argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2021eko uztailaren 19a

Panden kopurua gora doa

Txinako Wanglang erreserban panda erraldoien kopuruaren inguruan egindako ikerketak adierazten duenez, uste baino panda gehiago omen daude.

Neurketa panda erraldoien kaketan oinarritu da eta ateratako datua ustezkoa baino ia bikoitza da.

Pandak oso beldurtiak direnez, ongi ezkutatzen dira eta oso zaila izaten da daudenen kopurua ezagutzea. Txinan azken urteotan hiru aldiz saiatu dira panden populazioaren tamaina neurtzen eta azken datuen arabera hamarkada honetan animalien kopurua hazi egin da. Wanlang-eko eremu babestuan, 1968an lehen kontaketa egin zenean 196 panda erraldoi zenbatu ziren; 1985ean 19 baino ez eta 1997an 27.
Egin berri den ikerketaren arabera, une honetan 67 eta 72 artekoa da panda erraldoien kopurua eta zenbaki hau Txina osora extrapolatzen bada, guztira 2.500 eta 3.000 animalia izan daitezke, uste zena baino ia bikoitza.
Horrela segituz gero, hamarkada batean panda erraldoien kopurua gutxienez bikoiztu daitekeenez, panden desagertze arriskua gero eta urriagoa izango da.


Diru-sariak ikerlariei

Hainbat estatuk euren ikerlariak bikaintasunera bultzatze arren, aldizkari ospetsuenetan, hots, Nature, Science, Cell eta abar, artikuluak argitara emateagatik diru-sariak eskaintzen ditu.

Estrategia hau bultzatu duen azken estatua Hego Korea izan da, baina aurretik beste estatu batzuek bidea egina dute eta Pakistan eta Txina dira horren adibide. Hego Koreako Zientzia eta Industriako Ministeritzak 3 milioi won (2.500 euro) eskaintzen dizkie beren ikerlariei arestian aipatu argitalpenak lortzeko. Pakistanen hirukoiztu egiten dira diru-sariak eta Txinan 25.000 eurokoak izan daitezke.

Hau dela eta, Nature aldizkariak bere kezkak azaldu ditu, ikerlarien artean gero eta gehiago zabaltzen ari baita norbait izateko zerbait argitara eman behar dela, bestela ez direla ezer ere izango ikerketaren alorrean. Presio honen eraginpean arrisku handia omen dago emaitzak fabrikatzeko, edo beste batzuk kopiatzeko, alegia arrisku handia dago gezur zientifikoa fabrikatzeko.

Berriki kaleratu dira Hego Koreako Hwang irakaslearen eta Txinako Chen Jin informatikariaren kasuak, batek emaitzak fabrikatzen eta besteak prozesatzaile bat kopiatzen zituela.

Arazo hau ez da aipatu estatutan soilik gertatzen, Euskal Herrian bertan administrazio publikoetatik ikerketa-zentruetara ailegatzen diren diru-laguntzen zenbatekoan gero eta gehiago begiratzen ari dira «argitalpenen kopurua».