Pirinioen zaiapean dantzatzen den herri gisa deskribatu gintuen Voltairek 1756an. Ospakizun eta dantza… eta sasoi honetan bada zer ospa. Uzta sasoia da garila garagarrila, uztaila. Joan den igandean, erromeria bikaina bizi genuen herriko jaietan. Honelako jai asko urteko uzta garrantzitsuenei lotuak izan ohi dira: uda sarrerako egunik luzeenak, udazkeneko ekinozioa… Loa ia ezinezko egiten duen gaitz izurrite jasa arriskutik urrunduta urte osorako jaki nagusiak etxeko ohearen aldamenean metatuta. Ospatu beharko! Dantzatu beharko! Erromeria amaitzeko larrain-dantza: larrainak usuak ziren garai aberatsak gogoan, izadiaren gorazarretan, bikoteka eta era berean herriaren katean… Geure buruari, txoko honetan zeregin animista bat aitortuz: lurra eta zeruaren arteko lotura. Zuhaitzen pare jartzen gaitu dantzak: hankak arin lurrari ferekaka eta eskuak zut zeruari kilimaka. Izadiari gorazarre. Hala egiten du Bertolek, etxeko astoak, garagarrak eta zaldaleak irabaziz, bizkarrezurra lurrari lotu eta lau hankak zerurantz astinduz, aritzen denean.
Orixek 1950ean argitaratutako Euskaldunak poema luzean ederki jaso zituen larrainak eta larrain dantzak garaiko gizartean zuten garrantzia: «Ogi, gazta, ardo, jan-eta, dantza / larraiñaren baranoan. / -Giza-dantza andik, ala bestera,/ bizi danak ez gogoan-,/ Sagarraren ta Tipularen ta / lan-dantza denen pausoan,/ danbolin-andreek, zaldabaia artuz, / zion betiko leloan:/ «Erdian gari-meta/ labean opilla: / ez dira asarre dantzan/ neska ta mutilla./ Lararai lararai lai, / lararai lararai lai,/ ez dira asarre dantzan /neska ta mutilla»...
Orixeren garaitan dagoeneko segatutako laboreak hurritzezko zigor mehe eta fin bezagarriaz lotutako garbatan, azaoka zain legoke larrainaren erdian. Negu eta udaberri osoko lanen emaitza zaldale edo ogi izateko bidean. Aurretik egindako goldetze areatze ongarritze ereite jorratze zaintze igitatze eta segatzea alferrik lirateke datozen eultzitze oreatze eta garikutxaratzeak osatu gabe. Gero etorriko dira birrintze ehotze irintze eralgitze eta zahi errejiloi zaldale eta irin jaturak. Lastoa aziendaren bazka eta inorkin eta galtzua eskutaka eta txolaka ipurdiz gora su eman eta erromeriatik argi etxeratzeko. Larrainaren baranorik gabe ere ospazaun goldetik galtzuarainokoa, izan ginena eta batik bat izango garena… Ekatzu esku hori!