Ekai Txapartegi: «Desobedientzia zibila izatekotan errepublikarra izango da»


2021eko uztailaren 19an
Desobedientziaz ibiltzen liburuaren lehen aipua Jon Benito poetarena da: «Ez nautela militarrek eta bakezaleek salbatuko» dio pasarte batean: «Jon izugarri maite dudan laguna da. Eta nik interpretatzen dudan moduan behintzat, arrazoi du. Desobedientzia zibilaren aroa ETAri edo EAJri gehiago ez itxarotea erabakitzen dugunean sortuko da, sortuko bada behintzat» adierazi digu Txapartegik jardunaren abiaburuan.

Desobedientziaz ibiltzen izenburu iradokigarria argitu aldera egin dugu aitzina, eta galdera honekin egin ere.

Desobedientzia zibila aktibatuz aska al liteke Euskal Herria?
Aska liteke. Hasteko baina, desobedientzia zibila ezagutu behar da. Nik, filosofo bezala, ez dut esango desobeditu egin behar denik, erabaki hori hartzea politikoen edo desobedientzialarien ardura delako. Liburuan aurrelan teorikoa bakarrik egin dut, besterik ez, desobedientzia zibilak hobekien noiz eta nola funtzionatzen duen azalduz.

Desobedientzian aritutako lau aitzindariren ideiak landu eta nabarmendu dituzu: Thoreau, Ghandi, Ru-ssell eta King. Ghandi azalean agertzeak konnotazio berezirik al dauka?
Desobedientziari buruzko liburu bateko azalean inor jartzekotan Gandhi da, dudarik ez, bera baita erreferente nagusia. Gandhi irakurri ez duen jende askok uste du badakiela Gandhik zer pentsatzen zuen. Hollywoodek asimilatutako Gandhi ez da Gandhi benetakoa ordea.

Desobedientzia definitzeak lanak ematen ditu. Zenbat lan eman dizu zuri?
Espero baino handiagoa. Lan teorikoa oso aurreratua aurkitzea espero nuen baina, harrigarria bada ere, ez da horrela. Gure kasurako balio dezakeen desobedientzia zibilaren definizioa sortu behar izan dut maila handi batean.

Desobedientziari buruzko pentsamenduari ekarpenik egin al diozu? Zein?
Akademian jende gutxik landu du desobedientzia zibilaren gaia eta landu dutenek John Rawls-en bidetik jorratu dute gehienbat. Arazoa da Harvard-eko irakasleak ez duela euskaldunok behar dugun desobedientzia zibilaz hitz egiten. Horregatik, perspektiba teoriko berri bat ireki behar izan dut nazio askapena ere barne hartzeko. Praktikan existitzen zen, Gandhiren nazio askapen mugimendua da horren eredu, baina teorikoki ez zaio arretarik jarri. Nik egiten dudan desobedientzia zibil errepublikarraren defentsa akademian proposamen berria dela uste dut.

Teorian aritu aitzin ekintzailea izan zinen. Zertan erosoago?
Hilean 2.000 euro kobratuz erosoago, jakina! Ikerlarion bizimodua ez da jendeak uste duen pagotxa hala ere, ekintzaile izatea hain erosoa balitz Euskal Herria aspaldi askatu genuen.

Izan al daiteke teorilari, ekintzaile izan gabe? Edo alderantziz?
Horrelako gaietan ez. Desobedientzia zibilaren zentzua ekintza da, legea hartu eta bihurritzea, legezko bidegabekeriak lehenbailehen amai daitezen. Teoria beharrezkoa da baina norbera egoeran jartzea beharrezkoago.

Teoria eta praxia kontuan hartuta, egiguzu gogoeta zure esperientziatik.
Gure kasuan praktikak eraman gintuen teoriara. Presoak Euskal Herrira hurbiltzeko eskatuz autopista moztea erabaki genuenean sei urteko kartzela zigor arriskua hartu genuen. Pertsonalki egoera hori zaila da, imajinatuko duzunez, orain Berkeleyn egon beharrean Valdemoroko kartzelan egon bainintekeen. Horregatik ondo aztertu nahi genuen egiten ari ginena. Testuinguru horretan ulertu behar da desobedientzia zibilaren azterketa teorikoa egiteko sentitu nuen beharra.

Euskal herritarrok jabetu al gara desobedientziaren funtsaz eta helburuez?
Baietz uste dut. Gutxi gorabehera guztiok dakigu desobedientzia zibila zer den. Kontua da, arrazoi batzuengatik edo besteengatik, zenbaitek gutxi gorabeherako ezagutza baino gehiago eduki nahi izatea. Liburuak horretan sakontzeko aukera ematen du.

Zein neurrian dute desobedientzia alorrek elkarren beharra? Esaterako, burujabetza nazionalaren jarduera nagusituko balitz, «kaltegarria« litzateke burujabetza nazionalaren helburuentzat?
Galdera horiek politikariek erantzun behar dituzte. Historiak erakusten duenez ordea, gehienetan desobedientzia zibila alor batean aktibatzen denean errazagoa da besteetan ere aktibatzea.

Lizarra-Garaziko Akordio garaian «loraldi» moduko bat bizi zuen desobedientzia ekimenak. Ez dirudi ordukoa errepikatuko denik.
Egun beste lehentasun batzuk daude. Gainera, ez dut uste su-etena eta desobedientzia zibilaren arteko lotura automatikoa izatea ona denik. Horrek presa sartzen baitu. Desobedientzia zibila sortuko bada, eta nire ustez sortuko da, bilakaera propioa duenean eta helduta dagoenean sortuko da.

Desobedientziaren joera liberala eta errepublikarra landu dituzu, bigarrena da zure aukera.
Liburuan diodanez, Euskal Herrian desobedientzia zibilak aurrera egiteko errepublikartu egin behar du. Horretarako bi jauzi konkretu eman beharko lituzke: autodeterminazioa eskatu beharrean burujabetza eskatu beharko luke eta desobeditzaileak, ekintza sinbolikoak egin beharrean, politikoki euskaldun gisa bizitzeko erabakia hartu beharko luke.

Azken urteotako bilakaera ikusita, nola ikusten duzu bi joeren garapena?
Desobedientzia zibila izatekotan errepublikarra izango da, bestela pixkanaka ahultzen joango da, estrategia instituzionalean buru-belarri sartu garela adieraziko baitu.

Ziklo politiko baten amaieran bide gaude. Ziklo honetan Estatuaren bortizkeriaren erantzunezko bortizkeria praktikatu da. Zein neurrian eragin du horrek herri honen borroka moldetan?
Euskal Herrian desobedientzia zibila indartsuagoa ez izatearen arrazoia ez zait ETAren existentzia arrazoi pisuzkoena iruditzen. Ez dut sekula entzun ETAk desobedientzia zibila aktibatzea galarazi duenik. Ikastolak edota intsumisoak sortzeko, adibidez, ez zen oztopo izan. Baina, oker egon ninteke. Eztabaida hori betiko geratuko da. Dena dela, ez desobeditzeko erabakiaren erantzukizuna norberarena da, ez beste inorena.

ETA dagoen bitartean desobedientzia zibila kriminalizatzeko arriskua igo egiten dela esan nahi dut.
Bai, hori hala da, baina desobedientzialariak oztopo horiek gainditzeko estrategiak gara ditzake. Gainera, ETA gabe ere kriminalizazioa ez da desagertuko. Kriminalizazioa fenomeno globala da eta ETA ez da mundu mailako erakundea. Alegia, desobedientzialariak edozein testuinguru politikotan garatu behar izaten ditu kriminalizazioa gainditzeko estrategiak, bestela jai dauka.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko bake prozesua Kaliforniatik?
Egia esan ez dakit zein den bake prozesuaren osasuna. Nire ezjakintasunetik PSOE suarekin jokatzen ari da. Bake prozesuan Europako Batasunaren inplikazioa galaraztea, Batasunaren ilegalizazioa luzatzea, presoen sakabanaketari eustea... Euskal Herrian gai horiek guztiak gasolina dira eta gasolinarekin jokatzen duenari badakigu zer gertatzen zaion. Felipe Gonzalez erre zen, Aznar ere bai eta horrela jarraitzen badu, Zapatero ere erre egingo dela uste dut. Tipo hauek ez dira beraiek uste duten bezain azkarrak.

Orokorrean zer nolako tankera hartzen diozu egoera politikoari?
Pre-sezesio garaian sartuak gara, edo gutxienez, sezesiorako trantsizio baten atarian gaudela esango nuke. Aznarren gobernuak atzaparrak erakutsi zizkigun. Martxoaren 11 hartan, esaterako. Benetako terrore eguna bizi izan genuen Euskal Herrian. Gogoratzen duzu Ibarretxeren terrore erreakzioa? Horrek eta Martxelo Otamendi eta Joan Mari Torrealdai eta besteak torturatzeak eta Madrildik datozen eraso guztiek, azken batez, euskaldunongan gure babesgabetasunaren kontzientzia piztu zuen. Gure benetako egoeraren kontzientzia horrek prozesu soberanista bat jarri du martxan, inork ezin duelako babesik gabe bizi.

Nola jokatu behar luke euskal gizarteak uneon?
Gizarte zibilak egundoko rola joka dezake egoera honetan. Euskal Herrian ezin da gertatu Katalunian gertatu dena. Han gizarteak CIU saritu du, hain zuzen ere PSOEren aurrean burua gehien makurtu duen alderdia. Euskal politikariei alderantzizkoa erakutsi behar diegu, PSOEren aurrean burua makurtzea zigortu egingo dugula alegia. Horregatik, garai honetan oso garrantzitsua da politikoen lana. Ardura itzela dute egonkortasuna galdu gabe askatasuna eskuratzen.

Askatasuna diozu, baina nola definitzen duzu askatasuna?
Askatasuna modu errepublikarrean definitzen dut, dominazio gabezia bezala. Badago askatasuna definitzeko modu liberal bat ere, esku-hartze gabezian oinarritzen dena, baina definizio errepublikarra hobea da, interbentzio arbitrarioen posibilitatea debekatzen duelako.

Adibiderik?
Asko dago. Euskal errepublikar bat ez da konformatzen Estatuak, besterik gabe, guk irakurtzen ditugun egunkariak itxi ez dituelako; itxi ezin dituelako baizik. Alegia, bermatu arte Estatuak ezin duela gure egunkaririk itxi errepublikarra ez da aske sentituko. Gure askatasunak estatuburuaren atrebentziaren gainetik egon behar du. Horregatik, askatasuna definitzeko tradizio errepublikarra errekuperatu behar dugula iruditzen zait. Edonork ulertzeko modukoa da eta gurearen moduko dominazio egoerak deskribatzeko bitarteko ezin hobea eskaintzen du.

«Koloreak eta nazioak berdin daude»
Koloreen auzian filosofoak ez dira ados jartzen koloreak zer diren, objektiboak, erlatiboak edo zer arraio. Nazioen kasuan ere gauza bera gertatzen da, batzuek ukatu egiten dute nazioak existitzen direnik eta beste batzuek berriz nazioak entitate objektiboak direla argudiatzen dute. Zentzu horretan eta aldeak alde, koloreak eta nazioak berdin daude, haien existentziaren inguruko kontrobertsiaren erdian. Doktorego tesian defendatu nuenez, koloreak existitu existitzen dira baina haien izatea berezia da, espezie bakoitzaren «erantzun-perzeptiboaren-mendekoa» delako. Nazioen auzi ontologikoa are konplexuagoa da, ontologikoki objektuak direlako eta ez propietateak, baina erantzun zuzena norabide beretsuan aurkitzen dela uste dut: nazioak existitzen dira baina haien izatea berezia da, besteak beste, etnia bakoitzaren «erantzun-identitarioaren-mendekoa» delako.


Azkenak
2024-12-30 | Jon Torner Zabala
Euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko lehen urratsa, Nazioarteko Pilota Federazioak haren alde bozkatuta

Euskadiko Euskal Pilota Federazioa eskubide osoko kide izatea onartu du Nazioarteko Pilota Federazioak, larunbatean Iruñean egindako batzarrean. Ofizialtasuna lortzeko bidean urrats handia da, "lorpen historikoa", Euskadiko Federazioak adierazi duenez, baina... [+]


2024-12-30 | Patxi Aznar
Hilketak, arma-eskalada eta ondorioak

Abenduaren 26an, aireko eraso batean, Israelgo armadak bost kazetari palestinar hil zituen. Haiekin 130 kazetari palestinar hil zituzten. Albiste horrek gauza pare bat gogorarazi dizkit, lehenengoa, benetako kazetariek jasaten duten jazarpena munduko edozein lekutan, adibidez,... [+]


2024-12-30 | Rober Gutiérrez
Gazte landunen %51k

Azken hilabete hauetan hainbat institututan lan egitea egokitu zait eta, uneren batean edo bestean, ikasleekin lan merkatuak eskaintzen dituen aukerez hitz egin behar izan dut. Ikasleen tipologia askotarikoa da eta hiri berean asko aldatzen da auzo batetik aldamenekora,... [+]


2024-12-30 | Josu Jimenez Maia
Izenorde guztiak

Historikotzat nekez har daitekeen argazkiaren erdian agertzen den neskatoa idazten ari da, zer eta izenorde zerrenda bat: ni, zu, hura, gu, zuek, haiek. Beherantz begira egonik, neskatoaren begirada nolakoa den antzeman ezinik gelditu naiz ni.

Argazkilariaren lanari soraio,... [+]


2024-12-30 | Julene Flamarique
Militarrek “botak zintzilikatu” zituzten Bilbon Inuzente-egunean

Larunbatean Irala auzoko koarteleko ekintzarekin, #BotaKuartelak koartela eta armada guztiak desagertzea eskatu du. Gune horiek “benetako mehatxuetatik” babestuko dituen auzorako proiektuetara bideratzeko proposatu dute beste behin ere, hala nola desberdintasunetik,... [+]


2024-12-30 | Julene Flamarique
Gazan hil dituzten milaka haurren izen-abizenak irakurri dituzte 30 orduz jarraian Iruñean

Hondakinen artean oraindik identifikatu gabe dauden Palestinarrak ere ikusarazteko helburupean egin dute. Israelek Gazan 18.000 adingabe hil ditu urriaren 7az geroztik. BDZko Elisa Huarteren arabera, “zerrendetan oraindik ezezagunak diren izenak irudikatzen dituzten marra... [+]


2024-12-30 | Leire Ibar
Eraso arrazistak salatu dituzte Arrigorriagan eta Baionan

Arrigorriagako Udalak elkarretaratzea egin du igandean udaletxeko plazan, ostiralean txinatar jatorriko merkatari batek bere dendan jasandako erasoa salatzeko eta biktimari babesa adierazteko. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea antolatu du... [+]


Joseba Asiron
“Haur eskoletan euskarazko eskaria eta eskaintza parekatzeko negoziazio bidean gaude PSNrekin”

"Erorien Monumentuaz sozialistekin akordioa lortu izan ez balitz, eraikinak bere horretan jarraituko luke aurrerantzean ere eta hori zen guk onartzen ez genuen aukera bakarra”. Hala dio Joseba Asironek. Entzun elkarrizketa osorik hemen sakatuta.

 


2024-12-30 | ARGIA
Osasun asegurua du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen ia laurdenak

EAEko biztanleen %23,9k osasun asegurua zeukan kontratatuta 2023an, Eustaten datuen arabera. 2021eko datuekin alderatuta, %4,1 gehiagok. Batez ere traumatologia, oftalmologia, ginekologia eta dermatologia kontsultak egin ziren. Aseguruen %61,3 enpresentzakoak edo bestelako... [+]


2024-12-30 | Ahotsa.info
Hatortxu Rocken azken aurreko edizio jendetsua Atarrabian euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde

Milaka lagun elkartu dira Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren azken aurreko edizioan. Euskal preso politikoen senideei babesa eta sostengua emateko sortutako jaialdiak agur esanen du 2025ko udan Lakuntzan eginen den azken edizioarekin. Sakabanaketarekin amaitzea lortu bada ere,... [+]


2024-12-30 | Jon Torner Zabala
‘Bagare’: euskararen eta euskal nortasunaren aldeko ereserkiak 50 urte

1974ko abenduan sortu zuten Bagare kanta Gontzal Mendibil zeanuriarrak eta Bittor Kapanagak, haren Olaetako (Aramaio) baserrian. Euskararen eta euskal nortasunaren aldeko ereserki bilakatu zen gerora.


2024-12-30 | Behe Banda
Barra warroak |
Urte berriari

Begi bistaz zentzugabea dirudien eztabaida batekin hasten da zutabea: 2024 gure literatur ale horietako bat balitz, nola deituko zeniokete?

Erantzunik topa ezean, ordu erdi ematea aurtengo bizipenei begira; Instagrameko artxibatuetan sartu lehenik, eta Twiterrera pasa horiek... [+]


Eguneraketa berriak daude