argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a

Pentsamenduak kudeatutako ordenagailua

Matthew Nagle 25 urteko gaztea lepotik behera elbarria da labain eginda muina puskatu zuenetik. Gazte honek interfaze baten bidez bere ordenagailua kudea dezake. Interfazea 4X4 mm-ko xafla bat da, bere garunean txertatu dute eta esan bezala, bere pentsamenduetako batzuk gauza ditzake, neuronek igorritako seinale elektrikoak detektatu eta ekintza bihurtzen baititu.

Ikerketa Brown Unibertsitateko John Donoghue-k zuzendu du eta uztailaren erdialde inguruan argitaratu zuten Nature aldizkarian. Ezagunak dira orain arte epileptikoekin edo tximinoekin egindako azterketak, baina tetraplejikoekin egin den ikerketaren berri ematen den lehen aldia da.

Saiakeraren emaitzak ikusi dituztenak harrituta geratu dira Nagle gazteak lortu duen kontrolaz eta beraz, itxaropen bideak zabaldu dira elbarri askorentzat.

Dena den, oraindik bide asko geratzen da egiteko, garunean horrelako xafla bat ezartzeak arrisku ugari dituelako eta oraindik orain, xafla hori garunetik kanpo jartzeak eraginkortasuna asko gutxitzen duelako.

Nagleren kasua arrakastatsua izan bada ere, hori ezin da pertsona guztientzat esan, 55 urteko Brain Gate elbarrituak ez baitzuen Nagleren kontrol maila lortu. Gainera, ikerlarien arabera, seinaleen sentikortasuna ez da berdina izaten egun guztietan eta hilabeteak igaro ahala, sentikortasunak behera egiten du.


Formaldehidoa etxean

Formol bezala ezagutzen duguna etxerik gehienetan dugu eta oro har konposatu organiko hegazkorren (COV) multzokoa da. Erabilera arrunteko produktu askok du formola; hala nola, etxeko garbigailuak, erretxinak, itsasgarriek, produktu kosmetikoek eta ehun mota batzuek. 2004. urtean Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Zentroak (CIRC) formola kantzerigeno sailkatu zuen. Hain zuzen ere, faringeko eta arnas zuloetako hainbat minbiziren atzean dagoela uste da.

Arrisku gehien duten pertsonak langileak dira eta Europan milioi bat langilek baino gehiagok formolaz kutsatzeko arrisku baldintzetan lan egiten du. Etxeetako formolaren eraginari buruz oso ikerketa gutxi egin da orain arte eta uste denez, etxe berrietan hasieran formol maila handi samarra bada ere, denborarekin gutxitzen joaten da, baina aurkakoa ere gerta daiteke hainbat materialen hezetasunaren eraginez degradatuz gero.

Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) aztertutako etxeen %10etan, metro kubikoko 50 mikrogramo formol baino gehiago neurtu ditu. OMEk definitua du gizakiaren osasunerako prebentzio muga estandar bat: metro kubikoko 100 mikrogramo ordu erdiz gehienez, baina formolaren eragina ordu erdikoa baino denbora gehiagokoa baldin bada, muga aldatu egin beharko da.
Datu zehatzak ateratzean orrialde hauetan adieraziko dugu.