Antxoaren kanpaina erabat penagarria izan da: nekez 720 tona, azken urteotan garai hauetarako batez beste, 4.500 tona zenean. Aztiren ikerlanek egoera hau aurreikusi zuten, debekualdia denbora gehiago mantendu behar baitzen, eta ez hain garaiz itsasoratu. Europak abendura arteko debekualdi berri bat erabaki dezake orain, berandu dagoeneko, zientzialariek gutxienez urtebete gehiagoko debekualdiaren alde egiten duten bitartean. Hala ere, larriena da, gure kaletako antxoaren egoera hau beste espezie batzuen estutasun egoeraren ispilu besterik ez dela, gure arrantza sektorea bizirauteko ezinbestekoak; hala nola, oilarra, legatza, zapoa, hegalaburra eta abar. Bisigua aspaldi da galdu zela. Ez da kasualitatez izan euskal arrantza-ontzien % 70a galdu izana azken hogei urteotan. Euskal Herriaren sektore ekonomiko hau administrazio espainola, frantsesa eta europarraren artean zatituta dago. Hala, Hegoaldeko arrantza-ontziak eskasiagatik kaian lotuta egotea pentsatzen duen bitartean, Iparraldekoak antxoa harrapatzera irten berri dira! Gure arrantzaren geroaren erabakiak gure interesen alde ez daudenek hartzen dituzte. Gure arrantzaren geroa eta gure herriaren elikagai-subiranotasuna bermatu nahi badugu, behar-beharrezkoa da berezko arrantza politika nazionala. Politika horren zati garrantzitsua izan behar luke arrantza jasangarria eta arduratsua mantentzea. Dagoeneko gehiegi ustiatu dugu gure itsasoa!