argia.eus
INPRIMATU
Mutrikun ez ezik, Pasaian ere ekologistak aurka
2021eko uztailaren 19a
Dagoeneko mintzatu gara Mutrikun kanpo-dikearen eraikuntzak sortutako haserreaz. Bada, gipuzkoar kostaldeko beste aldean ere ika-mika askotxo eragin dute erakunde publikoen asmoek. Pasaiako portu berriaz ari gara, noski.

Jaizkibel Bizirik taldeko Javi Delsak dioskunez, portuak sekulako kaltea egingo luke balio handiko ingurunean, eta gainera ez lituzke iragarritako helburuak beteko. «Hazi beharra aipatu dute, baina aurreikusten den hazkundea ez da oso handia. Portu-agintaritzak 2000. urtean egindako aurreproiektuak zioen urteko sei milioi tonako trafikotik 8.350.000kora pasatuko zela. Hori ez da asko. Ingurumenari egindako kalteaz gain, proiektu hau ez da onargarria, ez eta bideragarria ere, ekonomiaren ikuspegitik».

Delsak Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren ikerketa bat ekarri du gogora: «Gaur egungo portua gaizki kudeatuta dagoela frogatu dute, beraz ez da txiki geratu. Askoz leku gutxiago hartuta ere gaur egungo jardunari eutsi ahal zaio, beraz bada hazkunderako aukerarik. Argudioetako bat izan da ontzi batzuek arazoak dauzkatela badian sartzeko, sakonera eskasa dela-eta, baina hori inguruko portuekin -Baiona, Bilbo- lankidetza sustatuz konpon liteke. Bilbokoak, esaterako, bere kapazitate osoaren heren bat baino ez du erabiltzen».

Portu berriaren bultzatzaileak, bestalde, tinko ageri dira haren alde. «Kanpo porturik ez dela egongo pentsatzea galdutako borroka da», esan zuen orain aste batzuk Koldo Azkoitia Gipuzkoako Aldundiko Lurralde-Antolamendu diputatuak. Erabakitzeke dago portu berria uhartea izango den edo mendiari atxikirik eraikiko duten, baina egin egingo da Azkoitiak dioenez, ingurumenarenganako begirunez beti ere.

Diputatuaren esanetan, gaurko portua gainezka egitear dago, eta kanpo-portuak arazo hori saihestuko luke. Aldundiak, bestalde, merkatal-jarduna kanpora atera nahi du erabat, Pasaiako badia berreskuratze aldera. «Hori da erakundeek orain darabilten argudio nagusia -dio Javi Delsak-; lehen hazkundea zen, orain berreskurapena... Kontua da: lanak burutu egin behar direla nahi eta nahi ez, eta dirua xahutu. Guzti-guztia, jakina, gizartean inongo eztabaidarik egin gabe».