argia.eus
INPRIMATU
Katea ez da eten
2021eko uztailaren 16a

Ez da futbolzaletu zaharra. Baina hilabete batzuk badira gure sei urteko semeak besterik ez duela buruan, kirola oro har eta futbola bereziki. Geneek zerbait agintzen badute bere gorputz txiki horretan, ez dut uste oso urrutira iritsiko denik baloiari ostikoka, aitak bestelako trebetasun batzuk izango ahal zituen bere garaian, hori behintzat ez. Eta ikuskizunari dagokionez, zer esango dut, partida bat osorik ikusteko ez dudala balio, aspertu egiten naizela segituan, eta, hala ere, Athletic eta Realaren arteko lehian, beti saiatu izan naizela Donostian Athleticekoa eta Bilbon Realekoa izaten. Kontra egiteagatik, besterik gabe.

Kontua da behin gure haurrak egindako galdera xalo horietako bati erantzun niola, ez horren modu xaloan, pilota partida bat ikusten ari ginela: "Aita, zu zer kolorekoaren alde zaude?", "Ni gorria, ume, ni beti gorriaren alde". Umeak holako galderak egiten iaioak izaten dira, eta kirolarekin lotura zuzenik ez duten kontuetan ere, sarri eskatu izan dit "aita, aukeratu kolore bat", eta, buruan bandera zabalik nuela, harro asko aukeratu izan diot "gorria, maite, aitak beti gorria nahiago".

* * *

Baina orain Munduko Kopa etorri da, eta hor ikusi dut gure seme hori begiak telebistari iltzatuta, baita errepikapenetan ere, umeek sentitzen duten behar hori dela eta, beti bi taldeetako baten alde jarri behar eta aldiko bat aukeratuz. Ez dut ukatuko nahigabea sortu zidala egun horietako batean, Ukrainaren edo Tunisiaren kontra izango zen, Espainiako gorritxoen alde ikusi nuenean "esa España, esa España, e!" eginez heriosuhar.

Gure haurtzaro eta gazte denborako Espainiaren kontrako jarrera arrazoibidearen arrastoan sartzen ahaleginak egindakoa naiz, baina badut oraindik, inkontzientearen zokoren batean gordeta, gu euskaldunak garela eta ezin diogula Espainiari animuak eman esaten didan ahots aspaldiko bat, Espainiari animuak ematea "itsusia" delako. Eta arrazoibideak esaten badit ere ume kontuak direla horiek eta gainera poztu egin beharko nukeela gure belaunaldiaren gainean egon den zama hori semearenak ez duelako, bada nire barruan zerbait nahigabera bultzatzen nauena.

* * *

Kontu ilun horiek denak nerabiltzan buruan eta tripetan Frantziaren kontrako partida aita-semeak ikusten hasi ginelarik. Semea kantu eta zirto zebilen sofa gainean pozik, aurreneko gola gorritxoek sartu zutelako, baina aldamenean ilun itunik ikusten ninduen ni, eta "Aita, zuk ez al diozu Espainiari animatzen?", galdetu zidan.

Egina zidan galdera azkenean.

Une hartan, nahiago izango nuen, segurik, "aita, zergatik hil behar dugu?" edo, zer esanik ez, "nondik datoz haurrak?" galdetu izan balit. Aitzakiek ez zuten balio, ordea. Erantzun egin beharra zegoen. "Ez, maite, nik ez diot Espainiari animatzen". "Baina gorriak dira, aita, eta zu beti gorrien alde zaude". Nik neuk eraikitako artean eroria nintzela sentitu nuen. Burutik pasatu zitzaidan erantzutea "gorrien alde bai, baina niri beste gorri klase bat gustatzen zait", baina azkenean askojakinaren itxurak egin eta esan nion:

- Niri beti futbolean ondo egiten dutenen alde aritzea gustatzen zait. Eta, begira, Frantzia gaur hobeto jokatzen ari da.

Segituan sartu zuen Frantziak gola, gainera, eta semea aita futbolaz askojakina zelako harro sumatu nuen pixka batean. Isiltasun une baten ondoren ordea, "Orduan Frantziaren alde zaude?" atera zitzaion. Banekien hori izango zuela galdera eta prestatuta nengoen: "Ez maite, nik aukeran biak galtzea nahiago!". Zer esan ez zekiela begiratu zidan.

Uste dut oraingoan erantsi diodala txikiari gure "gatazka"ren aurreko nahasmena, txundimena eta dudaldia. Katea ez da eten.