argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 19a

Paulo Iztuetak Garari esanak: «Saioa marjinala izateak baditu konnotazio garbiak: bat, euskaldun intelektuala -irakurle potentziala- bere hizkuntzan analfabetoa izan dela ia atzo arte; eta bi, 1970eko hamarkada hasierako saiogintza azkarrari hegoak moztu zitzaizkiola, beharrak irakaskuntzako testuetan omen zeudelako. Laguntzak hortik doaz, argitaletxeen interesak ere bai, eta obra errentagarrien arteko lehian literaturak hartzen du saioaren lekua».

Natalia Monge dantzariak honakoa adierazi zion UKri: «EHUtik deitu gaituzte, badirudielako sortu nahi dutela master bat. Asmo horrek ez dauka zentzu handirik; ez dagoelako gradurik eta graduondoa egin nahi dute! Gradua sortzearena airean dago eta bestea aurrera doa? Teilatutik hasiko gara etxea egiten! Dena dela, inor ez da dantzatik bizi hemen, Espainian agian Duatoren konpainiakoak, guztiok beste edozertan egin behar dugu lan. Jendeak oraindik ez dauka sentsibilitate hori, futbolaren eta zinemaren gizartean bizi gara».

Rafael Moneo arkitektoaren hitzok jaso zituen El Cultural astekariak: «Jendeari baliagarri zaion eta leku jakin batean premiazkoa den eraikuntza horixe egin nahi nuke. Arkitektoak lan egiten duen gizarte horrexekin lotura izan nahi du. Eta alde horretatik, ba al du zentzurik erantzunik topatzen ez duzun leku horretan eraikitzeak?».