Laugarren kirola

  • Astearte buruzuria da Euskal Herriko txoko gehientsuenetan lan giroa da nagusi. Jendea korrika eta presaka dabil batetik bestera, fabriken tximiniak kea etengabe botatzen ari dira eta auto-iladak nonahi daude. Andoaingo Goiburu golf zelaian, ordea, oso bestelako giroa dago. Bakea arnasten da. Belar moztu berriaren usaina, txorien kantuen doinua, haize epelaren gozotasuna. Golfa ezagutzen ez duzuenok Heidiren marrazki bizidunetako giroa deskribatzen ari garela pentsatuko duzue. Golfa ezagutzen duzuenok, berriz, badakizue zertaz ari garen. Kirol honek xarma berezia du, eta adituen esanetan oso gutxi dira behin probatu eta gero errepikatzen ez dutenak.

2021eko uztailaren 28an

Jon Otaño da horietako bat. Golfak gizon honen bizitza aldatu du. Orain sei urte Andoaingo fabrika batean egiten zuen lan, eta gaur egun Goiburu golf eskolako irakaslea da. «Golfean hasi nintzenean mundu berri bat aurkitu nuen. Laneko estresa alde batera utzi eta lasaitzeko oso baliagarria egin zitzaidan. Poliki-poliki serioago hartzen hasi nintzen, eta azkenean irakasle titulua atera nuen», adierazi digu Otañok.

Golfak elitista ospea izan du betidanik, aberatsen kirola deitu izan zaio. Jon Otañok ere askotan entzun du hori, baina ez dago ados, «golfa elitistatzat jotzen dutenek ez dute kirol hau ezagutzen. Ez dute inoiz golf zelai bat bisitatu. Golf zelai batean askotariko pertsonak aurki daitezke. Golf jokalariek ez dute perfil jakin bat, elkarrekin batere antzik ez duten pertsonak dira».

Ez zaio arrazoirik falta Otañori. Hortaz jabetzeko aski da Goiburu golf zelaian buelta bat ematea, eta bertan dagoen jendeari erreparatzea. Askotariko pertsonak aurkitu ditugu: ikastolako haurrak, erretreta hartu duten gizonezkoak, emakumezko lagun taldeak, negozio-gizonak, arotzak, kazetariak… «Nire lagun bat aspalditik dator hona, eta probatzeko esan zidan. Orain dela hiru hilabete hasi nintzen, eta ia egunero nator. Oso kirol polita da, eta azkar hobetzen ari naiz. Ez nuen uste hainbeste gustatuko zitzaidanik», aitortu digu Oscar Badallo kazetariak. Goizeko bederatzietan iritsi da golf zelaira, eta goiza bertan pasatzeko asmoa du.

Golfaren xarmak harrapatu du Badallo, eta bera bezala beste hainbat ere bai. Euskal Herrian 18.000 jokalari federatu baino gehiago daude. Futbola, arrantza eta ehizaren ondoren jokalari federatu gehien dituen kirola da. Goiburu golf zelaiak, esate baterako, 600 bazkide ditu. Ibon Arregi Uranga Goiburuko arduradunaren esanetan, «bazkideen kopurua etengabe doa gora». 2.002. urtean bederatzi zulodun zelaia zabaldu zuten, eta ondoren haurrentzako eskola.


Golfean egiteko joko-arauak

Urtean zehar 1.000 haur baino gehiago pasatzen dira Goiburu golf eskolatik, eta horietako askok eskolan gelditzea erabakitzen dute. Lehenik eta behin, pilota behar den bezala jotzen erakusten diete: hasierako kolpea, greenera gerturatzekoa, zuloan sartzeko kolpea… Golf makila behar bezala aukeratzea ere oso garrantzitsua da, kolpe bakoitzak bere makila behar baitu.

Halaber, arauak ikasi gabe ezin da golfean jokatu. Hona hemen oinarri-oinarrizkoak: golf zelaiek 9 edo 18 zulo dituzte; zulo bakoitzak hiru atal (irteera, kalea eta greena); zulo bakoitzean pilota sartzeko kolpe kopuru jakin bat jo behar da, eta ibilbidearen amaieran ahalik eta kolpe gutxien jotzea da helburua.

Ingurumen eta errespetuarekin lotura duten arauak ere badaude. «Golfa naturarekin lotura estua duen kirola da. Esate baterako, pilota jo eta gero belarra altxatzen badugu belar zati hori konpondu gabe ezin da aurrera jarraitu. Ingurumenarekiko eta gainontzeko jokalariekiko errespetua mantendu behar da», azaldu digu Jon Otaño irakasleak.

Golfak duen beste gauza berezi bat jokalarien janzkera da. Zergatik janzten dira beti hain dotore? Beharrezkoa al da horrela janztea? Jon Otañoren esanetan garrantzitsuena eroso joatea da: «Galtza bakeroak janzten badituzu ez duzu golfean eroso jokatuko. Galtza zabalak eta finak behar dira, polo edo alkandora bat, eta zapata takodunak. Haizea ibiliz gero, bisera bat jartzea ere komeni da».

Alabaina, kirol honekin gozatzeko garrantzitsuagoa da ikasteko grina janzkera baino. Adituek diote bizpahiru hilabetetan maila txukuna lor daitekeela. Goi-mailako jokalaria izateko, berriz, maila psikologiko eta fisiko oso ona behar da. «Jokalari profesionalek ordu asko pasatzen dituzte gimnasioan, baina psikologikoki ere oso indartsuak izan behar dute. Kontzentrazioa da golfean ondo jokatzeko gakoetako bat».

Ibon Arregi Urangak, Goiburu golf zelaiko arduradunak eman dizkigu golfarekin gozatzeko azken gomendioak: «Aurreiritzi guztiak alde batera utzi behar dira. Inolako presarik gabe hona etorri eta inguruarekin gozatu behar da. Pazientzia ere beharrezkoa da, ez baita berehala ikasten». Prezioei dagokionez, egun bateko jardunak 6 euro balio du eta urteko kuotak 180.

Golfeko hiztegi txikia

-Approach: Green-era gerturatzeko kolpea.
-Birdie: Par-aren azpitik kolpe bat emanda pilota zuloan sartzea.
-Bogey: Par-aren gainetik kolpe bat ematea.
Golf zelaian dagoen hondarrez beteriko zuloa.
-Eagle: Par-aren azpitik bi kolpe emanda pilota zuloan sartzea.
-Green: Zuloa dagoen zonaldea. Belarra motzagoa du, eta bertan pilotari azken kolpea eman behar zaio.
-Par: Pilota zuloan sartzeko edo golf zelai bateko ibilbidea osatzeko beharrezkoa den kolpe kopurua.
-Putt: Green-aren barruan pilota zuloan sartzeko ematen den kolpea.
-Swing: Pilota makilarekin jotzeko jokalariak egiten duen mugimendu sekuentzia.
-Tee: Zulo baten irteera puntua.

Euskal Herriko golf zelaiak

ARABA:
-Zuia. E-posta:
zuiagolf@zuiagolf.e.telefonica.net
-Larrabea.www.larrabea.com
-Izki. www.izkigolf.com

BIZKAIA:
-Neguri. E-posta:rsgn@rsgolfneguri.com
-Laukariz.www.cclaukariz.com
-Artxanda. www.clubdegolfartxanda.com
-Meaztegi.www.meaztegigolf.com

GIPUZKOA:
-Hondarribia.
www.golfsansebastian.com
-Zarautz. www.golfzarautz.com
-Basozabal. www.golfbasozabal.com

NAFARROA:
-Gorraizko Gaztelua.
www.golfgorraiz.com
-Zuasti. www.zuasti.com
-Ulzama. www.golfulzama.com

IPARRALDEA:
-Ilbarritz. www.golfbiarritz.com
-Biarritz Le Phare. www.golfbiarritz.com
-Makia. www.makiagolfclub.com
-Xiberta. E-posta:
golf.chiberta@wanadoo.fr
-Epherra. E-posta: golfepherra@wanadoo.fr

Golfaren historia

Golfa Eskoziako kostaldean jaio zen XV. mendearen hasieran. James II.a erregeak ez zuen kirola oso gustuko eta golfa debekatzen saiatu zen, baina kirol honek jende artean lortu zuen arrakasta ikusita atzera egin behar izan zuen. Gauzak horrela, Jakobo IV.ak kirol ofiziala izendatu zuen XVI. mendean. Bere ilobak, Maria I.ak, Frantzian egin zituen ikasketak, eta herrialde horretan barrena zabaldu zuen golfarekiko grina.

Ingalaterran ere sekulako zabalkundea izan zuen golfak. XVII. mendean Londoneko aristokraten artean modan jarri zen, eta agintariek zenbait neurri hartu behar izan zituzten. Izan ere, aristokratek Londonen erdialdean jokatzen zuten eta leihoak eta ateak hausteaz gain, zenbait pertsona ere zauritu zituzten. Geroztik, golf zelaietan bakarrik joka daiteke.

XVIII. mendean golfeko lehen elkarteak sortu ziren, besteak beste, Honourable Company of Edinburgh Golfers (1744) eta St. Andrews Society of Golfers (1754). Elkarteen ondoren, txapelketak hasi ziren. British Openaren aurrekaria, Primer Major txapelketa, 1860an jokatu zen lehen aldiz eta Willie Parkek irabazi zuen. Amerikako Estatu Batuetan ere zabalkunde handia izan zuen golfak, horren lekuko, AEBetako Golf Elkartearen sorrera (1894an) eta Emakumezko US Openarena (1895ean).

Gaur egun hain ezaguna den Augustako Opena, berriz, 1.933. urtean sortu zen. Gogoratu Jose Maria Olazabal hondarribitarrak birritan irabazi duela torneo hau. Baina historiako golf kolpe ezagunena astronauta batek eman zuen. 1971. urtean Alan Shepard astronautak golf makila bat hartu eta pilota bat astindu zuen ilargian. Milioika pertsonek ikusi zuten telebistaz. Gaur egun, Alan Shepardek erabili zuen makila AEBetako Golf museoan dago ikusgai.



Azkenak
2025-02-27 | Gedar
Presoak gerrara bidaltzen jarraitzen du Ukrainako Gobernuak

Jarritako kondenak barkatzearen truke, armadara batu da preso andana. Azken urtean, errekrutatze-legeak gogortu ditu gobernuak.


Arma nuklearren industria finantzatzen jarraitzen dute banku espainiarrek

Arma nuklearren produkzioarekin, mantentze lanekin eta modernizazioarekin loturak dituzten hainbat enpresa aztertu dituzte, eta horien artean agertzen dira BBVA, Santander bankua eta SEPI. 


Bioaniztasunarentzako finantzamenduak kudeatzeko egitura bat espero dute Hego hemisferioko estatuek

Iazko urriko bileran lortu ez zuten akordioa erdiestea espero dute COP16ko parte-hartzaileek, eta ostegun honetan dute gailurraren azken eguna. 2030. urtea bitartean, bioaniztasunaren alde 200.000 milioi dolar bideratzeko engaiamendua hartu zuten 2022ko COP15 gailurrean, eta... [+]


Hezkuntzan katalanaren biziraupena kolokan jar dezakeen galdetegia abian jarri da Valentzian

570.000 familiek euren haurren ikasgeletako hizkuntza nagusia zein izango den bozkatzeko aukera dute martxoaren 4ra arte: gaztelera edo katalana. Garikoitz Knörr filologoaren eta euskara irakaslearen arabera, kontsultak "ezbaian" jartzen du katalanaren... [+]


Bergarako Txapa irrati libreak 40 urte bete ditu

Martxoaren 29an ospatuko dute irratiaren 40. urteurrena, musika, literatura eta tailerrak bilduko dituen Txapa Egunarekin.


2025-02-26 | Euskal Irratiak
“Gazteon herria” sortzeko bost proposamen plazaratu ditu Xuti Gaztek

"Ipar Euskal Herria gaztez odolusten ari da". Sail berriak sortu goi-mailako ikasketetan, etxebizitza sozialak egin gazteentzat edo aisialdia euskaraz bermatu… Hamabost proposamen konkretu egin ditu Xuti Gazte ezker abertzaleko gazte antolakundeak.


Plentziako Uribe Kosta BHIko ikasle-talde batek mezu “iraingarriak, matxistak eta homofoboak” zabaldu dituela salatu dute

Uribe Kosta BHI institutuko hainbat ikaslek salatu duenez, mezu "iraingarriak, matxistak eta homofoboak" jaso dituzte Batxilergoko beste ikaskide batzuengandik. Horrez gain, gaineratu dute mezuak irakasle bati ere bidali dizkiotela eta beste ikasle batzuen... [+]


Urruñako emakumeak, matxino eta biktima

Urruña, 1750eko martxoaren 1a. Herriko hainbat emakumek kaleak hartu zituzten Frantziako Gobernuak ezarritako tabakoaren gaineko zergaren aurka protesta egiteko. Gobernuak matxinada itzaltzeko armada bidaltzea erabaki zuen, zehazki, Arloneko destakamentu bat. Militarrek... [+]


Irakasleen mezua familiei: “Grebaren arrazoiak ez dira ekonomikoak bakarrik”

Aiaraldeko hainbat irakaslek mezua igorri diete ikasleen guraso eta familiei, dagoen informazio zurrunbiloan, grebarako arrazoiak modu pertsonalean azaltzeak euren borroka eta lanuztea hobeto ulertzeko balioko dielakoan.


Fernando Valladares:
“Oparotasuna zer den birdefinituta, ulertuko dugu zer dugun irabazteko”

Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]


Historia militarraren kontra, eta alde

Ezpatak, labanak, kaskoak, fusilak, pistolak, kanoiak, munizioak, lehergailuak, uniformeak, armadurak, ezkutuak, babesak, zaldunak, hegazkinak eta tankeak. Han eta hemen, bada jende klase bat historia militarrarekin liluratuta dagoena. Gehien-gehienak, historia-zaleak izaten... [+]


2025-02-26 | Elixabet Etchandy
Martxoaren 8ko, emazte langileak lehen lerrora!

Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]


2025-02-26 | El Salto-Hordago
Lanaren Ekonomia
Itunpeko eskolen gainkontzertazioaren aurka eta hezkuntza publikoaren aldeko borroka

Euskal hezkuntza sistemaren itunpeko eskolen gainkontzertazioa eta zentro pribatuen umeak hartzeko gaitasuna beherakada demografikoari eta biztanleriaren klase osaketari egokitu behar dira.


Bilboko kultur zerbitzuen pribatizazioaz hausnarketa partekatua sustatu nahi dute liburuzainek

Bilboko Udalak zerbitzu publikoak pribatizatzen jarraitzen duela salatu du Bilboko Liburuzainen kolektiboak, besteak beste, kulturari loturiko zerbitzuak. Horren harira, mahai-ingurua antolatu dute martxoaren 3an Bidebarrieta liburutegian, Kulturaren pribatizazioa izenburupean.


Iruñeko Geltokiko EKOmerkatuak bost urte beteko ditu larunbatean

Martxoaren 1ean ospatuko du NNPEK-k urteurrena argazki erakusketa eta txalaparta ikuskizun batekin.


Eguneraketa berriak daude