Italia, Alemania, Frantzia, Portugal. Adidas, Nike, Puma. Futbol Mundialak baditu bere borrokak estadioetatik kanpokoak. Portugal-Angola batek sor dezakeen morbotik apartekoa. Hondar urteetan Nikeena eta Adidasena soilki baldin bazen eremu komertziala, oraingoan Puma sartu da gatazkan. Historian Adidas izan da nagusi. 1970etik lehiaketaren babesle ofiziala da. Arbitroek bere markako jantziak daramatzate. Baloia ere berea du. Iaz berritu zuen kontratua FIFArekin 2014 arte. UEFArekin ere sinatua du 2008an Austrian eta Suitzan jokatuko den Eurokopako babesa. Txapeldunen Ligako baloiak ere berak hornituko ditu 2009 arte. Eta harrigarria bada ere, katukia ikurtzat duen Pumak, merkatuaren %9 besterik ez denak, mundial honetako hogeita hamabiko multzotik hamabi talde lortu ditu bere markarentzat. Italiak ziurtatu dio finala. Rudolf Dasslerek sortu marka hurbiltzen ari zaio Adolf anaiak sortutakoari, Puma Adidasi. Herzogenaurach hirian bi anaien arteko ezinikusien ondorioak jango zituen dagoeneko globalizazioak eta egun bien enpresek planeta dute eremu, eta uhinek hedabide finala kari. Normalizazioa alegia. Konkurrentzia. Mundua hirurentzat. Finala, bi anaien ondorengoentzat. Futbol eskola lokalak xede.