argia.eus
INPRIMATU
ETAk badio, bake prozesua krisian da
Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 27a
Uztailean Gara-k argitaratutako filtrazioaren bidez bake prozesuari buruzko ENAMen ikuspegia oso kezkagarria zela adierazi zen eta abuztuan ETAk argitara emandako komunikatuarekin ikuspegi ezkorra krisi egoera bilakatu da. ETAk egindako salaketa nagusia da «prozesu honek askatu behar dituen korapilo nagusiei negoziazioaren eta akordioaren bidezko erantzun zuzena emateko borondaterik» ez dela erakutsi oraindik eta salaketa horren erantzule nagusiak PSOE eta EAJ egiten ditu. Areago, «hartutako konpromisoetatik aldentzeko jokabidea» dagoela zehazten du erakunde armatuak, konpromiso horiek zeintzuk eta noren artekoak diren esan gabe.

Uztailaren 8ko Gara-ren filtrazioetan zehaztu ziren konpromiso horietako batzuk: Espainiako Gobernuak euskal herritarrek euren etorkizunaz erabakitakoa errespetatuko zuela, segurtasun indarrek atxiloketarik ez egitea, polizi indarren gutxitzea, edota ezker abertzaleko erakundeen jarduera normalizatzea. Gara-ren egun horretako informazioaren arabera, konpromisook 2005eko ekainetik 2006ko otsailera Espainiako Gobernuak eta ETAk izandako negoziazioetan hitzartu ziren.

Eragile politikoek, oro har, ez dute kezka handirik azaldu ETAk prozesuaren analisian egindako krisi eta prozesu irakurketa honi buruz, eta honen atzean egon daitekeen egoera aztertu beharrean, prozesuaren tutoretza egiteko ETAk duen zilegitasun eza azpimarratu dute. Espainiako Gobernutik krisirik ez dagoela iradoki da argi eta garbi. Baina bistan da alde batek krisia dagoela esaten badu, krisia egon badagoela, beste kontu bat da zein neurrikoa eta alde bakoitzak egoera nola interpretatzen duen.


Azken bost hilabeteak: argi-ilunak

2006ko martxoaren 22an aldarrikatu zuen ETAk su-eten iraunkorra eta harrezkero aurrerapen asko eman dira, baina beti ere nahi baino gutxiago, batez ere Estatuaren errepresioaren eta presoen eremuan. Alde positiboan osagai asko daude: su-etena bera, alderdien arteko elkarrizketak, alderdien mahaiaren osaketarako lanak, ETA-Gobernua elkarrizketa, gizarte mailako esperantza... Alde negatiboan ere, dena den, zerrenda garrantzitsua osa liteke: Batasunaren ilegalizazio egoera, errepresio juridiko-polizialen mantentze zorrotza, presoen eremuan aurrera egin beharrean atzera egitea »nagusiki Parot doktrina dela eta», PP eta UPNk prozesuari egindako etengabeko erasoak... Eta bakoitzaren esperantza eta pentsamoldearen arabera, askoz osagai gehiagorekin bete litezke alde on eta txarren zorro hauek.

Krisia, beraz, hor dago, nahiz eta ez dakigun zehatz-mehatz zein mailatakoa den, nagusiki alde bakoitzak bere interpretazioa egiten duelako; ETA «blokeo» egoeraraino iristen da bere definizioan. Harrigarriena da ETAren komunikatuak ez duela halako larritasun zantzurik piztu edo adierazpen publikoetan bederen ez dela halakorik sumatu. Are gehiago kontuan hartuta mehatxua ere komunikatuaren baitan dagoela: «Ohartarazi nahi dugu, Euskal Herriaren aurkako eraso horiek jarraitzen badute, ETAk erantzun egingo duela». Ez du erantzun mailaz hitz egiten, baina prozesu hau guzti hau bukatu arte ez litzateke ahantzi behar ETA erakunde armatua dela.

Edozein modutan, badirudi Pernandoren egia hori ahaztu nahi dela, ETA oraindik hor dagoela alegia eta bake prozesu hau ez dela onik iritsi bere amaierara. Klase politikoan barneratuegia dago honako ideia: erakunde armatua gidatzen dutenek erabakia dutela borroka armatua utzi behar dela eta, beraz, krisiak krisi, prozesuak aurrera jarraituko duela oztopo guztien gainetik. Baliteke hala izatea, bada hori pentsatzeko datu eta esanik; baina badira kontrakoa pentsatzeko ere, horien artean gaur egun arte izandako negoziazio prozesuetan ETA engainatua sentitu denean erakutsi duen jarrera bera da esanguratsuena.


Hiru ardatz nagusi

Datozen hilabeteetan hiru ardatz nagusiren inguruan bilakatuko bide da bake prozesua: Batasunaren legeztatzea, presoak eta alderdien mahaia. Presoen eremuan, besteak beste El Pais-eko bidea erabilita, uda osterako mugimenduak iragarri zituen Espainiako Gobernuak; berdin Batasunaren legeztatzea dela eta.

Prozesuaren sukalde inguruetan informazioa ez da batere garbia eta zuhurtasun handiz erabili behar da iturri desberdinen ahotik entzundakoa, baina badirudi Batasunako zuzendaritzak ez lukeela arazorik beste sigla batzuk sortu eta egungo legedira egokitzeko, horretarako formula duin bat erabiliz gero. Baina Batasunak bere ordezkoak jarduera politikoan normaltasunez aritzea eta egungo Batasunaren aurkako neurririk ez legokeela segurtatu nahi du, eta Espainiako Gobernuak ez ei dio horrelakorik bermatzen. Argi dagoena da orain PSOEk ez duela Alderdien Legea deuseztuko eta Batasuna ez dela legeztatuko sigla horiekin. Argi dago, halaber, datorren udaberriko udal eta foru hauteskundeetan, prozesuak zutik jarraitzen badu, herritarrek Batasunaren ordezkoaren aldeko hautua egin ahal izango dutela.

Berriz ekarri beharko dira lerroetara Jose Luis Rodriguez Zapateroren hiru hitz ospetsu: gogorra, luzea eta zaila. Bai, halakoxea da bizi den bake prozesua eta datozen hilabeteetan jorratuko diren osagai garrantzitsuenetan izango dira krisi gogorrak, adibidez Batasunaren ordezkoaren legeztatze kontuetan, presoen eremuan edota alderdien mahaien osaketan.

Krisi une bakoitzean soka behin eta berriro tenkatuko da, eta ikusteko dago Espainiako Gobernua eta ETA egoerari eusteko gai izango diren. Baina tentsioa ez da bakarrik maila horretakoa izango, eta alde bakoitzak bere barne kohesioari eusteko gai den erakutsi beharko du. Beste bake prozesu askotan ikusi dira talde, alderdi edo gobernuen baitako tentsio eta zatiketak, eta hemengoa ere ez dago zergatik salbuetsi beharrik.

Bitartean, jende askok sufritzen jarraitzen du, aktualitateari helduta, hor dago latza aurreikusten den Iñaki de Juana presoaren gose greba.