argia.eus
INPRIMATU
Ez Frantziarena?
Ixabel Etxeberria 2007ko otsailaren 21
Chiracek ez omen du lehen ministroa aldatuko, urte bat gelditzen zaiola eta ekintza baikorretan murgildu nahi omen du, haren agintaldia ederki bukatzeko. Nahiz eta Dominique de Villepinen politika boterearen pasabideetaraino oso zalantzagarria izan, hau leial eta zintzo geldituko da, argi baita lehendakaritzarako hautagai izateko aukera guziak galdu dituela.

Aldiz, horren gibelean gogor lanean ari dena Nicolas Sarkozy dugu. Telebistako kate guztietan ibilki da, haren politika indartsua saldu nahian. UMPko presidenteari urtea gelditzen zaio bere burua hautagai gisa inposatzeko. Beste aukera gutti daude eskuinean, autopista dauka aurrean.

Baina, hau guztia betikoa da, agintaldi bukaera zalapartagarria, presidentea legeak eskaintzen dizkion ahalak baliatzen lagunak zigor penaletatik babesteko, boterearen azpikeriak agertzen eta berehala xuritzen, politikari eraginkorrak tartean nahasiak baitira, aldi honetan Clearstrean aferarekin gertatzen den gisan, telebistaren usaiako jokoa bozen bideratzeko eta hautagai batzuei espazio gehiago emateko. Hori guztia betikoa da, Giscardekin, Mitterrandekin ikusi genuen eta zaharragoak direnek antzinakoekin ezagutu zuten. Hori guztia ez zaigu arrotz egiten, eta nonbait ez zaigu inporta Frantziako boterea euskaldunen interesak kontutan hartu gabe eraiki baitute.

Aldiz, une honetan, gure geroa alda lezakeen garai berezi batean gaude. Elkarrizketarako ematen ari diren urratsak neurgarriak dira, atzera pausoak berehala etor litezkeelarik. Horren erdian nor dugu? Sarkozy. Honek, urratsez urrats Espainiako Gobernuak egiten duena jarraitzen du, bideratze honetan asko baino gehiago parte hartzen ari da. Baina, haren azalpen bakarra izan da Konponbidea Espainiako arazoa dela. Harentzat, Frantziako euskaldunek ez dute eskakizun politikorik, Pariseraino heltzeko gai direnik behintzat.

Hala bada, zer izango da ba Frantziako arazo? Miseria? Gero eta jende gehiago kalean bizi dela? Inondik ere, azken hogei urteetan egoera okertu baizik ez da egin, Coluchen ekintza ezinbestekoa bihurtuz. Hiri handien inguruetako auzoak? Batere ez, hor ere oldartze guztien ondotik horretaz arduratzeko ministro bat izendatu eta errepresioa gogortu. Hau izan da erantzun bakarra. Enplegua, gobernuz gobernu joan eta aterabiderik ez dute aurkitzen. Pribatizazioa izan da erantzuna, liberalismoa, autopistak pribatizatu, EDF-GDF pribatizatu, Gizarte Segurantza murriztu, etorkinei ateak hetsi, kontrol soziala indartu. Horretarako legeak bozkatu, kasu horietan legea aldaezina baita eta aitzaki ederra interes pribatuei legitimitatea emateko. Ikasleen protestak ez balira izan, hedabideetan errealitate hau aldaezina dela erakusten ariko ziren. Noiz dira frantses telebistan lan istripuak edo emazteek jasaten dituzten tratu txarrak zortzietako berri sailetan aipatzen? Frantziak ba al du arazorik?

Mundiala al da frantses arazo bakarra? Edo Frantziako Tourra? Sarkozyren proiektua, politikaren karikatura bihurtu da. Lanjerosa.