argia.eus
INPRIMATU
Su Ta Gar: «Aspalditik genuen autoekoizpenaren proba egiteko gogoa, zelakoa den jakiteko»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 28a
Taldeak ia 20 urte bete ondoren, jo eta ke jarraitzen duzue. Zerk ematen dizue indarra?
Taldea gure bizitza da. Deitzen diguten eta kontzertuak ematen jarraitzen dugun bitartean aurrera egingo dugu. Belaunaldi berriekin ere hartu-eman handia daukagu, eta hori oso garrantzitsua da. Etengabe gauza berriak egiten ditugunez ez gara aspertzen. Egia esanda, taldea uzten dugun egunean oso gogorra egingo zaigu.

Merezi izan du autoekoizpenaren apustuak? Aspalditik zenuten buruan…
Oraindik azkarregi da balorazioa egiteko. Gu gara produktuaren jabe, guk kontrolatzen dugu eta jendearekin harreman zuzenagoa daukagu, baina lan oso handia da. Kontratazioaren ardura ere guk hartu dugu. Aspalditik genuen gogoa proba egiteko. Zelakoa zen jakin gura genuen, eta ez genuen zalantza horrekin gelditu gura.

Zeintzuk dira Jainko Hilak? Guantanamorekin zerikusia dute?
Ez, Guantanamorena diseinatzailearen interpretazioa izan da. Jainko Hilak agintariak dira, eta uhartea herria da. Herri xumea agintarien pean dago.

Lan honekin amorrua handitu eta tarteka, sustraietako heavyra ere jo duzue…
Disko kañero eta gogorra da eta egungo metaletik gertu ikusten dut. Baina, badago abesti heavyagorik. Bestalde, heavyak guretzat garrantzia handia izan du beti, eta gure kantuetan beti dago horren arrastoren bat.

Zer da Su Ta Gar ikastetxean proiektua?
Orain dela 2 urte bururatu zitzaigun. Institutuko sasoian Hertzainak taldekoek emanaldi bat egin zuten eta asko gustatu zitzaigun. Taldeko hiru lagun ikastetxeetarako emanaldi akustikoak prestatzen hasi ginen: Su Ta Gar-en kantuak, eta Benito Lertxundi eta Hertzainak taldearen bertsioak. Horren ostean, ikasleen galderak erantzuten ditugu. Gazteak asko motibatzen ditu, euskara eta musika bultzatzeko balio du, eta gu gertutik ezagutzen gaituzte, aurreiritziak apurtuz.

Jainko hilen uhartean
Su Ta Gar
Jo Ta Ke
Iraupena: 46' 43'' + "Itxaropen hitza" bideoklipa
16,50 euro

Heavytik harago sendo zapaltzen duten beteranoak

Euskarazko heavyaren aitzindari den Eibarko laukoteak 20 urte beteko ditu 2007an. Urteen zamak on egin die, eta taldearekin lotutako zeregin guztiak musikariek beraiek hartu berri dituzte. Disko hau taldeak kaleratu du eta kontratazioaren ardura bereganatu dute. Taldearen ikur den heavya oso presente dago, baina doinu gogorragoetara ere hurbildu dira, gitarra eta oinarri erritmikoarekin benetako thrash-metala errebindikatuz eta gaur egungo metala ere indartsu zapalduz. Orain arte kaleratu duten emaitza gogorrenetakoa da, eta hitzek ere ez dute tregoa handirik ematen. Hala ere, balada pare bat tartekatu dute (Norabide bakarreko maitasuna eta Bere hitzen faltan), erregistro guztiak menderatzen dituzten erakusle. Juanma Bajo Ulloarekin egindako bideoklipa ere diskoan batu dute.