argia.eus
INPRIMATU
Festarik behar bada
2021eko uztailaren 16a
Kantuak nahi duena esango du, "festarik behar bada" eta abar, baina donostiarrok ez omen dakigu festarik egiten, udan behintzat. "Omen" diot, izan ere ez naiz ni auzia epaitzeko egokiena, ihesi egiten dudanez gero halakoetatik, eta "omen" diot jende askojakin ugari ari delako hori esaten azken bolada honetan. Kontuak ez ninduke askorik kezkatuko donostiarrok bai baitakigu gure herriak betikoa duela fama ondo merezia eta bestetan ez bezala hemen gazteria amaren sabeletik datorrela ikasia. Baina ustekabez Donostiako telebista lokalean mahai inguru bat ikusten ari nintzela konturatu naiz bukatu dela harrotasun (harrokeria) sano (?) hori. Dozena erdi donostiar ari ziren gauza bera esaten, alegia, ez dakigula festarik egiten, gauza guztiak antolatzen ditugula ikusteko eta ez parte hartzeko, begirale hutsak garela ez dantzariak, ñoñostiar batzuk garela eta abar. Eta abarretatik erori nintzenerako egina nuen bide luzea autogorrotoaren autopistan, badakizue iluntzeko ordu tonto horiek zer diren sofan eserita eta telebistari begira, aurrean jartzen zaizun edozein txikilikuartori arrazoia emateko konforme jartzen zara berez. Baina han zebilen erausia gehiegizkoa iruditu zitzaidan.

Eta planto egin nuen. Ni ez naiz ñoñostiarra. Eta dibertitzeko garaia eta gogoa izan dudanean, ederki asko dibertitu izan naiz Donostiako Aste Nagusian bezala Garizuman. Orain beste modu batera dibertitzen naiz, eta ez dirudi gure festak adin batekoentzako pentsatuta daudenik (ezta beharrik ere, bide batez esanda, ez dut ideiarik eman nahi), baina gazteago nintzela, hogei urte bete gabe, gauza nintzen baita Pasealeku Berrian antolatzen ziren berbena kaskar haiekin gozatzeko ere. Non ote dira hiru xahar maitagarri haiek, ahal zuten bakoitzean "Bandido" pieza hura jotzen zigutenak?

Orain nire dibertsioa terraza batean egotea da lasai hizketan, eta konbertsazioa luzatuz lortzen badut berandutzea eta suetarako ordua pasatzea, pozik ni. Tira, onartzen dut, ni asperrontzi bat izango naiz, baina benetan nire onetik ateratzen nauena da donostiar gezoi zein jarraibide eredu jartzen zaigun ikusteak. Zorabioa sortzeko modukoa da ikustea nola barneratu zaigun izan behar genukeenaren eredua.

Zutik barrez entzun behar izan nuen Iruñeko San Ferminak zirela noski festa ederrak. To, nire artean, ba nik ez joateagatik dirua emango nuke. Gasteizko blusen inbidiatan hitz egin zuen, itxuragatik seme-alabak hamaiketan etxean legepeko langan sartu ezinik zebilen aita familiako batek. Eta ni neure baitarako ari nintzen zer arraio egiten ote duten Gasteizko blusek pentsatzen: zezenetara igo eta jaitsi prozesioan. Eta haiei begira jartzen direnak espaloietan donostiarrak izango dira, ala? Bilbokoak bai partizipatiboak, ordea! Jakina, kristo guztia ikusten dut nik dantzan Viva Vizcaya cantora abesten. Baionakoak ez ditut hainbat ezagutzen, behin izana naiz besta biharamunean eta ez zait oraindik sudur-mintzetatik kendu hango kiratsa. Gainera, azken bi urteko esperientzia ikusirik, ez dut uste gure aita familiakoak hola eta hola utziko liekeenik bere alabei Baionara festetan sartzen...

Donostiarrok ez omen dakigu festak antolatzen. Ez dago gaizki. Nik behintzat ez diot inori aholkatuko gurera etor dadin asperrontzi batzuk garelako. Ezta San Sebastian bezpera batez ere. Esaten duten guztia egia da: jendea danborra joz kalean gora eta kalean behera, ez da besterik. Gertatzen dena da, nire aholkua gorabehera, ipurtzuloraino betetzen zaizkigula bazterrak hala ere. Eta ez dugula terraza bat libre aurkitzen ezta gure erlijioa praktikatzeko ere: izozkia janez suak ikustea.