Txiki-txikitatik ekin zioten musikari, baina heldu diren heinean lotu zaizkio gehiago zaletasun horri. Biak ere musikarien familiatan haziak dira, eta horrek bere eragina duela diote. Miren Zeberiok gogoan du nola hasi ziren bere anaia eta biak Donostian biolina ikasten, Suzuki metodoa jarri zuen irakaslearekin. Hiru urte baino ez zituen eta lehen «biolina» jostailu modukoa izan zuen, kartoizko kaxa sokadun bat. Batxilergoa amaitutakoan musikarekin jarraitzea erabaki zuen eta Donostian goi mailako ikasketak egin ondoren Holandara joan zen; hurrengo urtean ere Ultrecheko kontserbatorioan jarraituko ditu bere ikasketak.
Jorge Pacheco anaia Robertok bultza eta eraman zuen kontserbatoriora: «Hamar urte nituela hasi nintzen eta ez oso konbentzituta. Anaiak eman zuen nire izena musika eskolan eta hasieran oso gaizki pasa nuen. Gero tinua hartu nion eta anaiarekin egunero joaten nintzen. Arreba Laurak perkusioa jotzen zuen, eta niri ere kolpeak ematea gustatzen zitzaidan». Etxean bakarrik zegoenean, arropak garbitzeko xaboiaren tanborrak bihurtzen zituen bateria. Denborarekin Euskadiko Gazte Orkestran sartu zen eta orain goi mailako ikasketak amaitzen ari da Musikenen.
Gustav Mahler Jugendorchester Europako Gazte orkestran sartzeko frogak gainditu behar dira. Nolako froga tokatu zitzaizuen?
J. Pacheco: Oposaketa modukoak dira. Curriculuma bidali eta lehen aukeraketa egiten dute. Ondoren, obra batzuk bidaltzen dizkigute bigarren frogan jotzeko. Perkusiorako eskatu zituzten orkestrako zati denak ziren arraroak, ez zituzten obra estandarrak eskatu. Horregatik kosta egin zitzaigun entseatzeko grabazioak topatzea.
Frogetara aurkezterako, orkestra zein estilokoa den jakin behar duzu. Mahler orkestran tradizioa alemaniar edo austriarra da eta jotzeko era ez da hemengoen berdina. Perkusioa instrumentu askok osatzen dutenez, denak ondo jotzen ikasi behar da: egun batean pandereta jo behar duzu, hurrengoan xilofonoa edo tinbalak... Ordu pila sartu behar da bakoitzarekin.
M. Zeberio: Biolinaren kasuan, orkestrako froga gehienetan antzeko errepertorioa eskatzen dute. Kontzertu batzuk aukeratu behar dituzu eta mugimendu bat jo. Bi zati izaten ditu frogak: zure instrumentuko errepertorioa jotzea da bat, eta bestea zure instrumentuak orkestrako obretan joko dituen zatiak jotzea. Estilo eta erritmo ezberdinetako gauzak jo behar dituzu eta horrela orkestrako errepertorioa jotzeko zer gaitasun daukazun ikus dezakete.
Nolakoa da horrelako orkestra bat barrutik?
M. Zeberio: Makinaria erraldoi baten modukoa da. Denbora dezente ematen dugu programa berarekin eta une bat iristen da non oso ondo dakizun zure zatia jotzen. Jotzen duzun bakoitzean gauza ezberdinak entzuten dituzu. Hasieran hainbeste instrumentu izanik zure paperari lotuta egoten zara eta ez da erraza orkestra osotasunean entzutea. Denbora puska batean landu ondoren aukera daukazu besteek zer jotzen duten entzuteko.
J. Pacheco: Zure adineko jendea ondo jotzen ikustea garrantzitsua da motibaziorako. Zortzi orduz aritzen bazara gela batean bakarrik ikasten eta ez baduzu kanpora atera eta besteekin jotzen, motibazioa galtzen da.
Ordu asko ematen al duzue entseatzen?
J. Pacheco: Nik horretarako egun osoa behar dut: ikasteko, piezak entzuteko, partiturak lantzeko... jaikitzen naizenetik mundu hori bizi dut. Gainera perkusio instrumentu denak ezin dira etxean izan eta konplexuagoa da eskuratzea: Donostiako kontserbatorioan hiru ordu ditut hangoak erabiltzeko. Gero Hernanira etortzen naiz, bertako bandako instrumentuak erabiltzera, etxean ere batzuk baditut... Baina aste bukaerak libre hartzen ditut, eta duela lau urte ez nuen hori egiten.
M. Zeberio: Bizitzan garai ezberdinak izaten dira. Nik orokorrean nahiago dut denbora gutxiago pasa ikasten eta ikasten dudanean benetan horretara jarri. Horrela denbora gehiago izan dezaket beste gauzetarako.
Aurrera begira zein asmo dituzue?
J. Pacheco: Orkestra batean amaitu nahiko nuke, klaseak ematea ere gustatuko litzaidake baina lehentasuna orkestran sartzeak du. Datorren urtean goi mailako ikasketak amaitu eta oposaketak egiten hasiko naiz orkestra guztietarako.
M. Zeberio: Nik ez daukat hain argi. Ez naiz inoiz profesional bezala orkestra batean egon. Ezberdina da gazte orkestra batean edo orkestra profesionalean aritzea. Gazte orkestrak bizpahiru asteko topaketak dira, giro ona dago, parranda, jendea ezagutzen duzu, ondo pasa...
J. Pacheco: Orkestra profesionala lana da. Gazte orkestran beti lagunekin zabiltza eta profesionalean baliteke denak lagunak ez izatea. Ez luke lantegi izan behar baina azkenean hala bihurtzen da. Uste dut hori kanpoko orkestretan ez dela hainbeste ikusten. Duela gutxi Manchesterreko orkestrarekin jo nuen eta giroa eta jotzeko modua erabat ezberdinak dira, maila oso ona daukate. Tradizio kontua ere bada, hemen duela 30 urte hasi ziren orkestrak -Euskadiko Orkestrak orain egingo ditu 25 urte-, Manchesterrekoa aldiz, 1820an hasi zen.