Medikuak, pazienterik okerrenak


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Medikuen %10-12k bere ibilbide profesionalean zehar gaixotasun psikikoren bat edo alkohol, psikofarmako edo beste drogaren batekiko mendekotasuna izan du. Horietatik %8-10ak alkohol mendekotasuna jasan du, %2-3k beste droga-mendekotasunen bat eta %2ak baino gutxiagok lanean eragin dezaketen desoreka psikologiko larriak izan ditu; hala nola, eskizofrenia edo paranoia. Aipatutako kasu guztietatik %60 baino ez dituzte diagnostikatuko. Horiek dira Europan aitzindari izan den Kataluniako Mediku Gaixoaren Atentzio Integralerako Programak (MGAIP) egindako ikerketaren emaitzak. British Medical Journal egunkarian 1998an argitaratutako datuak, berriz, beldurgarriagoak dira: medikuen %50ak desordena psikikoak dituela dio eta %20ak drogak, medikamentuak eta alkohola kontsumitzen dituela.

Medikuek diote beraiek ere hiritarrak direla eta adierazitako gaixotasunak jasateko edozein biztanlek duen arrisku bera dutela, baina beraien lanbideak eragindako ohitura txarrek egoera zailtzen dutela onartu dute. Hala, osasun arloan duen jakinduriagatik, medikuak automedikaziorako joera handia du. Gaixotasun psikikoez eta substantzien abusuez ari garela, automedikazioa inoiz ez da ona: diagnosia eta medikuak behar duen arreta atzeratzen da eta, ondorioz, gaixotasunak okerrera egiten du. Kasua objektiboki aztertuko duen profesionalaren eskuetan jartzea komeni da. Medikua, ordea, ez da ohiko pazientea: ez da kontsultara joaten, gaitzak korridoreetan hitz egin ohi ditu, lankidearekin, eta %5ak baino gutxiagok du historial klinikoa. Gainera, joera nagusia arazo psikologikoak eta mendekotasunak ezkutatzea da: pazienteen konfiantza galtzeko beldur dira medikuak, lankideen aurrean duten prestigioa galtzeko beldur. Azken finean, arazoa eta pazientearen rola onartzea da beldur nagusia eta medikuak bere gaitza kontrolatu ahal izango duela uste du, inori ezer esan gabe. Horrelako gaixotasunak ezkutatzeak, ordea, gainontzeko herritarroi ere eragin diezaguke, gu beraien eskuetan jartzen baikara. Gutxien zainduta dauden gaixoak eta aldi berean pazienterik okerrenak medikuak dira.



Burn out

Horri guztiari burn out sindromea gehitu behar zaio: lanaz nazkatuta bukatzen duenaren sindromea, alegia. Mediku egoiliarra, esaterako, sindromea jasateko arrisku handiko taldea da, zerbitzuekin eta zaintzarekin lotuta dauden beste hainbat lanbideren antzera. Lagundu beharraren presioak, denbora gutxian zaindu beharreko gaixo kopuru handiak, erantzukizun mailak eta familiarrekin egoera desatseginak igaro behar izateak burn out sindromea eragin dezake medikuengan. Ondorioz, antsietatea, depresioa edo drogen abusua eman daitezke. Hala ere, burn out sindromea eta substantziak hartzearen edo gaixotasun psikikoak jasatearen arteko lotura definiturik ez dagoela azpimarratu nahi izan digu Ander Larrazabal medikuak. Larrazabal Mediku Gaixoaren Atentzio Integralerako Programako koordinatzailea da EAEn. Bere esanetan, lehenengo arlo pertsonala eta familiarra ateratzen dira kaltetuta eta lana da gaixotasunak eragingo duen azken lekua, baina eragin dezake eta hutsegiteak edo ustekabeko erreakzioak suerta daitezke. «Mundu guztiak gogoratzen du ospitalean hainbat pertsona hil zituen medikua -dio Larrazabalek-, baina seguru aski arriskutsuagoa da burua gaizki duen militar edo polizia bat». Ertzaintzaren baitan, esaterako, arautegiak dio kokaina mendekotasuna duen ertzaina lanetik bota egingo dutela eta beraz, normalean, ertzainak ez du onartuko mendekotasuna duenik. Baina hori ez da mediku gaixoa zaintzeko sortu den programaren ikuspegia. MGAIP programak arazo psikologikoak edo mendekotasunak dituzten medikuak lagundu eta berreskuratu nahi ditu, zigorrak jarri beharrean laguntza eskainiz.

Programa Ameriketako Estatu Batuetatik inportaturiko ideia da. Han Medikuarentzako Osasun Institutuak dituzte, baina Europan ez zegoen osasun arloko profesionalei zuzendutako programarik, 1998an Bartzelonako Mediku Elkargoak MGAIP ekimena sortu zuen arte. Egitasmoa Nafarroara 2001. urtean iritsi zen eta EAEra 2002an, martxan 2004an jarri zen arren. Egun, Nafarroan 3.381 mediku daude lanean eta EAEn berriz, 10.000 inguru. Medikuen elkargo profesionalek kudeatzen dute Programa eta Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak finantzazioan parte hartzen dute. Azken helburua hiritarrak babestea da, medikuen jardun egokia bermatuz.

Horretarako, medikuak gaixo dagoela eta Programaren laguntza behar duela onartzen duenean, hau da, urratsik zailena eman duenean, hainbat pauso jarraituko ditu: hasteko, izen faltsu batekin berekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia utzi behar du 646 581 200 sakelakora (EAEkoa bada) edo 948 226 093 zenbakira (Nafarroakoa izanez gero) deituta. Ondoren, proiektuko koordinatzaileak deitu egingo dio, programaren berri emateko. Batzuetan, informazioa eskuratzeko edo beste norbaitentzako laguntza eskatzeko deitzen du medikuak. Norberak parte hartzeko bada, aldiz, bere datuak emango ditu eta ezizen batekin terapeuta edo espezialistarekin hitzordua egingo zaio. Konfidentzialtasuna oso garrantzitsua da eta programak ez ditu inolaz ere parte hartzen dutenen izenak ekimenetik at jakinaraziko. Espezialistak edozein hiritar bezala tratatuko du medikua, bakarka, eta alta eman ondoren ere segimendua egingo zaio gaixoari. Egoera berezietan, espezialistak medikua profesionalki arriskutsua izan daitekeela uste badu, lanik ez egiteko esango dio eta pazienteak ez badu onartzen, neurriak hartuko dira. Kasu larrienetarako, beste hainbat mediku elkargo profesionalekin batera ospitalizazio unitatea Bartzelonan dute. Alkohol desintoxikazioaz, kokaina arazoez eta gaixo psikikoen balorazio sakonagoez, esaterako, bertan arduratzen dira.


23 hilabete, 23 kasu

Konfidentzialtasuna ezinbestekoa dela argudiatuz, Nafarroako Mediku Elkargoak ez digu inolako daturik eman nahi izan. EAEkoaren eskutik, ordea, izenik eman gabe orain arte izan duen esperientziaren berri jaso dugu. Joan den ekaina bitarte, 23 hilabeteetan, 23 mediku gaixo izan ditu. Dena den, dagoeneko 130 dei baino gehiago jaso dituzte, askok soilik informazioa eskatzeko deitzen baitute. Dei horietako batzuk beste lanbide batzuetatik eginak dira; hala nola, Ertzaintzatik edo hezkuntza arlotik. Presio handiagoa izan ohi duten lanbideak dira eta uneren batean osasun arloko arazo berdinei egin beharko diete aurre. Koordinatzaileak adierazi digunez, informazioa baino eskatzen ez duten medikuei ez diete jarraipenik egiten: «Badakigu batzuk behin baino gehiagotan deitu dutela, baina guk laguntza eskaintzen dugu, ez dugu inor behartzen, lehen urratsa beraiek eman behar dute».

Ohikoena ez bada ere, EAEko programako gaixoen artean badaude kasu larriak. Batzuen tratamenduek bide ona daramate, baina bada proiektuan sartu zenetik lan egin ez duen eta ziurrenik inoiz lan egingo ez duen kasurik. Esaterako, burua galtzera garamatzaten desoreka psikologikoak larriak dira: eskizofrenia, desoreka bipolarra edo psikopatia. Ezin dira hobetu; aitzitik, gainbehera gero eta handiagoa da, luzera okerrera egingo dute eta hortaz, inoiz ez dira sendatuko. Kokainaren abusua ere kasu larritzat hartzen da, sendatzeko zaila baita. Gainean egon beharra dago, utzi ostean berriz erori den medikurik badutelako, adibidez, programan. Larrazabalek dio kasu larriak ez direla asko, baina arazo handiagoak ematen dituzte.

Pazienteen gehiengoak, dena den, ez du gaixotasun larririk. Profila 45 eta 55 urte bitarteko gizonezkoa da, sistema publikoan lan egiten duena, depresio edo nortasun arazoekin eta une hauetan sendagai edo alkohol gehiegi hartzen dituena. Angustia, depresioa edo egokitze arazoak izaten dituzte batik bat. Alkohol gehiegi edaten hasi direla edo neurri gabe automedikatzen ari direla konturatu diren medikuak dira. Baina abusua eta mendekotasuna kontzeptu desberdinak direla azpimarratu du koordinatzaileak, substantzia bat gehiegi hartzeak ez baitu zertan zuzenean mendekotasuna sortu. Une hauetan, egitasmoaren baitan dauden mediku gaixoen %80-85ek lanean dihardute, programaren arabera lana normal egin baitezakete. Tratamenduan zehar, hala ere, pazienteak bere lanean geldialdiren bat egin ohi du, hausnarketarako denbora hartzeko.

Berreskurapen kopurua %75etik gorakoa da eta, estatistiken arabera, medikuak hiritarrak baino lehenago sendatzen dira. EAEn, gaur egun programak 20 gaixo ditu, hiruri alta eman zaielako. Alta emanagatik, segimendua dute, lanera berriz ondo sartu direla eta berriz gaixotzen ez direla kontrolatzeko. Horretarako, medikuak berak aukeratutako pertsona batek programako arduradunak informatuko ditu, zerbait gertatuz gero.

Azken finean, medikuak beste edozein hiritarrek izan ditzakeen arazo psikologikoak ez dituela jasango pentsatzea begiak ixtea da. Europan ere horretaz konturatu dira eta Bartzelonak ireki zuen bidean urratsak ematen ari dira. Dena den, programak osasunaren atal bat baino ez du hartzen, prebentzioa eta balorazioa bezalako gaiak garatu beharko lirateke. Esaterako, kasuaren arabera, behartu al dezakegu pertsona bat lanetik atera eta azterketa psikologikoa egitera? Argi dagoena da egungo bizimodua ikusirik horrelako ekimenak geroz eta lanbide gehiagotara zabaldu beharko direla.

Felix Zubia, medikua: «Pertsonen sufrimenduarekin lanean aritzea ez da erraza»
Mediku Gaixoaren Atentzio Integralerako Programan parte hartzen ari diren medikuek ez dute hitz egin nahi izan. Horregatik, Felix Zubia medikuarengana jo dugu; berak ez du Programan parte hartzen eta ez dago gaixo, baina medikuaren ikuspegia eman digu. Lan motak depresio eta estres traumatikoetan eragina izan dezakeela uste du. «Beti pertsonen bizitzarekin edo sufrimenduarekin lanean zabiltza eta horrek eragin egiten dizu. Pertsonak gara eta zama hori jasatea ez da erraza. Gainera, erantzukizuna gero eta handiagoa da eta onarpena berriz, txikiagoa. Garai batean medikua jaungoikoa zen eta hori ez dugu nahi, baina ezta uneoro beldurtuta egon behar izatea ere, gero eta demanda gehiago jartzen dizkigutelako. Lan baldintzei dagokienez, gero eta gaixo gehiago ikusi behar ditugu: kontsultak areagotu dira eta lan asko dugu». Depresioan erori zen mediku bat ezagutzen du eta hark espezialistarengana jo zuen. Beste batek ere ez zuen zama jasan eta dena utzita alde egin zuen bat batean. Halaber, norberak bere buruari tratamendua jartzeko joera handia dutela onartu du. «Automedikazioa gauza arinentzat bide egokia iruditzen zait, erraz tratatu banaiteke ez du ezer txarrik. Kasu larriagoa bada, dagokizun medikuarengana joatea komeni da, baina askotan ez da egiten. Nik neuk, zorionez, ez dut arazo larririk izan, baina zerbait gertatuz gero ez dakit zer egingo nukeen. Pentsatzen dut askotan errazenera jotzen dela: aldamenean duzunari galdetu eta zure burua tratatzen duzu. Inguruko gehienek ere horrela jokatzen dute».

Programari dagokionez, eraginkorra izan daitekeela uste du, baina zailena norberak egin behar duela, gaixotasuna onartzea alegia. Proiektuan parte hartzeko beldurraren beste arrazoia gaixoek jakitea baino, lankideak jabetzea dela uste du, «ospitale handia izangatik azkenean toki txikia delako». Jarraitu beharreko bidea? «Aurrena, lan baldintzak eta norberaren prestakuntza ahalik eta egokiena izatea; hots, zein egoerei aurre egin beharko diezun jakitea, eta ondoren, egoera horietarako babesa eta prebentzioa indartzea».

Profila
Programako pazienteen profila 45 eta 55 urte bitarteko gizonezkoa da, sistema publikoan lan egiten duena, depresio edo nortasun arazoak dituena eta une hauetan sendagai edo alkohol gehiegi hartzen dituena. Angustia, depresioa edo egokitze arazoak izaten dituzte batik bat. Alkohol gehiegi edaten dutela edo neurri gabe automedikatzen ari direla konturatu diren medikuak dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Gurutzetako Ospitaleko Larrialdiak “kolapsoaren ertzean” daudela salatu du ESK sindikatuak

Barakaldoko ospitaleko larrialdi zerbitzuan sufritzen ari diren "saturazioa larria" dela ohartarazi du sindikatuak. Pazienteak korridoreetan artatu dituztela eta krisia kudeatzeko "behar adina langile" ez dagoela salatu du. Errealitate horren aurrean... [+]


Nafarroako Medikuen Sindikatuak hilabete iraungo duen greba hasi du

Astelehenean abiatu da sindikatuak deitutako greba eta apirilaren 6 arte luzatuko da. Lan-gainkarga salatu eta baldintzak hobetzeko eskatu dute, baita mediku egoiliarrei karrera profesionala aitortzea ere.


EAEko Osasun Saila mediku euskaldun bila

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argi dio: ez ditu mediku euskaldunak aurkitzen, eta euskarazko osasun arreta ezin da bermatu mediku egoiliar (formazioan dauden espezialista) gehienak kanpotarrak direlako. Mediku euskaldunak bilatzea perretxikotan joatea... [+]


Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak

Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.


Donibane Lohizuneko poliklinikako larrialdi zerbitzua, “egoera jasanezinean”

Gauez ia aste osoan ateak itxita izaten ditu Donibane Lohizuneko osasun zentro horretako larrialdi zerbitzuak. Herri Berri udal oposizio taldeak deituta, mobilizazioei ekin diete herritarrek eta jadanik 3.000 sinadura bildu dituzte zerbitzu "iraunkor eta eraginkorra"... [+]


Trebiñu Araban sartzeko “aurrerapausorik” ez dela eman salatu dute enklabeko zinegotziek

Bizilagunek "egia eta politika" merezi dutela adierazi dute, oraindik konponbiderik bilatu ez zaizkien arazo ugari edukitzen jarraitzen baitute. Ikasketei eta osasun arretari loturiko arazoak nabarmendu dituzte.


Txikori-belarra udaberrian

Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino otsoa ikustea hobea zela esaten baitzen.


Gorputz hotsak
“Garrantzitsua da Down sindromedunok oholtzan ikustea”

Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean,  Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]


Haur miopeen gorakada handia, kezka iturri: “Kanpoan jolastea oso inportantea da”

Miopia gero eta gehiago eta gero eta lehenago ari da garatzen, eta horren arriskua da dioptriak gehitzen joatea eta helduaroan begiari lotutako hainbat gaitz izateko aukerak dezente handitzea. “Eguzki-argia jasotzea inportantea da, eta denbora asko ez igarotzea oso gertu... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Onkologia Osakidetzan integratuko dute ekainaren 30erako

Alberto Martínez Jaurlaritzarne osasun aholkulariak jakinarazi du erabakia, Gasteizeko Legebiltzarrean. Langile guztiak subrogatuko dituztela ere esan du. 


EAEko gazteen %88aren ustez buru osasuneko tratamenduak Osakidetzaren gain egon beharko lirateke

Future Game proiektuak EAEko gazteen osasun mentalaren inguruko ikerketa egin du. 18-35 urteko gazteen %87,7ak osasun mentaleko tratamenduak osasun publikoak bere gain hartu beharko lituzkeela pentsatzen du; %64,5ak osasun mentalaz hitz egitean haien iritzia kontuan hartzen ez... [+]


Eguneraketa berriak daude