argia.eus
INPRIMATU
Bertso berriak... Heriok bakeari jarriak
2007ko otsailaren 21a

I

Bazentozela... bazentozela...
Ametsaren oihartzuna.
Ez zatozela... ez zatozela...
Amets-gaiztoak dioskuna.
Bihotzean hain hurbila eta
zentzunean hain urruna...
Iraganeko gudateak zu
bazaitu etorkizuna
herria ezin ulertuz dabil
zer den itxoiten duzuna.


II

Mila tiro hots entzun dituen
herri batekoa nauzu...
Ah, bai, barkatu, hasieratik
aurkeztu ez banatzaizu:
Ni Herio naiz, bertan jaioa,
dela hamarkada batzu.
Gaur zaharkitua nagoela ta
Herriak nahi omen du 'Zu',
baina oraintxe nahi zaitu eta
berandutzen ari zaizu.


III

Badakit zure agenda dela
hutsunerik gabekoa,
ordea, urtez urte atzera
uzten duzu hemengoa.
Urratsak behar zirela eta
emana da lehenengoa;
gainera zure kuleroei so
jarri duzu gehiengoa.
Aurten berria lehenengo aldiz
edo berriz lehengoa?


IV

Sarri bortxatu izan zaituzte
Amerikan zein Afrikan,
alde haietan bisita egin
izan diezun alditan.
Umetan uste nuen zu izan
nahiko nuela haunditan...
Orain haunditu eta izan dut
zure ipurdia bistan...
Ulertzen dizut ez izatea
etortzeko gogorikan.


V

Baina badakit arriskatzea
duzula zurezko dohai,
egin duzula aunitztan eta
eginen duzula nohiznahi.
Eginen dizut toki bat nere
etxean, etorri lasai!
Nik aurkeztuko dizut herria
ta gizartea ere bai;
ta ongi hartzen ez bazaituzte
ni edukiko naute zai.