I
Ikasturte berria
badator ta zelan!
Aulkiak gertu daude
berriz ikasgelan,
arbela zuritzear,
eskola bete plan.
Arkatz, liburu, goma,
guraize, idazlan...
ahaztu gabe «uda»
sartzea motxilan.
II
Maten hau esango du
lehenengo galderak:
-Madriletik Kubara
doa hegazkin bat,
500 kilometrora
minutuak zenbat?
-Segun zenbat dirauen
Iberiako grebak,
hori ez daki ezta
pilotuak berak!
III
Euskarako maistrak
esango du sendo:
-«Mikel etxera doa»
perpausa lehenengo,
zein den subjektua inork
ez al dit esango?
-Nahiz ta kasua zein den
ez jakin hain ondo,
ziur nago ez dela
presoa izango.
IV
Geografiarentzat
heldu da denbora.
«Mapan kokatu Israel»,
lehenengo aproba:
-Israel beti Israel
izan da, señora,
baina pasatzen dabil
marratik kanpora
eta laster Libano
ere izango da.
V
Soinketako klasea
hasiko da berriz
bere salto, flexio
eta korrikaldiz.
-Eman kantxari buelta
hogeita bost aldiz!
-Listo! -erantzungo du
ume batek irriz...
-Ez zinen komunetik
pasatuko, Landis?
VI
Historian Kuba da
azken azalpena,
Gizarten mahai falta
da sumatzen dena,
Naturren badago ke
usain nabarmena...
Argi ikus daiteke
eskolan barrena
Mundua dela denon
ikasgai zailena.