempoa funtsezkoa da, baina prozesuak indarrean izan behar du. Prozesua ageri da ibilian eta gizarteak hauteman behar du zerbait ibili dabilela. Gizarteak ez badu hori antzematen bizkarra eman diezaioke prozesuari eta utzi egingo dio prozesuan sinesteari. Bake prozesu baten garapenak ez badu gizartearen babesa, honen porrota izango da.

Gizartearengana jo beharko da prozesua bultzatzeko? Esperantzarik ba al dago?
Esperantza badago. Eta ez da baztergarria gizartearengana jotzea, bere parte-hartzea bilatu behar da, gizarteari deitzea, kontzeptu bezala, ondo dago, beharrezkoa da. Ni baikorra naiz. Hau da, prozesuak zerra-hortz ugari ditu, bertan behera gelditzeko interes asko dago, eta krisiak eta geldialdiak izango direla ere badakigu, baina gizartearen borondatea gailenduko da, euskal gizartearen gehiengoaren nahia prozesua gauzatzea delako. Beraz, gizartea prozesua irabazten ari da, prozesua ez da gelditua.

Alderdien mahaiaren osaketa da prozesuaren beste gakoetako bat.
Bai. Dudarik gabe. Gakoa ETAren amaiera izanda ere, beste gakoa akordio politikoa lortzea da. ETAren arazoa politikoa da eta gatazkaren erroetara jo behar dugu. Bestela arazoa hibernatuko da eta berriz ere esnatuko. Horrek alderdi politikoen arteko negoziazioa eta akordioa eskatzen du, eta hor negoziagarri ez den puntu bat dago: euskal gizarteak erabakitzeko duen ahalmena. Hori ezin da negoziatu. Herritarroi eskubide hori dagokigu, eta modu praktiko batean onartzen ez zaigun bitartean gatazkak bizirik segituko du. PSOEk ez dio zinez auzi honi aurre egin nahi, presionatzen duten sektoreen beldur baita: PP, hedabideak, judikatura... Horiei aurre egitea PSOEren egitekoa da ordea, ez gurea.

Abertzaleek mahaian aurreakordio batekin eseri beharko luketela esan du Begoña Erraztik.
Ados nago. Ez erabatekoa, baina akordiorako oinarrizko batzuk adostu behar genituzke: hala nola, metodologia, zenbat mahai behar diren eta egutegia, areago, alderdi abertzaleen arteko akordioaren gutxienekoa zehaztea.

Hori Lizarra-Garaziko Akordioaren eskemara itzultzea da nolabait.
Lizarra-Garaziko Akordioan haratago joan zen abertzaleen artean. Orain mahaia abiatzeko minimoaz ari gara, gero akordioak gehiago ekar lezake.

Mahaia edo mahaiak?
Gu herri bat gara. Gure kontzeptua ez da EAE, gure herriaren kontzeptua Euskal Herria da. Beraz, logikoki, lehen planteamendua mahai bat izatea da. Ondoren Euskal Herria osatzen duten errealitate politikoak kontuan hartu behar dira eta horiek aztertzeko mahaiak osatzea komenigarria da.

EAJ, Batasuna eta PSEren ménage a trois formula behar da hala ere.
Nire inpresioa da ménage a trois baino ménage a deux dagoela, Batasuna eta PSEren artean batez ere. Beraiek badakite, prozesuaren arrakastaren ondorioz haiek direla bereziki irabazle aterako direnak. Prozesuaren foko katalizatzaile nagusiak biak dira. Publikoki dioten baino harreman gehiago dute. Patxi Lopezek dioenean ez dela Batasunarekin berriz hitz egingo legala izan arte, gezurretan ari da. Hitz egiten ari dira, eta segi dezatela hitz egiten.

Gakoa ere EAJren zeregina izaki, EAk zein neurrian eragiten du subiranotasunaren gaian EAJren baitan?
EAk eragiten du EAJren baitan eta bestelakoetan ere bai. Bake prozesua abiatzeko elkarrizketetan eragin dugu. Eta EAJ eta Batasunaren arteko akordioa lortzeko eta lehen aipatu dudan abertzaleen arteko gutxieneko akordioa lortzeko ere eragiten ari gara.

«Politika bat adosteko gonbitea egiten diet sindikatuei»
Kezka handiz bizi ditut lan istripuak. Azkenaldion gorakada izan da tamalez. Egiari zor, istripuen kopurua nabarmen murriztu da iaztik hona -%40 gutxiago dira-, hildakoak izan diren istripuak barne. Eraikuntzan eta industrian txokeko planak ezarri dira, baina tamalgarria da gure sailaren aurkako sindikatuen kritikak entzutea eta Espainiako Gobernuaren aurka bat ere ez. Areago, honek lan istripuen prenbentzioaren politika integrala ezartzeko bitartekoak ukatzen dizkigunean. Sindikatuek lan inspekzioa gure esku izatea aldarrikatu behar lukete, oraindik administrazio zentralaren esku baitago. Sindikatuen jarrera ez da leiala, areago akordio batera iristeko gure nahia azaldu ostean. Kritikak legitimoak dira, baina mingarriak dira zuzenak ez badira. Gure sailak enpresa zigortuen erregistroa osatu du, legea bete ez duten enpresak ez daitezen zigorretik libratu. Estatuko lan administrazioak erregistro hau bertan behera uztea exigitu digu, bere eskumena dela dio. Baina, hara, eurek ez badute legea aplikatzen, guk egingo dugu. Enpresariei legea bete dezaten eskatzen diet eta sindikatuei berriz, garatu beharreko politikak gurekin adosteko gonbitea egiten.


Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude