Euskal Herriko gertakari paranormalen bilduma egiteko, laguntza handia izan dugu: hala nola, Iker Jimenez eta Ana Laura de Diego kazetariak, Joxe Mari Carrere ipuin kontalaria, Enrique Etxezarra eta José Manuel Durán gaian adituak eta beren herrietako istorioak kontatu dizkiguten hainbat eta hainbat lagun. Hona jasotakoa:
Espirituak, autostopistak eta baso gorriak
Berandu da, gaua, eta etxera iristeko gogoz Itziarko portua (Gipuzkoa) autoan igotzen ari da inguruko herri bateko bizilaguna. Bat-batean neska gazte bat ikusi du, autostop egiten. Gelditu, neska jaso eta aurrera jarraitu du, nahiko azkar, bidaia luzearen ostean etxean egon nahi baitu lehenbailehen. Neskak, orduan, kontuz gidatzeko aholkatu dio, hain azkar ez joateko. Halako batean, Bolboraren bihurgunera iritsitakoan, neskak zera dio: «Ni hemen hil nintzen». Segituan, txoferra zur eta lur utzita, nerabea desagertu egin da. Istorioak bertsio eta kokaleku ugari ditu, Euskal Herrian nahiz gure mugetatik at. Irungo Behobia auzoan (Gipuzkoa) eta Gasteizko, Herrerako (Araba) nahiz Orduñako (Bizkaia) portuetan gertatu dela ere kontatu izan dute, esaterako. Itziarren, ordea, beraiei gertatu zaiela dioten lekukoak daude, oraindik bizi direnak gainera. Itziarkoa bihurgune arriskutsua da eta toki horretan hil den jende asko dago, baina ez dute ikertu hildakoen artean aipatutako espirituaren tankerako neskarik ote dagoen...
Azken finean, betebeharren bat bukatzeke utzi dutelako hainbat espiritu Lurrean harrapaturik egon daitezkeela dioen ideia oso zabaldua dago. Elorrioko (Bizkaia) kanposantuan, hilobien artean lasai asko ibili ohi den mamua ikusi du hainbatek. Lehenengo aldiz 1997an atzeman zuten: gizonezkoa da, goitik behera zuriz jantzita doa eta argitasun arraro batek inguratzen du. Elorrioko udaltzaingoak hilerrian bizi den gizon misteriotsu horren inguruko artxiboak ditu gordeta. Apatamonasterioko (Bizkaia) eliz atarian, berriz, mojaren abitu zuria soinean duela airean flotatzen agertu ohi den emakumezkoaz hitz egiten dute bizilagunek. Are harrigarriagoa da Matiena (Bizkaia) herrixkan gertaturikoa. Bizitzera iritsi berria zen emakume batek neska gazte bat ikusi zuen herriko sarreran dagoen errepideko harrizko horma gainean, «modu arraroan» ibiltzen. Neskaren itxura bereziak emakumearen arreta deitu zuen eta beranduago bizilagunei deskribatu zien. Azalpena entzun zutenak aho zabalik geratu ziren. Neska hura hilabete batzuk lehenago hildakoa zen! Gainera, neskatoak lore orlegi eta zuriz betetako alkandora arrosa zeramala eta ilean begizta zuela adierazi zuen emakume iritsi berriak; hildako egunean jantzita zituen arropak, alegia. Ordutik beste inork ikusi ez duen neskatilak irribarre izoztuarekin eman zion ongietorria bizilagun berriari.
Nafarroan ere bada istorio ilunik. Iparraldeko eta hegoaldeko bana aukeratu dugu, biak ere aspaldikoak. Turismoan eragin txarra izan dezakeelakoan, XIV. mendean Herri Gorria izenez ezaguna zen Nafarroa iparraldeko herrixkaren kondaira ezkutuan gorde ohi dute herritarrek. Garai hartan, herriari izena inguruko basoaren kolore gorriagatik zetorkiola uste zuten bizilagunek. Izan ere, noizean behin, ekaitz gogor baten ostean basoa gorri aurkitzen zuten, azalpenik gabe. Asier eta Iban bertakoak ziren eta 17 urte bete zituztela ospatzeko, gaua basoan igarotzea erabaki zuten. Asier beldurtiagoa zen, baina Ibanek konbentzitu zuen eta motxilak eta lo zakua hartuta basoan barneratu ziren. Berehala, ekaitza zetorrela ikusita, karpa muntatu eta azpian babestu ziren. Goizeko 3:00ak aldera, ordea, ekaitzak okerrera egiten zuela eta karpan ura sartzen zela ikusirik, ihes egin behar izan zuten eta bertatik atera bezain pronto, karpa haizeak eraman zuen. Euri jasa ez zen geratzen; alderantziz, ateratzen zuen zarata jasanezina zen, gero eta altuagoa, gero eta ozenagoa, emakume baten oihu bihurtu zen arte. Eta orduantxe ikusi zuten: airean, blai eginda, zeta zurizko soineko luzearekin, bere beso argalak luzatuta zituela. Ilea bustia zuen, itsutzerainoko kolore gorrikoa, eta amorruz betetako ulu etsiak entzun zitezkeen. Iban lurrera erori zen, beldurraren beldurrez, eta zuhaitzari helduta berriz altxa zenean, dena ilunago zegoela sumatu zuen. Une hartan, bere bizitzako ikuskizunik ikaragarriena eta tamalgarriena ikusi zuen: Asier emakumearen besoetan zegoen, hilda, eta izaki hura odol guztia xurgatzen ari zitzaion, behatzak kopetan ipiniz. Laguna bat-batean desagertu egin zen eta emakumeak gora egin zuen. Ilea harrotu zitzaion eta buru gainetik odola botatzen hasi zen, belarrera, landareetara, adarretara, hostoetara... egunsentira arte. Iban odolez zipriztinduta itzuli zen herrira, lagunaren odolaz zipriztinduta. Jazoera harrigarri hura Carlos III.a Espainiako erregeari kontatu zioten bizilagunek eta erregeak basoa botatzeko agindua eman zuen. Urteak igaro ondoren, Carlos III.ak lurraldea Pedro Miguel Bertizi oparitu zion. Beraz, ez da zaila jaurerriak egun duen izena asmatzea...
Nafarroa hegoaldean, Tuteran zehazki, Ziertzo mendian aspaldi gertaturikoa ezagutu dute herrikoek duela gutxi, udal artxibozainak topatutako dokumentu bati esker. 1588ko dokumentua da eta urte hartako urtarrilean jazotako istorio bitxia kontatzen da bertan. Arratsaldeko hiruak aldera, tupustean lau eskuadroi agertu zirela dio testuak; «lur azpitik ateratako gizon handiak, beltzez jantzita». Hasieran 40-50 lagun agertu ziren eta berriz ere lur azpian sartu ziren. Ondoren, leku beretik, hasierakoa hirukoizten zuen eta erdian besteak baino handiagoa zen gizonezko zuria zeraman eskuadroia azaldu zen. Hori ere desagertutakoan, are eskuadroi handiagoa agertu zen, bi zatitan banatuta, bandera urdin erraldoia zeramatela. Lur azpian barneratu ziren eta gutxira, lurretik ikaragarrizko armada azaleratu zen, Ebrorantz zuzentzen ziren tamaina handiagoko gizonez osatua. Ordu laurden ibili ostean, desagertu egin ziren. Prudencio, Pedro, Jeronimo eta beste hainbat bizilagunen izenak eta karguak ematen ditu dokumentuak, gertaeraren lekuko.
Etxe sorginduak
Kanposantuez gain, espirituek oso gustuko dituzte abandonatuta dauden etxe eta jauregi zaharrak eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat eraikin horren testigu ditugu. Tuteran bertan, jabeek izena eman nahi ez duten jauregi batean, egunsentian joan ohi diren garbitzaileek kupulan irudi fantasmagorikoak ikusi dituzte hegan. Gainera, ikertzaileek gaztelerazko eta latinezko psikofoniak grabatu dituzte leku horretan. Antzina, jauregian, Paulina izeneko neska bizi zen. Aitak maite zuen gizonarekin ezkontzea galarazi zion eta bertan giltzaperatu zuen. Kupulan agertzen diren irudietako batek Paulinaren antza duela diote ikusi dutenek.
Ogasunaren Gasteizko eraikineko gertaerek oihartzun handiagoa izan dute. Prentsan estreinakoz 1991n agertu zen: marmolezko gela erraldoiak dituen Alde Zaharreko eraikin neoklasikoan, segurtasuneko zinpeko jagoleek haur baten mamua ikusi ohi zuten gauez. Funtzionarioek Andresito izena jarri zioten zaindari ugarik hainbat gauetan ikusi zuten umeari. Hasieran haur hotsak entzuten zituzten, begiratu eta haurra ikusten zuten, alde batetik bestera korrika. Zer egiten zuen haur hark, gauean, giltzapetutako eraikin batean? Nola lortu zuen sartzea? Zaindariek jarraitu egiten zuten, baina ezustean desagertu egiten zen Andresito. Poliziari deitu eta eraikina goitik behera arakatzen zuten, baina ez zuten inoiz inor topatu. Halaber, bakarrik pizten ziren argiak eta bere kasa zabaltzen ziren ateak ohiko bihurtu ziren. Zaindari askok leku honetan gaueko iluntasunean lan egiteari uko egin zion eta azkenean, alarma sistema jarri behar izan zuten. Gaur egun, Ogasunean ez dago jagolerik eguna bukatzen denean. Gainera, eraikinak atzealdeko patioa hainbat etxebizitzekin banatzen du eta bizilagunen arabera, gauetan patioan umeak jolasean entzun daitezke. Espainiako poliziak sotoan psikofoniak grabatu izan ditu eta haurren negarrak eta ahotsak lortu ditu, baina inoiz ez ditu entzutera eman. Adierazgarria da bertan zortzi mendez egon zen komentuaren hondarrak daudela oraindik. Zonaldean aparkalekua egiteko induskatzen hasi dira orain eta ziurrenik hezurrak eta mota guztietako hondarrak aurkituko dituzte.
Zarautzen (Gipuzkoa) dagoen Narrosko jauregiak ere badu bere istorioa. Getaria aldetik etorrita itsasoari begira dagoen XVI. mendeko jauregi itzelean Zarauzko kondeak bizi ziren -oraindik Zarautz herria existitzen ez zenean-. Behinola, kostaldera itsasontzi bat iritsi zen, barruan hilzorian zegoen gizon bat zuela. Narrosko gela urdinera eraman zuten, belus urdinez betetako harrizko gela handira, eta ohean utzi zuten, sukar handiarekin. Dirudienez, Paristik Havreraino ihes egin zuen hugonotea zen, Ingalaterrarantz zihoana eta ekaitz izugarri batek euskal kostaldera eraman zuena. Bere egoera txarra ikusita, apaiza eraman zioten, azken aitormena egin zezan. Gizonak, ordea, aitortzeari uko egin zion, ez baitzen kristaua, eta ondorioz, hil zen abuztuko gau hartan deabruak eraman zuen bere arima. Kontakizunaren arabera, urtero-urtero heriotzaren egun berdinean deabrua Narrosko gela urdinera hurbiltzen da. Bizilagunek eraikin barruan entzun izan dituzten hots eta mugimendu arraroek eta lurzoruan topatu dituzten pasabide sekretuek misteriotsuago bihurtu dute lekua. Gainera, marea behe-behean dagoenean, adi behatuz gero, itsasertzean, golf zelaiaren inguruan ikus daitekeen barkuaren eskeletoa hugonotearen ontzia dela esan ohi da. Gaur egun, jauregia oraindik eraikin pribatua da, kondeen ondorengoen ardurapean dago eta ez dituzte bisitak hartzen.
Istorio ezezagunagoak izan arren, aura misteriotsua duten beste eraikin asko dago. Hala nola, egun kultur etxea den Gasteizko Villasuso jauregian neska baten espiritua dagoela diote; Gebara (Araba) herriko gazteluaren espirituaz mintzo dira XVIII. mendeko kronikak eta Corzanako (Araba) gazteluan poltergeist gertaera parapsikologikoak jazo dira. Hain zuzen ere, ugariak dira beraien etxebizitzetan poltergeist kasuak jasaten dituztela aitortu duten familiak, itxuran normalak diren etxeetan bizi arren. Gasteizko emakume baten arabera, adibidez, etxean ateak bakarrik ixten zaizkio, gauzak lekuz mugitzen dira eta behin, ohean zegoela, edalontzi batek eztanda egin zuen sukaldean. Energiaren ala espirituen kontua ote? Halaber, Apatamonasterioko baserri batean duela urte batzuk gertatutakoak oihartzun dezente izan zuen tokiko komunikabideetan. Gauez familiarrek inor ez zegoen beste gela batzuetatik zetozen plater hotsak, ahotsak eta are gehiago, elkarrizketak entzuten zituzten; soinu katea eta telebista bere kasa zebiltzan -kanalak eta bolumena aldatuz, piztu eta itzaliz, irratia, kasetea eta CDa nahi bezala uztartuz...-; irratian bat-batean ahots eta mezu beldurgarriak tartekatzen ziren; korridoreetatik itzalak eta irudiak askatasun osoz ibiltzen ziren; eta gauzak desagertu eta berriz agertzen ziren.
Leku magikoak
Halakoak, ordea, inguru batzuetan ohikoagoak dira, gertakari paranormalak erakartzen dituzten tokiak baitaude, leku magikoak direlakoak. Euskal Herrian, baditugu zenbait. Nafarroan, esaterako, Muruzabalen dagoen Eunate eliza energiaz betetako lurretan ei dago. Usadio zaharraren arabera, hildakoei beren bidean laguntzeko gune aproposa da eta ehunka hildako aurkitu dituzte inguruetan. Antzina, bertan zeuden kobazuloetan sorginkeriak eta erritu satanikoak egiten zirela eta inguruko herrietatik entzuten zituztela diote. Ez dago argi nork agindu zuen Eunate eraikitzea baina 1170 inguruan tenplarioek egin zutela uste da. Baztan bailara, Zugarramurdi eta Urdazubi ere, sorginkeriarekin lotutako tradizioa dela medio, inguru bereziak dira. Kondairaz eta objektu hegalari ezezagunen (OHE) inguruko kontakizunez beteta daude. Baita Lapurdiko Sara, Ainhoa eta, oro har, probintzia osoa ere. Lapurdin, sorgin kontuekin oso gogorra izan zen Inkisizioa, 800 euskaldun baino gehiago hil zituen eta horrek guztiak legenda handia sortu du eskualdean. Gipuzkoan, Jaizkibel mendia da, dudarik gabe, objektu hegalari ezezagun gehien ikusi dituzten lekua eta halakoen bila zale gehien erakartzen dituena. Gainera, akelarre tradizio handia dago bertan. Eta Bizkaian ere mendi bat da gertakari misteriotsuenen lekuko nagusia: Unbe mendia, hain zuzen ere.
Baina ezbairik gabe, Arabako Otxate herria eta ingurua da Euskal Herriko txokorik magikoena. Prudencio Muguruza Gasteizko parapsikologoak 1981ean bertan OHE bat ikusi zuen -argazkiak oihartzun handia izan zuen nazioartean- eta zonaldearen historia ikertu ostean, hiru izurrite gogorrek eragindako heriotzen ondorioz 1870ean herria hutsik geratu zela kontatu zuen. Ordutik, herri madarikatua da Otxate eta gertakari paranormal andana jazo dira. Gaia ikertu duten hainbat adituk uda ondoren kaleratuko duten liburuaren arabera, herriak ez zuen inongo izurriterik jasan eta pixkanaka hustu zen, beste hainbat herriren antzera. Hala ere, gertakizun misteriotsuz betetako gunea dela aitortu dute ikertzaileek. Mikel Colmeneroren kasua, esaterako, oso ezaguna da. 1988 aldera, lagun taldearekin bertaratu zen, gauez. Goizeko ordu txikietan, autoan zegoela, ustekabean beregana hurbiltzen ziren bi metrotik gorako bi irudi ikusi zituen, uniforme antzeko zerbaitekin. Lagunei deitu zien irrati bidez, baina estaldurarik gabe geratu zen bat-batean. Azkenean, autoko argiak piztea erabaki zuen eta orduantxe irudiak airean desagertu ziren. Otxaten praktika militarrak egin bitartean halako irudiak ikusi zituztela dioten militar erretiratuak ere badaude. Bi alpinista euskaldunek kontatutakoa ere aipatuenetakoa izan ohi da. Otxaten kanpin dendan lo zeudela, gau erdian aztoratuta esnatu ziren eta amestutakoa esan zioten elkarri. Hura ezustekoa berdina amestu zutela konturatu zirenean: haur txikiz betetako tunel ilun bat, negar zotinek, aieneek eta oihu etsiek itotzen zuten giro ustelean. Halako batean, hotsak entzuten hasi ziren, ahotsak, haur ahotsak zehazki. Ausarti, linterna piztu zuten eta arnasarik gabe utzi zituen itzala ikusi zuten kanpin dendan islatuta: ume misteriotsu bat dantzan.
Hain zuzen ere, Euskal Herriko psikofoniarik ezagunenak -eta ez dira gutxi gure parajeetan bildutakoak- Otxateko bi dira, dorre barruan grabatuak (
www.argia.eus-en entzun daitezke). Bata neska baten ahotsa da eta «Pandora» dio. Kondairaren arabera Pandoraren kaxak zorigaitz guztiak dituela kontuan izanik, Otxate kaxa horren atea ote da? Dena den, Pandora ez, «kanpora» dioela uste duenik ere bada, euskaraz alegia. Beste psikofoniak «zer egiten du ate batek irekia?» dio, gazteleraz. Aztertu dutenen arabera, Otxate etimologikoki hotsaren edo hotzaren atea da, atea azken finean, beste dimentsio baterako atea?
Estralurtarrak gurean
Noski, honelako erreportajeak ezin du aipatu gabe utzi hainbesteko ikusmina sortzen duen gaia: estralurtarrak eta Objektu Hegalari Ezezagunak. Euskal Herrian, zehazki, OHEek beren booma 70eko hamarkadan izan zuten, garai hartan mota horretako objektu andana ikusi baitzituzten gure zeru eta mendietan. 50eko hamarkadako lehenengo OHE boladaz geroztik, Euskal Herrian 400 kasutik gora jaso dituzte komunikabideek. Aipagarrienen artean, Bardeetakoak (Nafarroa) daude, han dezentetan objektu arraroak ikusi baitituzte. Hain zuzen ere, Espainiako Aire Armadak 1996an OHEei buruz zituen sekretupeko artxiboak publiko egin zituenean, gehienei erantzunen bat ematen saiatu bazen ere, identifikatu gabeko kasu urrien artean 1975eko urtarrilean Bardeetan gertaturikoa gaineratu zuen. Urte hartan, azalpenik aurkitu ez dieten argi bi agertu ziren tiro eremuan eta lurrean denbora ugari egon ostean, aireratu eta urrundu egin ziren. Egun berean, leku berean hainbat lekukok «gorri koloreko ilargi erdia» ikusi zuten zeruan. Bardeetan kasu harrigarri asko daude, horietako batzuk bertan praktika militarrak egin dituzten armadako lagunek kontatuak. Duela ez asko, urteetan Bardeetan lan egindako nekazari nafar bat paraje haietan familiarekin zegoen egun batean, OHE bat ia-ia lurzorua ukitzeraino jaitsi zen. Autoan sartu eta azkar asko ihes egin zuen familiak, baina objektu hark atzetik jarraitu zien. Nekazariak deskribatu duenez, aparailu handi bat zen eta ondoan beste txikiago bat zeraman; argiztatutako herri baten itxura zuen, ez laukia, ez borobila. Azkenean, Jesusen Bihotza mendi atzetik desagertu zen. Nekazariaren emaztea oraindik tratamendu psikiatrikoan dago, gertaera harengatik.
Beste adibide famatu asko dago: hala nola, Nafarroako Mañerun, Zuñigan eta Funesen, Gipuzkoako Gaintxurizketa portuan, Jaizkibel mendian eta Hernani-Astigarra inguruan, Bizkaiko Banderas mendian, Barakaldon eta Gallartan edo Arabako Otxaten eta Treviño konderrian. Foku erraldoiak eta argi itsugarriak, erreta geratzen diren lurzoruak, zeruan abiadura izugarrian dabiltzan koloretako distirak, airean arrastoa uzten duten esferak, zati infinitutan eztanda egiten duten objektu hegalariak... ohikoak dira lekukoen testigantzetan. Gertaera horietako asko isilean gorde dira urtetan. Guk bitxienetariko bi hautatu ditugu, hemen aurkezteko. 1976an, Bilboko Zurbaran auzoan, bikote batek etxeko leihotik pareko eraikinaren goialdean argi gorri bizi-bizia ikusi zuen eta bertatik zetorren soinu arraroa grabatu zuten, bip-bip-bip antzeko zerbait. Beste hainbat bizilagunek ere gertatutakoa berretsi zuten, baina eszeptikoenen esanetan, bip-bip-bip horiek txantxikuak ziren -inguru horretan hain ohikoak diren apoak-. Beste askorentzat, ordea, grabatutakoa identifikatu ezin den soinu ulertezina da. 1984ko urrian, aldiz, komunikabide guztiek jaso zuten Gasteizko Zaramaga auzoan gau partean gertaturiko itzalaldia. Izan ere, iluntasun hartan, herritar askok argi arraroak ikusi zituen hiriburu gainean hegan. Gainera, Gasteiz kanpoaldeko zentral elektrikoak, etenaldiak iraun bitartean, akats guztiz ezohikoak izan zituen eta zentralekoek ezin izan zioten argibiderik aurkitu. Are gehiago, ondoan dagoen Ali auzoan, Spectrum ordenagailu zahar bateko inprimagailuak, deskonektatuta eta entxufatu gabe egon arren, itzalaldian, hots, elektrizitaterik gabe, hainbat karaktere inprimatu zituen (ikus argazkia). Adituek ikertu badute ere, inork ez du karaktereen esanahia deszifratzea lortu eta bitxiena zera da: 8 eta T itxura duten karaktere artean, ezezaguna den eta teknikariek azaldu ezin izan duten karakterea agertzen da. Bada testua estralurtarren mezua dela dioenik. Karmelo Daubagna inprimagailuaren jabe gasteiztarrak eta bere familiak zin egiten dute aparailua deskonektatuta zegoela.
Ahuntz zurrupatzaileak
Azkenik, aipatzekoa da abereekin lotutako gertaerak ere izan ditugula. 90eko hamarkada hasieran, Hego Ameriketako nekazal guneetan famatu egin zen ahuntz zurrupatzailearen irudia -han Chupacabras izendatua-. Animaliak baserrietan gordetzen eta biltzen bazituzten ere, goizean denak hilda eta odolustuta agertzen ziren, oso era bitxian eta beste inolako kalterik edo istilurik sortu gabe. Balmasedan, 1995ean, ardi asko era horretan hilda agertu ziren hainbat egunetan. Herritarrak eta komunikabideak aztoratuta ibili ziren; ardiek bi zulo zehatz zituzten lepoan, inongo urradurarik gabe. Eusko Jaurlaritzaren laborategiak eta Ertzaintzak gaia aztertu zuten eta bertsio ofizialaren arabera, otsoak edo basatutako zakurrak izan ziren errudunak. Prozesuan parte hartu zuten eta autopsiak egin zituzten albaitariek, ordea, bertsio hori ukatu egin zuten, otsoak ez duelako halako zehaztasunarekin hiltzen; alderantziz, dena urratzen du. Kasu batzuetan ez zegoen odol tanta bakar bat ere, zirujauek egindako lan bikaina bailitzan. Zirujaua, otsoa, munstroa edo estralurtarra izan, euskal misterioen baitan geratuko da kasua. Azken finean, ikusi dugunez, gure herrietan ez dira gutxi unibertso paraleloetara, dimentsio ezezagunetara eta zonalde ilun eta ulergaitzetara eraman nahi gaituzten ateak. Hortaz, kontuz irekitzen duzun atearekin, agian zaila izango baita berriz ixtea.