Patri Urkizu.
Zoazte hemendik.
Susa 1995
Nora?
Liburua kronika da, Patri Urkizuk bere aitaren ibilbidea pausatzen digu, urrats anitz, atseden gutxi 1936ko uztailaren 18tik aintzina.
Frankistek Bidasoako Errepublika eta Oarso-Bidasoa, Nafarroatik Gipuzkoara hartu zituzten mendean, erreketea buru zelarik. Patricio Urquizu Marichalar kontakizunaren protagonistak, anitzen gisan, familia utzi eta Iparraldera, gure iparraldera joko du. Hendaian, Donibane Lohitzunen, bere herrian dago, baina, egoera ez da hoberena inon laketzeko, gainera, 1939an II. Mundu Gerra piztuko da. Azkenik, 1940an, Irungo sasi-muga zeharkatuko du Patriciok, eta kartzelako hormak ezagutuko.
Zoazte hemendik kronika da, bere aberrian ihesi dabilen baten kronika, eta ihesaldian, protagonistaren gogoetak. Horien artean, egun ere, historialarien eztabaida iturri direnak, EAJk egin hautuak, Iparraldeko kristauen jarrera Espainiako II. errepublikarekiko, sasi-muga bai, baina... zoritxarrez pasarteren bat ez da aski ongi dokumentaturik.
Zoazte hemendik ariketa da, liburuaren eskaintzak salatzen du, izpirituaren zaindaria oroimena da. Zoazte hemendik, sormen iturria ere izan da, liburu honen pasadizo batek, hasiera ematen baitio, Koldo Izagirreren Martiria ipuinari (Sua nahi, Mr. Churchill?, Susa 2005). Aitzol protagonista duen ipuinari.
Arakatuta ere, gutxi dira Gerraren hasiera Oarso-Bidasoan eskenatoki duten literatur lanak. Aipatuez gain, Alkaiagako Mikel Tabernak idatzi Txokolatezko dinamita (Susa 2001) ipuin bildumako bi kontakizun gerraren hasierako egunetan girotuak dira.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi, Joxe Mari Lopetegi. Errepublikanoen Bertsolaria (Paper Hotsak, 2004) liburua. Hurrengo kapituluren batean, liburuaren berri emanen dugu.
Ez dakigu, Patriciok eta Joxe Marik elkar ezagutzen ote zuten. Horra literatur lan baterako amua.