argia.eus
INPRIMATU
Neurri errazak gaixotasun kardiobaskularrei aurre egiteko
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 19a
Ipar Amerikako Kardiologia Elkarteak Atlantan egin zuen martxoan bere urteroko saio zientifikoa. Aurtengoa 55.a izan zen eta mundu osoko 30.000 kardiologotik gora bildu ziren. Hainbat teknika berri eta aurrerapen zientifiko oso sofistikaturekin batera, honako hau aldarrikatu zuten: «Teknika merkeak eta erabat praktikoak aplikatzea izan daiteke biderik eraginkorrena gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko eta tratatzeko». Zenbait kasutan, prebentzio mailako ekimenek, itxuraz sinpleak izan arren, izugarrizko eragina izan dezakete bihotz-hodietako osasunarengan.

Aurreneko esperientzia Txina iparraldeko landa zonaldetan bizi ziren arrisku kardiobaskular altuko 608 partaiderekin egindako ikerketa izan zen. Eremu horietako dietaren eraginez, bertako hiritarrek tentsioa oso altu izaten dute -batez besteko tentsio zifrak 159/93 mm Hg-koak ziren-. Hori ikusita, ikertzaileek gatzaren ordezko bat erabiltzea pentsatu zuten janariak prestatzeko, eta 12 hilabetez iraun zuen esperientziaren emaitzak oso onak izan ziren. Horrela, gatzaren ordezkoa hartu zutenen artean 5,4 mm Hg-ko jaitsierak ikusi ziren arteri presio sistolikoan. Eta eragin hori oso garrantzitsua da, hipertentsioaren kontrako botikekin lortu ohi diren antzeko emaitzak lortu baitira.

Bigarren ikerketa PC-Trial izenekoa izan zen, eta «sinkope basobagal» deituaren ondorioz sarritan konortea galtzen duten pazienteekin egin zen. Ikerketa horretan 223 partaide hautatu eta bi talde handitan banatu zituzten, nolako tratamendua ezartzen zitzaien kontuan hartuta: talde bati ohiko tratamendua ezarri zitzaion, bizimodua aldatzeko aholku eta gomendioak, alegia. Bigarren taldeari, berriz, presio fisikoari aurre egiteko ariketa muskular errazak irakatsi zitzaizkion mina arintzeko, eta konorte galeren arteko epeak luzatzeko. 14 hilabete ondoren, bigarren taldeko pazienteen konorte galerak %35 gutxitu ziren. Eta gertakari horiek pazienteen bizi kalitatean eragin izugarria dutenez, tratamendu erraz, merke, eta ez-inbaditzaile hori oso eraginkorra gertatzen da, ez baitu epe luzera inolako albo ondoriorik ekartzen pazientearen osasunarentzat.