argia.eus
INPRIMATU
Kristoren prepuzioa
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 21
Israel, K.o. 33. urtea. Nazareteko Jesus gurutzean hil eta zeruetara igo zen, fede kristauaren arabera. Hortaz, bere gorpuzkinik ez zen lurrean geratu eta, hainbat santurekin gertatu bezala, Jesukristoren kasuan fededunek ez zuten haren beso, buru, agin, oin edo ilerik gorde eta gurtzeko aukerarik izan.

Baina Jesusi, errito juduari jarraiki, jaio eta zortzi egunera zirkunzisioa egin zioten, hots, zer gertatu zen prepuzioaren azal zati horrekin? Zentzugabekeria badirudi ere, galdera hau bueltaka ibili zen mila urte baino gehiagoz Elizaren kontzilio eta batzarretan eta pentsa daitekeena baino teologia gehiago dago afera honen atzean. Jainkoaren gorputz osoa bezala, azal zati hura zerutiarra izango zen eta Jainkoaren zati izanda ezinezkoa zen hura usteltzea. Usteldu ez bazen, non zegoen? Jesusen gainerako gorputz atalekin batera zeruratu al zen? Noiz? Pizkundean ala Igokundean? Edo moztu zutenetik zeruan al zegoen jabea noiz igoko zain? Finean, zeruko etxean, Jainkoaren eskuinean, Jesusek bere prepuzioa dauka? Ala azaltxo ustelgabea gure artean da oraindik?

Zalantza hori aprobetxatu zuten Erdi Aroan Elizak eta erlikia faltsutzaileek fededunen fetitxismoa bultzatu eta prepuzio sainduak opilak eta arrainak bailiran ugaltzeko. A. V. Müller apaizak 1907an gaiaren inguruko liburua idatzi zuen eta 13 prepuzio zenbatu zituen: Erroma, Charroux, Anberes, Paris, Brujas, Bolonia, Besançon, Nancy, Metz, Le Puy, Conques, Hildeshiem eta Kalkutan azal eraztun bana kontatu zituen Müllerrek. Horietako asko Frantzian zeuden eta ia denek zioten Jainkoak Karlomagnori eman ziola aingeru baten bidez. Baina Müllerrek zenbatutakoez gain, baziren beste prepuzio batzuk munduko eliza eta kaperatan zabalduta, Burgosekoa esaterako.

Azaltxoaren eraztun itxurak ere joko handia eman zuen: Sienako Santa Katalinak, adibidez, prepuzioa Jesusek berak eman ziola zioen eta eraztun moduan beti behatzean zeramala. Célestine Fenouil eta Marie Julie Jahenny gazte estigmatizatuek ere eraztun moduan zerabiltela esan zuten.

XVIII. mende hasieran, Agnes Blannbekin -1715ean Vienan hila- mojaren testigantzak eman zion amaiera enigmari eta, neurri handi batean, prepuzioen trafikoari. Zuzenean zerutik iritsitako mezuaren arabera, mundu kristauean barreiatuta zeuden azal zati horiek guztiak faltsuak ziren. Errebelazio garrantzitsu honen kontakizuna horrela jaso zuen Karlheinz Deschner-ek kristautasunaren historia sexualaren inguruko liburuan:

«Bat-batean azaltxoa sentitu zuen, gozotasun ikaragarrizko azala, eta irentsi egin zuen. Irentsi eta berehala, azal gozoa sentitu zuen mihian eta berriro irentsi. Ehun aldiz egin zuen hau eta prepuzioa Pizkunde egunean Jaunarekin batera berpiztu zela esan zitzaion. Hain zen handia gozotasuna Agnesek azala irentsi zuenean, ezen gorputz atal guztietan eraldaketa eztia sentitu zuela». Eta nor gara gu Jainkoaren bideak zalantzan jartzeko?


Arrastoak

Uda honetan hainbat film historiko estreinatu da. Beste hainbat, proiektu baino ez dira oraindik:

BEN BARKA Marokoko oposizioko liderraren hilketak 40 urte betetzean haren inguruko filma estrainatu da J'ai vu tuer Ben Barka izenburupean.

JOHAN SEBASTIAN BACHek eta Prusiako errege Federiko II.ak 1747an ezagutu zuten elkar. Bi pertsonaia historikoen elkarretaratzea kontatzen du uztailaren 14an estrainatu den Mein Name ist Bach filmak.

ASTERIX ET LES VIKINGS ere zine aretoetan da. Galiarren abentura berria kontatzeko jatorrietara itzuli eta marrazki bizidunak erabili dituzte.

SA MAJESTÉ MINOR du izena Jean-Jacques Annaud zuzendariaren proiektu berriak. Irailean hasiko da errodajea eta K.a. 2.000. urtean egongo da kokatua zinegile frantziarrak tragikomedia aurrehomeriko moduan definitu duen lana.

THOMAS BECKET hil zuten zaldunen istorioa kontatuko du Paul MacGuigan zinegileak Four Knights izenburuko pelikulan.