argia.eus
INPRIMATU
Kontaidazu zertan ibili zinen 1986tik aurrera
Alvaro Hilario Pérez De San Román 2021eko uztailaren 27a
Errenteria, udaberriko igande bateko arratsaldean: han hemenka, eguraldi ona dela-eta hondartzarako bidea hartu ez dutenak tabernetako mahaietan daude jarrita, kafe bana aurrean, berbetan. Alde zahar berria daukagu begi aurrean: txukun-txukuna; etxeek margotu berriak diren aurrealdeak erakusten dituzte; ez dago lehen beste pankarta jarrita. Ez du ematen duela urte batzuetako hiri berdina, Madrilgo hedabideek hainbat urtetan jomuga izan zuten hura. Inguruak ere aldatzen doaz: errepide berriak; lanak portuan, hor, Lezo aldean; inoiz gazte izan zirenek kementsu eskatutako bidegorria, mantso-mantso doa RENFEko geltoki parean. Behin herri batzarren eta herri izaera zehatz baten sorreran esanguratsuak izan ziren lantegiak ere ezin ikusi gabiltza. Ertzainetxea atzean utzita, gorantz jo dugu, Perratokia etxe okupaturantz. Solairu biko harrizko etxea zuhaitzek eta lorategi txiki batek inguratzen dute; teilatuan Zintzilik Irratiaren antena luzea dago. Iñaki Garmendiak, Piratak dioenez, «hartu zure etxea eta bandera zabaldu» garaietako etxea da. Honekin adierazi nahi du egungo okupazioekin erkatuta aurrekoek zeukaten asmoa kolektiboagoa zela. «Guretzat bizitza sistemarekiko adierazpen modua zen; egiten dugunak bat egin behar du horrekin; egunerokotasunean koherente izateko beharra daukagu. Eta urte haietako okupazioak politikoak ziren berez».

Gaur badugu hitz egiteko astirik, astelehenetan Piratak ez baitu bere ogi goxoa egiten, ezta saldu ere. Berrogeita bi urte ditu Piratak; horien erdiak behintzat Donostialdeko zein Oarsoaldeko okupazioetan bizi izanak. Belabaratz baserria, Toki Onena, Ategorrietako dutxak, Gabierrota, Zapatari eta ezin ahaztu oraindik ere Pirataren bizi lekua dena, duela hogei urte okupatu zuten Arditurriko meategia, Oiartzunen. Beheko solairuan gaude: apaletan, katalogatuta, liburuak eta bideoak, panfletoak eta aldizkariak; borroka askoren lekuko izateaz gain, La Herrería ta zía liburutegi eta dokumentazio gunearen hazia, abiapuntua da. Ordenagailu batean, hamar filmen laburpenak ikusgai daude. «Banuen nik hainbat konturen gaineko erakusketa egiteko gogorik», dio Piratak, «bizi izandakoak kontatu nahi nituen; iraganeko gauzak izan arren, gaurkoak bezalakoak izan zitezkeelakoan. Orduan, guretzat hain bereziak izan diren alde zaharretako tabernetan edo gaztetxeetan irudiak erakustea pentsatu nuen: izan ginena eta garena ezagutzeko eta ez ahazteko». Zigarreta piztu eta esandakoaren harira aurrera egiten du: «Irudiak ikusten hasi nintzen; konturatu nintzenerako, hamar film baino gehiago neuzkan ikusita. Ordu erdikoak eta luzeagoak zirenez, laburpenak, trailerrak, egitea nuen ideia; niretzako dokumentazio modu ona eta azkarra da laburpena. Azken batean, tabernan, zerbait hartu bitartean, minutu gutxitan eta ordenagailuaren bidez jendeak ikusi ahal izatea nahi nuen nik». Egiteak baina guztien digitalizazioa ekarri zuen. Orotara bederatzi dira orain DVDan eskura dauden filmak. Bestelako materialak saltzen diren ohiko lekuetan topatuko dituzue. 80ko hamarkadako herri mugimenduak sortutako borroken eta egoeren kronika biziak dira. Lau dira okupazioari dagozkionak: Errenteriako egoitzaren utzaraztea, Gure Ametsa. I. urtemuga, Okupazioari buruz eta Zapatari, X. urtemuga; intsumisioa hizpide du Europan zeharreko intsumitu karabana -Donostiako Intsumisio Taldeak antolatu zuena- filmak; Ekintza estoldetan kontrainformazioari buruzkoa da, Ezztanda aldizkariaren agerpenerako egina dena; Oiartzungo Intsumitu eguna zela-eta, ikuskizunaren kultura salatzeko Ezztanda kabaretaren emanaldia beste batean bildu dute; Hans Geodebure zinegile herbeheretarrak egin zuen Legerik gabeko hiriak lehen mailako lekukotasuna eskaintzen du, Errenteriatik igaro diren polizi ezberdinen agerraldiak biltzen dituelako. Eta azkenak, Erditu Arditurrinek, bost erditze azaltzen dizkigu. Batzuk irudi gordinak dira -filmatu ziren bezala aurkeztuak-, besteak, ekoiztutako filmak. Egunez eguneko bizitzaren irudiak dira, kalez kaleko gertakarienak.

DVD bilduma honek Cuéntame qué te pasó desde el 86, Va por Minas. Documentos del activismo en un país sin reino dauka izena. Hala ere, zaharrena 1987-88koa da, Ategorrietakoa: «Hura EMK-ko jendeak egin zuen, garai haietan beraiek baitziren bideoak egiteko tresneria eta sosak zeuzkaten bakarrak. Hauxe zen hasiera batetik lortu nahi nuenetako bat eta, zoritxarrez, duela gutxi eskuratu dudanez, ez dago erabat digitalizatua; momentuz ez dago DVDan. Honek Ategorrietako Toki Onena etxeko utzaraztea kontatzen du. 1987ko urtarrila zen, sei edo zazpi solairuko etxe arrunta genuen. Hura izan zen Ertzantzaren lehenengo agerraldia. Itzela, bortitza izan zen oso», gogorazten du Piratak, «bigarrenak Errenteriako egoitzaren utzaraztea jasotzen du: niretzat egun jendeak hau ikustea zirraragarria da». Aipatutako bi hauek jatorrizko bideoak ziren; Legerik gabeko hiria, ordea, 35 milimetrotan egindako filma da: «Hansek egin zuen, Arditurrin, gurekin, hilabete bi eman zituen holandarrak; horretan, 1977-79ko irudiak daude, Fotos Valentínekoek hartuta». Lazkao Txikiren bertsoen eta irudien bidez, jendeari eginiko elkarrizketak tartekatuta, poliziek egindakoak agertzen zaizkigu: Polizia Nazionalaren irudi ospetsu haiek, herria setiatuta, poliziak dendatan lapurtzera sartzen, Ertzantzarenak... «Oso dokumental profesionala da, kanpotik emandako begirada, Hans gurekin bizi bazen ere». Abisua ematen digu: «Badira ere, 1985ean, Belabaratz baserrian -oraindik ere okupatuta dagoena- ETBk hartutako irudiak; geuk, Iruñeko Katakrak taldekoekin egin genuen ekitaldi batean erabili genituen baina ETBk, berriz, ez zituen emititu», eta barrez amaitzen du, «berreskuratzearen artea zer den ikusiko duzue!».


Irudiaren kulturarik ez

Piratak adierazi duen bezala, urte haietan irudiaren kultura ez zegoen gaur bezain hedatua eta tresneria askoz garestiagoa zen. Filmak ez ezik, bideoak egiteko beste diru zutenak gutxi ziren. Hori dela medio, ez dago film zaharragorik eta, oro har, oraindik ere aurki daitekeen materiala ez da asko. «Grabatzeko kamera beltz haiek erabiltzen genituen, 8 mm-ko haiek; ez super 8, baizik eta 8 mm-ko deritzon bideo sistema; nik bideoetan eta 8 mm-ko horietan jasotako irudiekin lan egin izan dut, batez ere, horiek dira digitalizatu ditudanak». Ahaztutako bideoen bila lagunen etxeetako tiradera asko, kutxa asko eta ganbara asko arakatu behar izan zituen Piratak. Berak ere ez daki zenbat denbora eman zuen lan horretan. Ondoren, hilabete bi eman zituen Perratokiko goiko solairuan. Zeukan disko gogorra bete arte aritu zen eskuratzen zuen materiala ordenagailuan sartzen. «Inoiz esateaz damu naizen arren, irizpide finkorik gabeko lana izan zela aitortu behar dut; material gutxi zegoenez, gogoan nuen egoeren erretratua ahalik eta hoberen egiteko, heldu ahala ekin nion digitalizazioari. Pena da inoiz ikusi genituen materialak aurkitu ez izana. Batzuk auskalo non dauden; beste batzuk, suteak zirela-eta edo poliziak lapurturik, betiko desagertu dira». Hala ere, filmak gertu izan dira: «Film hauetan nik bizi izan dudan historia kontatzen da; beraz, ez dira nigandik sekula oso urrun egon; parte hartu dut horietan: bizitzaren zatiak ditut horiek guztiak». Egoerak, iragan hurbilekoak, gatazkak sortuak, borrokaren zuhurtzian garatuak. Gaurko hainbat gauza ulertzeko memoria historikoa berreskuratu behar dugulakoan abian jarri dute egitasmoa La Herrería ta Zía dokumentazio taldekoek. Herri mugimenduaren nondik norakoak ezagutzeko tresna berria kalean dago jadanik. Errenteria, Zarautz, Donostia edo Oiartzun Pirataren ordenagailuak bisitatu dituen lekuetako batzuk dira. «Nik ez dut hau materialak saltzeko egiten; baina edonork ikusi nahi izanez gero, gaztetxe batekoek deitzen badidate, hara noa, arazorik gabe. Ordenagailua ipini eta jendeak nahi duen beste alditan ikus ditzala trailerrak». Egin duen lanari inportantzia kendu nahi dio: «Beharrezkoa zen filmak gordetzea, bai, baina ikusteak berak egindakoak beste garrantzia dauka».