argia.eus
INPRIMATU
Alta
Itxaro Borda 2007ko otsailaren 21
Utz ditzagun Napoleon eta gisa bereko zaharkeriak. Lankideak oporretan ditut eta gizonezkoekin bakarrik futbolaz mintza naiteke. Nik Txapelgoa Brasilekin batera galdu nuela aitor dut. Ez dut ulertu nola egon diren Ronaldinho eta lagunak belarrari itsatsiak laurogeita hamar minutuz. Funtsean, erasoan zebiltzan talde guztiak kanporatu dira eta soilik defentsari gogor ekiten ziotenak gelditu: garai kontserbatzaile hauekiko alegoria balitz Berlinen bukatu den Futbol WM hau?

Denek daukagu, omen, zerbait defendatzeko: aberastasuna, sozial heina, bizimodu gradua, errespetua, familia eta batzutan ohorea. Gure Aitaren Etxea ere hor dugu defendatzeko alabaina. Noren aurka? Kideak egungoan arerioak baino etsaiak dira, kirolaren alorrean barne. Aski da noizbehinka Zinedine Zidanen so tzarraren ikustea, gizona gerla kolektibo eta pertsonal batean hezurretaraino sartua dela jakiteko. Karrikan berdin: jendea tankeen moduan ibiltzen da, bakoitzak bere bizitza-eremua defendatzea helburu, irri eta eskerrik gabe. Menturaz oheen intimitatean antzeko egoerara helduak gara, senarrak telebistaren aurreko sofaren gainean tapalakatua egoteko eskubidea defendatzen duelarik, mutur eta hortz, emazteak sukaldera deitzen duen arren.

Bat-bederak bere zorion partikularra defendatzen du. Zorion ebatsia bailitzan. Pataska dorpeei irabazia. Bikote, familia edo enpresetako zorionak gohaitzen nau, beti besteen kontra eraikitako harresia delako. Irudi luke gehienetan zerbaitek edo norbaitek hil eta suntsitu behar duela norberaren zorionaren finkatzeko. Zoriona ez baita, uste dugun eran, barruak betetzen dituen sentimendu bat, baizik eta inguruneari harroki eta espantuka erakusten zaion mendeku bat. Zidanek lortu gol baten bidez, edonor, nehoiz ez bezala zoriontsu izan al daiteke? Telebistan azaltzen diren gizakur zaunkari horien zorionaren oinarrian zer dago? Benetako poza? Gorrotoa?

Zoriona, dirua edo ospearen maneran metatzen da. Ez partekatzen. Zoriona onanista bilakatua da hemen gaindi, erran nahi dut laurden-mundu aberatsenean. Erotasun uhin horren bizkar harian alta, zorionaren bilaketa gai daukatela, zinegilerik handienek arazoaren adarrak astintzen dituzte. Hala irudi zait bederen. Hilabete eskasetan, doinu berdintsua zeukaten hiruzpalau filmeren miresteko aukera ukan dut: Jim Jarmuschen Broken Flowers, Wim Wendersen Don't Come Knocking eta Pedro Almodovaren Volver. Humanitatearen jendetasun premia gorriaz ari zitzaizkidan hiruak, kasik lelo. Futbol txapelketako giro gizonkoi horretarik mila legoatan, egia erran.

Hiru obra eder hauek itzulera baten istorioa kontatzen digute. Nostalgiarik gabe. Oraina, batez ere beraiena, aspaldian bekaitz higatua, bermatzeko, batzuk abandonatu dituzten umeak -Jarmusch eta Wenders- edo besteak -Almodovar- hila uste eta jukutriaz salbatu den amak, familia bilatzen dute, bizirauten laguntzeko. Baina ez familia hertsia. Alderantziz. Noizbait elkar aurkitu behar balitz bezala, dirua eta zapalkuntza nagusi diren gizarte gerlarian aitzinatzeko. Agian, kirolaren eta neokapitalismoaren gatazka eufemisatzen duten metaforen gibelean, ezabatzen joan den harremanen emetasuna berreskuratzera gonbidatzen gaituzte film egileek. Ez feminitatea, hau ere kontzeptu maskulino bat delarik.

Itzulera zaila da, beti. Hutsak onartzekoak dira. Barkatzen eta urrikaltzen ikasi. Bideari ekin eta azkenik, ahoa nahitara tapatzen diguten ohizko buztinezko sintaxiak baztertu.
Izatearen egiak umiltzen eta batzutan umiliatzen gaitu.